euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bihar da Chascomuseko EEaren Biltzarra, azken aukera eskola tresnak emateko kanpainarekin bat egiteko

2010/03/19

Chascomuseko Euskal Etxearen egoitza Chascomuseko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxea, Buenos Airesko probintzia argentinarrean, arrakastaz ari da garatzen eskolarako lanabesak biltzeko elkartasun kanpaina, bat eginez herriko zenbait lagun eta erakundek hasitako ekimenarekin. Martxoaren bi lehenengo larunbatetan, 6an eta 13an, egindako biltzealdiak emankorrak izan ziren eta hileko hirugarren larunbata --bihar alegia, Euskal Etxeak bere urteroko Biltzar Nagusia egingo duen eguna-- finkatu da ekimenean parte hartu nahi dutenek hala egin ahal izan dezaten. Zingirako Euskaldunak Euskal Etxetik parte hartu dutenei eta parte hartu behar dutenei biziki eskertzen zaie euren partaidetza eta elkartasuna, norberaren hondar alea garrantzitsua baita pixkanaka eta guztion bat egitearekin eraikitzen diren honelako proiektuen kasuan.

Gehiago irakurri...


Batasun eta partaidetza dei-egile azaldu da Ricardo Basterra: "Guztia egingo dugu euskaltasunaren alde"

2010/03/18

Ricardo Basterra, Santa Rosako Euskadi Plazan. Bertako Zelaiko Euskal Etxeko lehendakaria da FEVAko lehendakarigaia (argazkia EuskalKultura.com) Datorren larunbatean egingo diren FEVAko buruzagitzarako hauteskundeetan lehian gelditu den zerrenda bakarreko burua da Ricardo Basterra. Munduan euskal etxerik gehien biltzen duen federazioak Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxera bilduko ditu bere bazkideak, datozen bi urteetan erakundea gobernatuko duten karguak berritzeko. Hauteskunde lehia izango zela zirudien, baina 'Renovación Vasca' izenpean aurkeztekotan zen zerrendak, Alejo Martin buru, ez aurkeztea erabaki zuen azken momentuan. EuskalKultura.com-ek galdera batzuk luzatu dizkio, gauza ezohikorik gertatu ezean datorren larunbatetik aurrera FEVAko lehendakaria izango den Ricardo Basterrari, egun FEVAko diruzain eta Santa Rosako Euskal Etxeko lehendakaria den hautagaiari.

Gehiago irakurri...


Euskal-italiar asteburu kulturala Erroman, Pidgin aldizkaria, Gatza taldea eta musika igigarria tarteko

2010/03/18

Erromako Associazione Culturale (ACE) Euskara-ren logoa. Erromako euskal kultur talde edo euskal etxea da ACE "Gatza euskal artista talde hetereogeneoa Erroman izanen da udaberria inauguratzen! Pidgin aldizkari-fanzinearen azken zenbakia ere hemen eginen dute", dioskute Erromako Associazione Culturale Euskara-ko (ACE) lagunek, eurak Dipartimento Lingua e Cultura Basca dell'Universitá Popolare di Roma (UPTER) bulegoarekin batera heldu den astebururako hiriburu italiarrean prestatu duten kultur ekitaldia iragarriz. Pidgin aldizkaria aurkeztu eta arte abangoardiako Gatza euskal kolektiboak bere lagun idazle, musikari, poeta, argazkilari eta filosofoen presentzia erromaratuarekin prestatu duten ikuskizuna da larunbat eta igandez Erromak kutur arlo dinamiko eta alternatiboan eskaintzen duen proposamenetako bat, ikuspuntu askotatik interesgarrienetakoa seguruenik.

Gehiago irakurri...


Txileko euskal Diasporatik kanpaina hasi dute Constitucion edo Nueva Bilbao de Gardoqui-ko kaltetuen alde

2010/03/17

Constitucion herriko irudia eta bertako bi kale, euskal izendunak, hemen askorekin gertatu legez, lurrikararen aurretik (argazkia EuskalKultura.com) Txiletik abiatu da ekimena, bertako euskal Diasporatik bultzatua, herrialdea astindu duen lurrikara handiak kaltetutakoei laguntzeko, eta laguntza hori, Euskal Herriaren kasuan, euskaldunekin eta euskal historiarekin lotura zuzena duen Constitucion herriarengana bideratzeko eskatuz, kaltetuenetakoa izan den eta hildakoetako asko jasan dituen herri hau, XVIII. mende amaieran euskal ekimen bati esker eraikia izan bazen, egun, beste euskal ekimen batek lagun dezakeelakoan. Euskal diasporako kide aktiboa den Claudio Echeverria de la Barra abokatu euskal-txiletarrak egin du deia, Facebook-en orria zabalduz, eta euskal indarrak Constitucion-eko biztanleen alde biltzeko galdeginez

Gehiago irakurri...


Saltako 'Gure Etxea' Euskal Etxea jadanik hasi da 2010eko egitarauaren proiektuak gauzatzen

2010/03/17

Saltako 'Gure Etxea' Euskal Etxeko kideak (argazkia EE) Gaztea da oso Saltako Euskal Etxea. Izan ere, joan den urteko abenduaren 3an, San Frantzisko Xabierren egunarekin eta Euskararen Egunarekin batera, urtebete bete zuen. Baina erakundeko kideek urrats handiak eman dituzte epe honetan Argentinako iparraldean euskal kultura hedatze aldera. Helburu horri jarraituz eta aldi berean Saltako komunitateari laguntzeko asmoz, anitz ekintza ari dira egiten Gure Etxea-koak. Beste batzuen artean ahalmen bereziko haurrak biltzen dituen Tobar Garcia Eskolari emango dioten babesa aipa daiteke. 'Oarin arteko balantzea ona baino hobea da', adierazi dio instituzioko lehendakaria den Jorge Saracho Bianchik EuskalKultura.com-i. 'Poz handia hartu dugu bakarrik ez gaudela ikustean. Saltako Udaletxe, FEVA, eta Euskal Herriko erakunde batzuen laguntza eta beste euskal etxe batzuena ere jasotzen dugu'.

Gehiago irakurri...


'Euskal artzainak Estatu Batuetan: garai baten amaiera' hitzaldia emango du bihar Elkon Kent McDoo-k

2010/03/17

Nevadako Elkon, estatuarteko 80 zenbakidun autobideari begira ipinitako iragarkia, bertako euskal jaiak aurkezten bisitariari (argazkia EuskalKultura.com) XIX. amaieratik eta XX. mendearen azken herena hasi arte, Elko eta Nevadako Humboldt konderrian (Nevada) ardi industrairi buruz hitz egitea euskal artzainez mintzatzea zen, bertara iristen ziren euskal immigranteak artzain izateko etortzen baitziren Pirineoetako bi aldeetako euren herrisketatik, amets amerikarraren bila. Duela 40 bat urte, 1970etan, Elko inguruko artzainetarik %90 euskal jatorrikoak ziren. Sei urte geroago, kopuru hori bortizki jaitsia zen %14ra. Immigraziorik gabe, euskal komunitateak odol berria eta Euskal Herriarekiko lotura modu bat galtzen zuen. Eta euskaldunak, artzaintzarekiko esteka historiko eta afektiboa gorde arren, ez ziren gehiago artzainak AEB Mendebaldean. Honetaz guztiaz mintzatuko da bihar Elkon Kent McDoo.

Gehiago irakurri...


Oporretatik bueltan Argentinako euskara ikasleak euskal etxeetako ikasgeletara itzultzen ari dira

2010/03/16

Mendozako Denak Bat Euskal Etxeak euskara klaseak sustatzeko egin duen afixa Martxoan hasten da Hego Hemisferioan ikasturtea. Oporraldia bukatuta, eta lanera eta eskolara bueltarekin batera, euskal etxeek pixkanaka urteko aktibitateei berriro ekiten diete. Kasu batzuetan martxoan bertan irekitzen dizkiete ateak ikasleei, beste batzuetan eta ikasleriaren ordu-aukerari begira, apirilean. Irakasleei dagokienez, 'Argentinan Euskaraz'-en ikasle ohiak eta egun abian dagoen 'Euskara Munduan' programaren ikasleak dira. Klase hasierarekin urteetan zehar ikasitako guztia irakasteko aukera izango dute berriz ere Argentinako euskara irakasleek. Hizkuntza klaseez gain, euskal kulturaren arloko beste hainbat ekintzekin ere hasiko dira martxotik aurrera euskal etxeak.

Gehiago irakurri...


Mar del Platako Euskal Etxeak gaur hasiko du euskara ikasturtea; Buenos Airesko Laurak Batek apirilaren 6an

2010/03/16

Euskara eskola Mar del Platako 'Denak Bat' Euskal Etxean, artxiboko irudi batean (argazkia EuskalKultura.com) Egunotan ari dira hasten Hego Ameriketako hainbat euskal etxe euren 2010 ikasturtea. Halaxe adierazi zaigu, esaterako, Mar del Platako 'Denak Bat' Euskal Etxetik eta Burnos Airesko 'Laurak Bat'etik. Mar del Platan, bertako EEko Artaburu Euskaltzale Taldetik azaldu dute lehenengo eskolak gaur arratsaldez hasiko direla Erdiko A Mailari dagokionez, eta hortik aurrera egingo dutela gainerako maila guztiek. Buenos Airesko 'Laurak Bat'etik ere hasi dira iragartzen euren ikasturte hasiera, kasu honetan eskolak apirilaren 6ra arte hasiko ez badira ere. Izena emateko aukerak, beraz, zabalik ditu euskara ikasi edo maila hobetu nahi duenak.

Gehiago irakurri...


Londresko Euskal Etxeak agiria plazaratu du Garikoitz Ibarluzea bazkidearen atxiloketa dela eta

2010/03/16

Londres erdigunean ari omen zen lanean aspaldidanik Garikoitz Ibarluzea Londresko Basque Society-Euskal Elkarteak agiria plazaratu zuen atzo astelehena, poliziak bertako bazkide den Garikoitz Ibarluzearen atxiloketa dela-eta. Agiriak argitzen du igandean Londresen Garikoitz Ibarluzea atxiloketaren berri izan zutela, "indarkeria politikoko karguak leporatuta". "Argitu nahi dugu lehenik eta behin Garikoitz Euskal Elkartearen laguna eta bazkidea dela, baita London erdialdeko janari-denda bateko enplegatu urte luzez jardun duela ere, eta hori guztia aski ezaguna eta publikoa da pixka bat ezagutzen dugun edonorentzat", adierazten du Euskal Elkarteko Koordinazio Batzordeak sinatzen duen idazkiak.

Gehiago irakurri...


Datorren ostegunean abiatuko da 2010.eko Literaldia, euskal literatura Katalunian ezagutarazteko ekimena

2010/03/15

VI. Literaldia iragartzen duen egitarauko azala Datorren ostegunean abiatuko da Bartzelonan Literaldia, euskal literatura Katalunian ezagutarazteko ekimena. Bartzelonako Euskal Etxeak eta UAB (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa), UB (Bartzelonako Unibertsitatea) eta HEOko (Hizkuntza Eskola Ofiziala) euskara sailek euskal literatura Katalunian ezagutzera emateko antolatzen duten VI. Literaldia iritsi da. Hilabete batez errezitaldiak, irakurketak, musika emanaldiak, lehiaketak eta abarrak publiko katalana euskal literaturzaletzen ahaleginduko dira. Aurtengoan gainera Ipar Euskal Herriko Euskal Kultur Erakundeak sorturiko “Batekmila, euskal munduak” erakusketarekin biribilduko da jaialdia. Literaldia’10, martxoaren 18an hasi eta apirilaren 23an amaituko da, Sant Jordi egunarekin. Hortxe gonbidapena zabalik!

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia