euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jose C. Pazeko Toki Eder Euskal Etxeak eta Rosarioko Zazpirak Batek ere Aberri Eguna ospatu zuten

2010/04/22

Aberri Eguneko ospakizuna, Jose C. Paz-eko Toki Eder Euskal Etxean Ezaguna da oso Buenos Aires probintziako Toki Eder Euskal Etxeak bere komunitatean egiten duen gizarte-laguntza. Hori da, diote eurak, euren euskaltasuna islatzeko duten erarik onena. Horrekin batera Euskal Herriko data kuttunenak ere ohoratzen dituzte. Hala egin zuten joan den apirilaren 11an, bazkari herrikoi bat prestatuz Aberri Eguna ospatzeko. Jende askok erantzun zion gonbiteari, eta etxeko areto nagusia bete zen. Gauza bera gertatu zen Rosarioko Zazpirak Bat-en. Aberri Eguneko ospakizuna urteko lehenengo jaia izan da erakunde honentzat eta oso balantze ona egiten dute antolatzaileek. Euskal dantzak nagusitu ziren eta hunkitu zituzten bertaratutakoak, tartean Entre Rios-eko Victoriatik etorritako Haritz Euskal Etxeko kideak, Rosariora bertaratu zirenak data hau lagun artean ospatzeko.

Gehiago irakurri...


Zuzendari Batzordea berritu du Bahia Blancako Union Vasca Euskal Etxeak: Mikel Irazustak darrai lehendakari

2010/04/22

Mikel Irazusta bigarren aldiz hautatu dute, eta lehendakaritza berritu du beraz Bahia Blancako Union Vasca Euskal Etxean (argazkia EuskalKultura.com) Elkarteko araudiak dioenari jarraiki eta joan den apirilaren 16an Ohiko Biltzar Nagusia egin ondoren, Zuzendaritza Batzordea berritu du Argentinako Buenos Aires probintzian Bahia Blanca kostalde herriko 'Union Vasca Sociedad de Socorros Mutuos' Euskal Etxeak, Mikel Irazusta bigarren aldiz hautatu dutelarik lehendakari izateko. Harekin batera arituko dira Zuzendaritza Batzordean Miren Lore Markiegi, lehendakariorde; María Amelia Irastorza, idazkari; María Inés Oyagüe, idazkariorde; Juan Manuel Lopetegui, diruzain; eta Alicia Iriarte, diruzainorde, besteak beste.

Gehiago irakurri...


Euskal Etxeentzako 2010eko laguntza deialdia onetsia; Maiatzaren 4ean argitaratuko da Agerkari Ofizialean

2010/04/21

Sydneyko Euskal Etxearen (Australia) egoitzako kanpoko adierazgarria (argazkia EuskalKultura.com) Eusko Jaurlaritzak 2010ean Euskal Etxeei eta Euskal Etxeen Federazio eta Konfederazioei emango zaizkien diru-laguntzak onetsi zituen atzoko bere Gobernu Bileran. Deialdiak agertu beharra dauka orain Euskal Herriko Agintaritza Agerkarian ofiziala izateko eta eskabideak aurkezteko zabalduko den 30 eguneko epea has dadin. Jaurlaritzatik adierazi denez, Maiatzaren 4ean emango da argitara EHAAn. Komeni da, beraz, euskal etxeak erne egon daitezen aipatu datekin. Diasporarekiko duen engaiamenduari jarraiki, EuskalKultura.com-ek, argitaratu orduko emango du honen guztiaren berri. Bestetik, Jaurlaritzak Alemaniako Goethe Unibertsitatearekin sinatu beharreko Hitzarmenari argi berdea eman zion atzo, Frankfurt-eko goi ikastetxe horretan Euskara eta Euskal Kultura ikastaroak ematen segi dezaten.

Gehiago irakurri...


Graciela Iriondo: 'Zilbor-heste batek, Atlantikoaren azpitik doazen sustraiek lotzen naute Euskal Herriarekin'

2010/04/21

Graciela Iriondo Nafarroako Etxalar herria bisitatzen Graciela Iriondo Echaide Buenos Airesen jaio zen, giro eta ohitura euskaldunak ongi finkatuak zeuden etxe batean. Gurasoek, María Josefa Echaide Iriberri eta Remigio Iriondo, asmatu zuten Euskal Herriarekiko maitasuna trasmititzen jakiten; horregatik eta Graciela Necocheara ezkondu zenean, berehala hasi zen bertako Euzko Etxean parte hartzen. Bertako 'Emakume Azpibatzorde'ko kide, Iriondok kultur ekitaldi frango antolatzen lagundu zuen: kontzertuak, hitzaldiak eta orohar euskal komunitatearen bizitasuna islatzen zuten ekimenak. Egindako lanak fruituak ekarri zituen. Azpibatzordeko lehendakariak kargua utzi nahi izan zuenean Gracielari eskatu zion bere ordea har zezan. Iriondok onartu eta ideia berriak ekartzeari ekin zion, tartean Necochean San Sebastian eguna ospatzea. Duela 30 urte Iriondok egindako proposamena Euzko Etxea-ko jairik kuttunetako bat da gaur. Graciela Irionok berak, bere berri, eta egungo festa ospetsu hau nola sortu zuen azaldu dio EuskalKultura.com-i.

Gehiago irakurri...


'Txori' euskal pintxo taberna eta jatetxeak ateak itxi zituen atzo Seattle hirian, Washingtonen, AEBetan

2010/04/20

Duela pare bat aste Txori agurtzeko egin ziren bi despedida afarietako bat. Atzo egun osoan egon zen zabalik, azken agurra emanez bezero eta lagunei, lagun eta bezeroei (argazkia Txori) Ateak itxi zituen atzo Estatu Batuetan, Washington estatuko Seattle hiri kosmopolitan, arrakastatsu ari zenean, 'Txori' euskal pintxo taberna eta jatetxeak. 'Txori, San Sebastian style pintxos' ziren-lekuaren izen-abizenak, duela bi urte t'erdi bat Joseba Jimenez de Jimenez chef donostiarrak eta bere emazte Caroline Messier-ek zabaldua. 2007 hondarrean hau sortu, baina bikoteak 1998tik gobernatzen zuen Seattle-n 'Harvest Vine', euren lantegi nagusia izan den euskal jatetxea. Baina, senar-emazte zirenak dibortziatu egin dira orain, bakoitzak bere bidea hartuz, profesionalki ere helburu desberdinak baitzauzkaten. Horri dagokionez, inguruko euskal sukaldaritza zaleak ez dira sobera izutu, 'Harvest Vine'k segituko baitu, Carolineren eskutik, eta oso gutxi barru 'Pintxo' izeneko leku berri bat zabalduko baita. Joseba Jimenezek, ordea, ez dio leku bateko lehenengo lerroari segituko, eta aholkularitza eta euskal gastronomia moldeko ikastaro eta aurkezpenak emateari eutsiko dio.

Gehiago irakurri...


Zuzendaritza berritu du Rosarioko Emakume Abertzale Batzak; Maria Cristina Mercado, lehendakari

2010/04/20

Emakume Abertzale Batzako kideak orduan Emakundeko zuzendaria zen Izaskun Moyuak bisita egin zienean, elkarteak 70 urte bete zituela-eta Rosarioko Emakume Abertzale Batza elkarteak, Santa Fe probintzia argentinarrean, Zuzendaritza berritu duela adierazi du ohar baten bidez. Agintealdi hasi berrian elkartea gobernatuko duen Zuzendaritza Batzordeko buru Maria Cristina Mercado izan da hautatua, eta berarekin batera arituko dira, besteak beste, Cintia Lassalle, lehendakariorde; Monica Gonzalez, idazkari; Angela Gandini, idazkariorde; Maria Cristina Arregui, diruzain; eta Maria Carmen Martin Erguia, diruzainorde.

Gehiago irakurri...


Vicente Emparan protagonistetako bat, gaur duela 200 urte Venezuelak Independentzia aldarrikatu zuenean

2010/04/19

Juan Lovera (1776-1841) pintore venezuelarraren koadro baten zatia. Erdian dagoena Vicente Emparan da. Gaurko egunez, duela 200 urte, Venezuelak bere Independentzia aldarrikatu zuen. Apirilaren 19a Venezuelako Independentziaren festa gailur gisa ospatzen da geroztik, Independentziarako prozesu osoko eragile eta ekile nagusien artean euskal izen asko topa daitezkeelarik, izan ere Venezuela osatzeko eman diren gertakari abertzale guztietan gertatzen den bezala. Baina Apirilaren 19 honetan, bi mende biribil, 200 urte, betetzen dira Venezuela Espainiako Erregearengandik askatu zenez geroztik, hasiz 1821eko Uztailaren 24an Caraboboko batailarekin amaituko zen prozesua, eta beraz itxiz Caracasko hirian hasi zen prozesu independentista. Honi guztiari buruz eta nazio venezuelarrari eta euskaldunei buruz egin duen gogoeta banatzen du gurekin Caracastik Pedro Javier Arriagak.

Gehiago irakurri...


Arrecifesko 'Euskaldunak Denak Bat' Euskal Etxeak Zuzendaritza berritu du; Maria Magdalena Boveda, lehendakari

2010/04/19

Arrecifesko Euskal Etxeak 2010eko apirilaren 10ean egin du aurtengo Ohiko Biltzar Nagusia. Argazkiam Marta Abarrategui idazkari berrautatua idazki bat irakurtzen. Erakundearen araudiak dioenari segituz, Buenos Aires probintzia argentinarreko Arrecifesko 'Euskaldunak Denak Bat' Euskal Etxeak bere Zuzendaritza Batzordeko kideak berritzeko pausoak eman ditu, 2010. urteko ekitaldirako agintariak hautatuz. Euskal Etxeak berak plazaratu duen idazki batean azaltzen duenez, Maria Magdalena Boveda Aldazabal da lehendakari berriz, eta berarekin batera ari dira Batzordean María Inés Paz Navarreta, lehendakariorde; Marta Ester Abarrategui Loyola, idazkari; María Angélica Lugaro Gabilondo, idazkariorde; Omar Rodolfo Gorostudy del Pozo, diruzain; eta María Laura Angel de Echaniz, diruzainorde, besteak beste.

Gehiago irakurri...


Gernikako bonbardaketa oroituko da aurten euskaldunen standean, Buenos Airesko Liburu Azokan

2010/04/16

FEVA eta Juan de Garay-ren standa Buenos Airesko Liburu Azokan (argazkia EuskalKultura.com) '200 urtetako istorioak liburuekin ospatu' da aurtengo Buenos Airesko Nazioarteko Liburu Azokaren leloa. Izenburu honek 1810ean Argentinan gertatutako iraultza eta honek sortarazi zituen historia eta istorioei egiten die erreferentzia. Azken hiru urteotan legez, FEVAk eta Juan de Garay Fundazioak elkarrekin ipiniko dute standa, eta bertan ere historia oroituko da, Euskal Herrikoa baina. Bi erakundeen azokarako egitarauan leku berezia izango du Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren omenaldiak eta, beraz, apirilaren 25 eta 26an dantza eta musika erskutsiko dira standean bertan. Horretaz gain, “Garay, primer urbanista y Don Juan y Don Pedro” eta “Humor Vasco” liburuak aurkeztuko dira eta euskarari zein euskal kulturari buruzko hainbat material ikusgai eta salgai egongo da. Azokak aurtengoan apirilaren 22tik maiatzaren 10era bitartean irekiko dizkie ateak bisitariei. Euskal standaren zenbakia 2418/20, azokako aretoaren pabilioi horian.

Gehiago irakurri...


'Euskara Errioxan' izenburuaz hitzaldi sorta hasiko astelehenean Logroñon, Laminiturri elkarteak antolatua

2010/04/16

Jardunaldia iragartzen duen afixa. Laminiturri du izena Logroñon, bertako biztanleek euskara eta euskal kultura eta, zehatzago, eskualde honek aberatsa duen iragan euskalduna hobekiago ezagutu eta hurbilago senti dezaten lan egiten duen kultur elkarteak. Izan ere, helburu horretan urrats berri bat emanez, euskal etxetzat onartua dagoen Laminiturrik hitzaldi sorta antolatu du datorren asterako, astelehenean bertan hasita, 'Euskara Errioxan' izenburupean, zenbait aditu lagun.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia