euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

III Euskal Zine Erakustaldia Rio Cuarton, EEaren eta Unibertsitateko Komunikazio Sailaren eskutik

2010/04/28

Rio Cuartoko III. Euskal Zinema Erakustaldiko afixa Hirugarren ediziora iritsiko da ostegun honetan Rio Cuarton Euskal Zine Erakustaldia, bertako Gure Ametza (sic) Euskal Etxeak eta Rio Cuartoko Unibertsitate Nazionaleko Komunikazio Zientzietako Departamentuak elkarrekin antolatzen duten ekimena. Aurtengoan zortzi dira erakutsiko diren laburmetraiak, 2009ko Kimuak-eko uztakoak eta, programa honetan ohi bezala, dagoeneko mundu osoko hamaika zinemalditan sari ugari lortutakoak. Emanaldia bihar osteguna izango da, Rio Cuartoko Teatrino de la Trapalandan, iluntzeko bederatzietan.

Gehiago irakurri...


Gernika gogoan, ohorezko aurreskua, liburu aurkezpen eta hitzaldiak Buenos Airesko Azokako euskal stand-ean

2010/04/28

FEVAko lehendakari Ricardo Basterrak Gernikako Bonbardaketari buruz hitz egin zuen (argazkia EuskalKultura.com) 'Bonbardaketaren 73. urteurrenean, bihotza oraindik ere Gernikan' leloarekin gogoratu zuen FEVAk euskal egutegian marka gorria duen data hau Juan de Garay Fundazioarekin partekatzen duen Buenos Airesko Liburu Azokako stand-ean. Gernikarekiko oroitzapena igandean gauzatu zen, urteurrenaren bezperan, dantza eta musika erakustaldi batekin. Azoka maiatzaren 10era arte luzatuko da eta epe honetan euskal gaiei buruzko liburu zerrendatxo bat aurkeztuko da, tartean Juan de Garay Fundazioak argitaratutako “Juan de Garay, el Primer Urbanista del Río de la Plata”, “Don Pedro y Don Juan: Mendoza y Garay", “Humor Vasco”eta “2009 eta 2010ko Udako Euskal Unibertsitateko idazlanak”. Euskal standean kontsulta eta eros daitezkeen liburuak daude: besteak beste, Ekin Euskal Argitaletxekoak. Formakuntza arloan, Jose Franzisko Zinkunegi irakasleak mintzaldi bat eskainiko du heldu den astean Hizkuntza-Irakaskuntzaren XIII. Zikloan.

Gehiago irakurri...


Mikel Ezkerroren hitzaldi batek abiatu ditu Buenos Airesko Iparraldeko EEaren 115. urteurreneko ekitaldiak

2010/04/27

Mikel Ezkerro Iparraldeko Euskal Etxearen 115. urteurreneko hitzaldia ematen apirilaren 21ean Buenos Airesko Moreno kaleko euskal egoitzan. Euskal-argentinar historian aditua den Mikel Ezkerroren hitzaldi batek abiatu zituen joan den asteazkenean Buenos Airesen, hiriburu argentinarreko Iparraldeko Euskal Etxearen 115. urteurreneko ekitaldiei. Ezkerro XIX. mende hondarreko Iparraldeko giroa aipatzetik hasi zen, bertatik Argentinara immigratzeko arrazoiak eta zergatiak aipatzeko, eta beraz 1895ean ofizialki Centro Vasco Frances izena hartu zuen erakundearen sorrera ekarriko zuten zioetako batzuk gogoratzeko. Aipatu zuen ibilbidea elkartearen egungo Kultura Azpibatzordearen lana zinez laudatuz bukatu zuen, azken urteotan euskal kultura biziberritzen eta erakundeari kultur bizitasuna ekartzen eta bizkortzen egiten ari den ahalegin etengabea aitortuz eta eskertuz. Datozen egunetan baieztatuko da 115. urteurrena ospatzeko gainerako ekimenen data, tartean ohiko senidetasun afariarena.

Gehiago irakurri...


Munduan zehar euskal etxeek zenbait ekimenez gogoratuko dute gaur Gernikako sarraskiaren 73. urteurrena

2010/04/26

Mar del Plata hiri argentinarrean 73. urteurren hau gogoratzeko egingo diren ekitaldien egitaraua. Apirilaren 26a da gaur. Gaurko egun batez, duela 73 urte, Alemaniako gerla hegazkinek Gernikako hiria bonbardatu eta suntsitu zuten, Franco generalaren eta bere aliatuen mespretxua erakutsiz defensa gabeko hiri eta populazio baten kontra, eta gogor erasotu nahian Euskal Herriaren eta euskaldunen sinboloa den Gernikako hiri eta populuari. Data, urtero gogoratzen dute munduan zehar barreiatutako hainbat euskal etxek, izan ere euren egutegian gorriz markatutako data berezia baita. Artikulu honetan karia honetara egin diren deialdi eta ekimenetako pare bat soilik ez dugu aipatuko.

Gehiago irakurri...


Bogota-ko Euskal Etxeko azken asteotako berri: Jose Maria Gorroño Gernikako alkatearen bisita (I)

2010/04/26

Gernikako alkatea, Jose Maria Gorroño, lepoan daraman domina jaso eta gero. Bogotako Euskal Etxeak azken asteotan garatu dituen ekimenei buruzko albiste sorta bat hasiko dugu gaurko artikulu honekin. Gaurkoa bezalako data batean, Apirilaren 26an, Gernika bonbardatu zuten 73. urteurren egunean, izan ere Gernikako alkate Jose Maria Gorroñok joan den martxoaren 26an Kolonbiara egin zuen bidaia ekarriko dugu hona. Gorroñok, besteak beste, bertako Gernika Parkea bisitatu zuen, Tesauquilloko tokiko alkateak dekorazio bat ipini zion, eta plaka bat ezarri zuen Quinta de Bolivar deitua den lekuan hazten ari den Gernikako Arbolaren kimuaren ondoan.

Gehiago irakurri...


Miriam Isasi eta Unai Requejo artista gazte euskaldunek 'Behi ilea' erakusketa zabaldu zuten atzo Pekinen

2010/04/26

Pekingo erakusketako afixa Miriam Isasi (Gasteiz, 1981) eta Unai Requejo (Santzurtzi, 1982), 'Goazen Txinara' izeneko ekimeneko bigarren edizioko partaide diren bi euskal artista gazteek erakusketa zabaldu zuten atzo Pekinen. Zabaldu eta itxi, egun bakarreko erakusketa eta elkarretaratzea izan baitzen Judas Arrieta komikilari eta artista hondarribitarrak Pekinen sortu zuen eta kudeatzen duen aipatu ekimeneko egoitzan gauzatu zena. EHUko Arte Ederretako Fakultateak eta Eusko Jaurlaritzak urtero ematen duten bekako aurtengo bi irabazleak dira Isasi eta Requejo, helburu zehatza duen beka: euskal artista gazteak bi hilabetez Pekinen bizitzen jarri eta hango eta hemengo kultura eta moldeak elkarrekin harremanetan ipintzea, hortik gauza interesgarriak atera daitezkeelakoan.

Gehiago irakurri...


Ohiko Batzar Orokorra egin du San Juango Eusko Etxeak, Esteban Marticorena lehendakari berrautatuz

2010/04/23

Ezker-eskuin, Esteban Marticorena, San Juango Eusko Etxeko lehendakaria; Cristina Hornilla irakaslea, batzordekidea; eta Cristina Ripoll de Cuadra, idazkaria (argazkiak Carina G. Oyola Alvarez) Elkarteko Araudiak dioenari jarraiki, San Juango Eusko Etxeak, Argentinako izen bereko Andeen magaleko probintzian, bere Ohiko Batzar Nagusia egin zuen joan den asteburuan, iazko Txostena eta Balantzea onartuz eta Zuzendari Batzordea berritzeko hauteskundeak eginez, azken hauetan berrautatu zelarik lehendakari Esteban Marticorena. Honekin batera arituko dira Paulo Landa, lehendakariorde; Cristina Ripoll, idazkari; eta Teresita Dubon, diruzain, beste zenbait bazordekide hautatuen artean.

Gehiago irakurri...


Carmeloko Ibai Ondoko Etxeak, Uruguain, euskal dantza ikuskizun batez ospatu zuen bere 15. urteurrena

2010/04/23

Carmeloko Uama Antzokian, Ekin Dantzari Taldeak eta Ibai Ondoko Etxeko dantzariek elkarrekin dantzatu zuten 15 urte bete ditu aurten Ibai Ondoko Etxea Euskal Etxeak eta data berezi hau ospatzeko Buenos Airesko Euskaltzaleak eta Eusko Kultur Etxea erakundeen kultur ordezkari den Ekin Dantza Taldea gonbidatu zuen bere jaian parte hartzeko. Joan den asteburuan, ostiralez, apirilaren 17an, urteurrenaren bezperan, Uama Antzokian aurkeztu ziren dantzariak, Carmeloko dantzariekin batera. Aitor Alavaren gidaritzapean bi taldeak ibilkbide bat egin zuten euren koreografiekin Euskal Herriko dantzetatik. Dantzaldian, euskal etxe anfitrioiko kideek bideo instituzionala proiektatu eta erakundeko bi lehendakari ohiri, Julio Ariztia eta Mirta Isocori, omenaldia egin zieten. 200 bat lagun bertaratu ziren antzokira urtebetetzearen karietara antolatutako ez ohiko ikuskizunaz gozatzeko.

Gehiago irakurri...


Rio Cuartoko Gure Ametzak Aberri Eguna ospatu zuen Imanol Bilbao Ohorezko Lehendakari izendatuz

2010/04/23

Imanol Bilbao, Gure Ametzako Ohorezko Lehendakaria (argazkia EE) Aberri Eguneko ospakizunen testuinguruan, Rio Cuartoko Gure Ametza-ko (sic) kideek omenaldia egin zioten etxeko sortzaileetako eta erakundeko lehenengo lehendakaria zen Imanol Bilbaori. Ekintza hau azkena izan zen aktibitate handiko hilabete batean Cordoba probintziako euskal etxe honetan. Izan ere martxoan zehar eta Gazteria Arloak antolatuta, politikari buruzko zine zikloa gauzatu zen Gure Ametza-ko egoitzan. Euskal baserrien eta musika tresnen argazki-erakusketa ibiltaria ere egon zen ikusgai euskal etxean, eta 150 lagun hurbildu ziren bai dokumentalak bai argazkiak ikustera.

Gehiago irakurri...


FEVAk bazkide aktibo gisa onartu ditu Misiones probintziako Euskal Jatorri eta Eusko Etxea euskal etxeak

2010/04/22

Joan den larunbatean, apirilaren 17an, FEVAko Zuzendaritza Batzordeak egin zuen bileran hartutako akordioen artean, Misiones probintziako bi euskal etxeak, Posadasko 'Euskal Jatorri' eta 'Eusko Etxea', bazkide galdegile edo 'postulante' izatetik 'bazkide oso' izatera pasatzea aipa daiteke, Federazioaren barne araudiak horretarako markatzen dituen epeak eta baldintzak beteta. Ondorioz, beraz, bi elkarteok FEVAko eskubide osoko kide bilakatzen dira, esan nahi baita mintzatzeko eskubideari, bozkatzekoa emendatzen diote. Erabaki hau FEVAko lehendakari Ricardo Basterrak eta diruzain Hugo Andiazabalek bi euskal etxeotara egindako bidairen ondotik gertatu da, Corpusen zein Posadasen bertako buruzagi eta kideekin bildu zirelarik, euren egoitzak eta planak in situ ezaguturik.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia