2010/05/18

Joan den apirilaren 30ean, ostirala, eta bere Araudiak ezarritakoari segituz, elkarteko Urteroko Ohiko Biltzar Nagusia egin zuen Buenos Aires probintzia argentinarreko Suipacha herrian bertako Gure Txokoa erakundeak. Bilerako gaietako bat Zuzendaritza Batzordea berritzea zenez, zegokion hauteskundea egin ondoren karguak berritu ziren, lehendakari lanetarako konfidantza Manuel Bernardo Echaveri eman zitzaiolarik. Berarekin batera arituko dira Ruben Atilio Bascaran, lehendakariorde; Ethel Echave, idazkari; eta Alberto Verges, diruzain, besteak beste.
Gehiago irakurri...
2010/05/18

Ikasturteari amaiera emateko bertso jaialdiak egiten ari dira ikastetxetan.
Bertsozale Elkarteak bertsolaritza
lantzeko ikasturte osoko proiektua
eskaintzen du. Euskara
ikasgaiaren barruan, astero lantzen
dute bertsolaritza, irakasle espezialista
batek gidaturik. Ikasle liburuaz gain,
ikus-entzunezko materialak baliatzen
dituzte gelan. Proiektuan 300 ikastetxek eta
15.556 ikaslek hartu dute parte
bukatzear den 2009-2010 ikasturte honetan.
Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan hedatutako proiektua da (Nafarroari
dagokionez, Hezkuntza Sailaren hitzarmenak babesturik), Bertsozale elkartetik beretik ohar baten bidez jakinarazi zaigunez.
Gehiago irakurri...
2010/05/17

Sendoa da oso Argentina eta Euskal Herriaren arteko harremana. Ameriketako konkistaren garaian hasi ziren euskaldunak etortzen eta xehetasunak gora-behera momentuen arabera, migrazio prozesuak ezaugarri bera izan du beti: heldu berrien integrazioa gizarte hartzailearekiko. Kontzeptu hauxe azpimarratu zuen Eduardo Torry soziologoak larunbatean Buenos Airesko Euskaltzaleak-en "Euskal identitatea Argentinan, lehenengo mendeurrenetik bigarrenera" izenpean eman zuen hitzaldian. Argiago akaso geratuko zen gero Egoitz Zelaiak eta Gorka Berasategik Pello Mari Otañoren bertsoak gitarraz abestu zituztenean. Bertsolari euskal-argentinar ahaztezin honen heriotzaren mendeurrenean, Otañok Argentinan idatzitako bertsoak kantatu zituzten, erdal bertsioaz. Buenos Airesko euskaltegiko irakasle, ikasle eta lagunak hunkitu ziren Argentinari zein Euskal Herriari egindako omenaldiarekin. Ikus bideoa.
Gehiago irakurri...
2010/05/17

Joan den apirilean onartu zuen ofizialki Eusko Jaurlaritzak Kolonbiako bigarren euskal etxea. Urteetan Bogotako Euskal Etxea eta hiriburuko euskal mugimendua herrialde osoko antolatutako bakarrak izan ostean, Antioquia departamenduan eta bertako hiriburu den Medellinen euskaldun talde batek taldea euskal etxe bihurtzea erabaki zuen. Horretarako lehen mailako konplize izan dute Libe de Zulategi, izan ere euskal etxeari izena ematen dion musikari eta profesional nafarraren alaba. Margolari den Libek Medellin erdigunean, historiaz eta artez betetako bere galeria eta lekua ekarri dio Euskal Etxeari. Elkarteko lehendakariorde gisa, kultur trukeak eta lankidetza nahi ditu bultzatu Euskal Herriaren eta Antioquia eta Kolonbiaren artean.
Gehiago irakurri...
2010/05/17

Josemari Velez de Mendizabal aurretiko erretiro erregimenera pasa denez geroz erakundeko zuzendari/kudeatzaile kargua betetzeko prozesua abian ipini zuen Eusko Ikaskuntzak eta datorren ostegunean, maiatzaren 20ean, bukatuko da hain zuzen hautagaitzak aurkezteko epea. Hautagaiek goi mailako unibertsitate titulua izan beharko dute, eskarmentua antzeko karguetan bereziki kultura munduan, antolaketa gaitasuna eta euskara zein gaztelania menperatu, frantsesa oso kontutan hartuko delarik, ingelesarekin batera. Hautatzeko prozesu publikoa enpresa espezializatu baten laguntzaz ari da burutzen, Eusko Ikaskuntzako Batzorde Eragilearen Ordezko Batzorde baten zuzendaritzapean.
Gehiago irakurri...
2010/05/17

Pehuajóko 'Etxe Alai' Euskal Etxeak, Buenos Airesko probintzia argentinarrean, bere barne araudiak markatzen duen araberako Ohiko Biltzarra egin eta elkarteko Zuzendaritza Batzordea berritu du apirilaren 24ean eginiko bilkuran, Maria Isabel Suarez Segurola hautatuz lehendakari. Berarekin batera arituko dira Pello Mari Otaño bizi izan zen herriko euskal etxea gobernatzen Norberto Aguirre, lehendakariorde; María Elida Oroz, idazkari; eta Maria Elena Azurabarrena, diruzain.
Gehiago irakurri...
2010/05/14

Eusko Jaurlaritzako aste honetako gobernu bilerak onespen ofiziala eman dio Santiagoko 'Colectividad Vasca de Chile' (Txileko Euskal Gizataldea) izeneko euskal etxe berriari. Elkarte onetsi berriak Santiagoko Estadio Español delako erakundean dauka egoitza. Imanol Carredano Odiaga da euskal etxeko presidentea eta delako Estadioaren baitan Espainiako autonomien maparen arabera zegoen hutsunea betetzera dator, espainiar erakundeak autonomi erkidegoen mailako hainbat elkarte biltzen baititu bere baitan, tartean Nafarroako Etxea. Kirol eta aisialdi instalazio itzelak dituen instituzioa da Las Condes-Santiagon Estadio Española. Euskal etxe berria garaiz dabil aurtengo euskal etxeentzako deialdian sartzeko, jakina denez ekainaren 4ean baitauka eskabideak aurkezteko azken epea.
Gehiago irakurri...
2010/05/14

Ipar Euskal Herriko ikastolen alde urtero Senperen (Lapurdi) bertako laku edo aintziraren inguruan antolatzen den Herri Urrats jaiak bere jarraitzaileak ditu Atlantiko Ozeanoaren alde honetan. Argentinan, Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxean hain zuzen, anitz lagun bildu ziren maiatzaren 8an euskarazko irakaskuntzaren aldeko festa hau ospatzeko. Azken urteotan egin den legez, euskal erakundeko Kultur Azpibatzordeko kideek antolaturik, pintxoz, musikaz eta dantzaz gozatu ahal izan du euskaltzale argentinar talde mardul batek.
Gehiago irakurri...
2010/05/14

Argentinako Patagonian, Chubut probintzian, buruzagitza berritu du --araudiak markatzen duenari jarraiki-- bertako hiri populatuena den Comodoro Rivadaviako Euskal Etxeak. Berez 'Elkar Sorosteko Euskal Echea Euskal Elkartea' (Asociación Vasca Euskal Echea de Socorros Mutuos) izena duen erakundeak konfidantza berritu dio urte luzetan bertako euskal komunitateko buruzagi den Antonio Baztan-i. Bera buzu zeukan hautagaitzak egin du aurrera, aurkako botorik gabe. Lankide izango ditu Zuzendaritza Batzordean, besteak beste: Matías Oyuela, lehendakariorde; Eloy Galarza, idazkari; José Gutiérrez, idazkariorde; Daniel San Sebastián, diruzain; eta Gloria Iparraguirre, diruzainorde.
Gehiago irakurri...
2010/05/13

Cordoba Probintziako Gobernuak, Argentinan, Cuarto ibaiaren ondoan kokatzen den eremu eder ikusgarri bat emango dio Rio Cuarto herriko Gure Ametza (sic) Euskal Etxeari, bertan 'Euskal Herria Plaza' eraik dezan eta naturarekin, euskal kulturarekin eta animazio eta orohar kultur ekintzekin zerikusia daukaten ekimenen gune bilaka dezan. 50 urterako den emaitza eta tratua "naturari lotutako ikuspuntu hezitzailea dauka oinarrian, helburua euskal kulturgune eta euskal kultura zabaltzeko gune bat" sortzea baita, Euskal Etxeak kudeatu eta animatua. Proiektua aurkeztu eta abiarazi duen EEko kide Eduardo Aguirrek adierazi duenez, lekuak euskararen oihartzun eta euskal kirol tradizionalen gauzaleku nahi du izan, besteak beste.
Gehiago irakurri...