2008/04/10

Aurtengo edizioan 29 izango dira urtero Eusko Jaurlaritzak munduko euskal etxeetako gazteentzat antolatzen duen Gaztemundu programan parte hartuko duten hautetsiak, Argentina (15), Txile (3), Kolonbia (3), Estatu Batuak (6), Peru (1) eta Uruguaitik (1). Uztailaren 1etik 15era arte garatuko den ekitaldi honetako partaideen zerrenda agerkari ofizialak emango du argitara datozen egunotan. Hona zerrenda.
Gehiago irakurri...
2008/04/10

Duela bi urte argitaratu zuen Ixiar Rozas euskaldunak 'Negutegia' liburua eta, orain, Roberta Gozziren itzultze-lanari esker, italierazko bertsioa plazaratu dute. Rozas Erroman izango da gaur eta bihar lana hiri honetan aurkezteko. Idazlea oso pozik agertu da itzulpenarekin eta prozesu osoan Gozzirekin lankidetza estua izan duela azaldu du. Bestelde, idazle lasartearrak datorren astean Beiruteko artistei buruz euskaraz, katalanez, gaztelaniaz eta ingelesez idatzitako katalogo-liburu bat kaleratuko du, beste zenbait profesionalekin batera.
Gehiago irakurri...
2008/04/10

Iban Zaldua idazle eta poeta donostiarra eta Jabier Muguruza kantari irundarra Kordoban izango dira bihar Cosmopoética 2008 jaialdian parte hartzeko. Jaialdi hau Europako poesia topaketa garrantzitsuenetako bat da eta apiril osoan zehar poesia hiri andaluziarreko kaleetara eramaten du. Aurtengo dozenaka proposamen orijinal eta erakargarrien artean, Zalduak eta Muguruzak 'Unos cuantos cuentos' irakurraldi musikala eskainiko dute.
Gehiago irakurri...
2008/04/10

Nola idazten da behatoki ala beatoki? Agitz ala hagitz? Urrun ala hurrun? Hauek eta beste adibide ugari ipini dituzte Euskaljakintza blogean Ordiziako Jakintza ikastolako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleek eta Maite Goñi euskara irakasleak. Interesa dutenek gaia lantzeko eta orokorrean euskararen azken nondik-norakoak jakiteko hainbat artikulu eta baliabide topatuko dituzte. Era berean, euskarazko baliabideak (hiztegiak, EGA ariketak eta azterketak), hautaprobak, hizkuntzarekin lotutako jokoak, azken argitalpenei hainbat komunikabidetan egindako kritikak, euskal idazleei buruzko informazioa eta ikasleen idazlanak eta kritikak daude eskuragarri.
Gehiago irakurri...
2008/04/09

Boise State University-ko Euskal Ikasketa Programak bere eskaintza indartu nahi du euskal kulturan aditua den irakasle bat kontratatuz. Eskaintzen den postuaren iraupena urtebetekoa da --epe horren ostean berritu daiteke-- eta betebeharrak Euskal Ikasketa ikastaro edo minor-eko klase batzuk ematea eta Basque Studies Program delakoaren arlo desberdinetako ekimen eta jarduerak bultzatzea izango dira. Hautagaitzak aurkezteko epea datorren asteko ostiralean, apirilaren 18an, itxiko da.
Gehiago irakurri...
2008/04/09

Iragan urtean eskuratu zuten Juan Zelaia bekari esker Eneko Sanz eta Alberto Irigoyen ikertzaileak Uruguaiko euskal musikariei buruzko ikerketa ari dira egiten. Prozesu honetan hasieran uste baino informazio askoz gehiago aurkitu dute eta dagoeneko 80 lagunek osatutako euskal uruguaiar musikari zerrenda osatu dute. Euren ikerketa Uruguaiko euskal etxeetan, Euskal Herriko Eresbilen artxiboetan, Sabino Arana Fundazioan eta euskal udaletan garatu dute, informazio bila. Proiektua irail hondarrean bukatzea espero dute, nahiz eta data horrez gaindi aritzeko material adina bildu duten.
Gehiago irakurri...
2008/04/09

Argentinako 'Arturo Campion' Ikasketa Zentroko kideak iragan martxoaren 29an urteroko bileran bildu ziren elkarteko gaiak jorratzeko. Bileran honako gaiei buruz hitz egin zuten, besteak beste: 'Guregandik' aldizkariaren laugarren zenbakia, aurten antolatu behar diren ikastaro eta hitzaldiak, Bosgarren Urteurreneko Lehiaketa, Buenos Aireseko Unibertsitatean (UBA) eta La Platako Unibertsitate Nazionalean (UNLP) antolatu behar diren seminarioak, eta webgunea.
Gehiago irakurri...
2008/04/09

Aurten ere Madrileko Euskal Etxeak ez zuen hitzordua galdu eta Aberri Eguna ospatu zuen, elkarteko kide eta lagunak bilduz euskal Diasporarentzat hain esanguratsua den jaia ospatzeko. Ekitaldia euskal elkartearen egoitzan egin zuten eta bazkide asko bildu zituen lagunarteko bazkaria izan zen. Bazkalostean ez zen musikarik falta izan, Baldo Álvarez, Los Chimberos taldeko kide ohiak, bere akordeoiaren doinuekin girotu baitzuen eguna.
Gehiago irakurri...
2008/04/08

Buenos Aireseko Nazioarteko Liburu Azokaren hogeita hamalaugarren edizioa hilaren 24tik eta maiatzaren 12a bitartean egingo da. Aurreko edizioan bezala, euskal argentinar komunitateak bere lekua izango du bertan, FEVAk eta Juan de Garay Fundazioak antolatu duten standari esker. Euskal jardueren epizentroa izango da standa eta bertan mintzaldiak, liburu aurkezpenak eta musika eta dantza erakustaldiak izango dira ikusgai. Standak Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundien laguntza jaso du.
Gehiago irakurri...
2008/04/08

Hilero egiten duen moduan, Madrilgo Euskal Etxeak datozen asteetan burutuko dituen jardueren berri ematen du. Apirila osoan zehar eskainiko dituen ekintzen artean hauek aipatu daitezke: aurkezpenak, mendi irteerak, futbol partidak, zine kluba, Idiazabalgo gazten eskaintza, Mus txapelketa eta San Prudentzio arabarren santua ospatzeko, Aguraingo Abesbatzaren kontzertua, Arabako lurraldeen inguruko hitzaldia eta bazkaria egingo da Euskal Etxeko egoitzan. Beste alde batetik, antolatzaileek 'Mintzalaguna' ipini dute martxan, Euskaltegiko ikasleen eta euskara ikasten dauden bazkideek era natural eta libre batean euskara erabiltzen laguntzeko ekimena.
Gehiago irakurri...