2008/04/28

Egun hunkigarria izan zen joan den larunbata ehundaka hondarribitar, gudari ohi eta Kandido Sasetaren senitartekoentzat. Horien artean oso bereziki osabaren oroimena omentzera Mexikotik etorri berriak ziren bi hilobentzako. Kandido Saseta 1937an hil zen Asturiaseko frontean, Euzko Gudarostearen buruan borrokatzen ari zela frankotiradore batek tiro egin zionean. Bere gorpuak 71 urte eman zituen toki ezezagun batean lurperatuta, baina herenegun, Gernikako bonbardaketaren 71. urteurrenarekin batera, azkenik etxera ekarri ahal izan zuten.
Gehiago irakurri...
2008/04/28

Rio Negro probintzia argentinarreko General Roca hiria izango da Patagoniako Euskaldunen Lehen Topaketaren egoitza. Gure Etxea Euskal Etxeak antolatzen du ekitaldia, eta maiatzaren 17 eta 18an egingo dute. Patagoniako euskaldunentzako bilgune izateko asmoarekin jaio da eta dagoeneko euskal etxe askok eta FEVAko arduradunek baieztatu dute partaidetza. Topaketaren egitaraua jakitera eman da dagoeneko eta bertaratu nahi dutenentzat voucher-ak eskaintzen dira. Guztiari buruzko informazioa, Euskal Etxeak elkarretaratze honekin batera plazaratu duen webgunean topa daiteke.
Gehiago irakurri...
2008/04/28

Shanghaiko euskal komunitate gazteak ideia eta proposamen orijinalak asmatzen jarraitzen du, elkartearen eguneroko bizitzari gatza eta piperra bota asmoz. Azkenekoa hilabete honetan bertan abian jarri duten argazki lehiaketa da: elkarteko kideei euren argazkiak blogera bidali eta Txinako bizitzaren ikuspegi berria emateko erronka bota diete. Hilabetero argazki onenek saria izango dute eta bide batez, blogaren irakurleek Shanghaiko euskal komunitatearen egunerokotasuna eta Txinako paisaiak ikusteko aukera aparta izango dute.
Gehiago irakurri...
2008/04/28

Argentinako Chacoko 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxeak haur eta helduei doan zuzendutako antzerki Tailerra hasi zuen iragan martxoaren 27an. Miguel Lurbe irakaslearen gidapean, zentroko bazkide eta lagunak antzerki ikerketara bideratutako teknika eta irakasgai ezberdinak praktikatzen ari dira. Ikastaroari bukaera emateko lantegi honen kideek euskal gaia jorratuko duen obra bat antzeztuko dute.
Gehiago irakurri...
2008/04/26

Wynton Marsalis tronpetajolea, gaur egungo jazz musikari garrantzitsuenetako bat, New Yorkeko Lincoln Center-eko Rose Theaterren arituko da gaur gauean Suite for Vitoria lana aurkezten. Gasteizko Udalak eskatuta idatzitako lana da hau eta euskal musika, jazz-a, swing-a eta flamenkoa nahasten ditu. Marsalisek harreman estua du arabar hiriburuarekin, bertako Jazz Jaialdian sarri jo izan duelako. Apirilaren 28an, San Prudentzio egunean (Arabako patroia) Marsalisek lehen aldiz grabatuko du Suite Vitoria lana, 2009an argitaratuko den disko baterako.
Gehiago irakurri...
2008/04/26

Familiaren adar argentinarreko ehunda berrogei bat 'alzatar' bildu ziren joan den igandean Buenos Aires probintziako Ayacucho herrian, itsasoaren alde honetako Alza familiakoen bigarren bilkura orokorrean. Jatorrian Irun herri gipuzkoarretik etorritako hiru anaia eta haien inguruko familia sorburu duen Alza leinu euskal-argentinarreko kideak bazkari 'bikain' batez gozatu zuten eta aukera izan zuten payadore, ipuin kontatzaile eta familiako istorioen berri eman zieten pertsonen kontuak txalotzeko. Ayacuchoko anfitrioiez gain, Maipu, General Guido, Coronel Vidal, Mar del Plata, Rio Colorado, Tandil, Las Armas, La Plata, Azul eta Raucheko famili kideak bildu ziren.
Gehiago irakurri...
2008/04/25

Bernardo Atxagak Palermo hirian ematen duten Mondello saria irabazi du, atzerriko lan onenaren kategorian, 'Soinujolearen semea' (Pamiela, 2003) elaberriarengatik. Liburuaren italierazko edizioak Il libro di mio fratello izenburua du eta Einaudi argitaletxeak plazaratu du. Epaimahaiak aho batez hartu du erabakia. Bestalde, Ipar Ameriketan, Kirmen Uriberen 'Bitartean heldu eskutik' obraren bertsio ingelesa -- Meanwhile take my hand, Elizabeth Macklin itzultzaile-- finalista gelditu da AEBetan 2007ean ingelesera itzulitako olerki-lan onenen sailean, bertako Pen Klub-ak deituriko sarietan.
Gehiago irakurri...
2008/04/25

Hitzaldiek 'Euskal Kultura eta Diaspora', batzuetan, eta bestetan 'Euskaldunak Munduan' izenburua eramango dute eta Argentinako Entre Ríos probintzian zein Uruguaiko beste zenbait tokitan eskainiko dira. Datorren astelehenean (apirilaren 28an), Concepcion del Uruguay-n hasiko da mintzaldi sorta, biharamunean (29an) Concordian segitzeko, ondoren Argentina utzi eta Uruguaira pasatzeko, lehenik Salto-ra (30), jarraian Duraznora (maiatzaren 1ean), Montevideoko Euskalerria Euskal Etxean 2an, eta 3an hiriburu bereko Haize Hegoan, azkenik Juan Lacaze herriko euskal etxekoek antolatutakoarekin bukatzeko.
Gehiago irakurri...
2008/04/25

EuskalKultura.com eta BasqueHeritage.com kolaboratzaile finko baten beharrean daude Uruguain, orain arte bestela eramaten diren zenbait gairen ardura hartu eta euskal Diaspora eta kultura ukitzen dituen ekimen hau aurrera daraman taldera bil dadin. Ez da sobera gauza eskatzen baina bai taxuz lan egitea, Diasporako euskal mundua ezagutzea, modu egokian idaztea gaztelaniaz eta ahal eta txukunen moldatzea, kazetari sen pixkat izatea eta lan egiteko gogoa eta ilusioa.
Gehiago irakurri...
2008/04/25

Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotako herritarrek edota 2006ko urriaz geroztik bertan finkatutako edonork --beraz, EAEn finkatutako Diasporako pertsonak barne-- 'Krea' kultur eta sormen garaikideko zentroak eskaintzen dituen beka deialdianm parte hartu ahal izango dute. Caja Vital Kutxako Gizarte Ekintzak bultzatutako kultur proiektuetarako bekak hainbat arlo artistikotara zuzenduak daude --musika, konposizioa, antzertia, dokumentalak...--eta bigarren urtez jarraian plazaratu dira. Bi modalitate eskaintzen ditu: 'Krea Proiektua' eta 'Krea Gaztea'. Sormen programaren kopuru ekonomiko osoa 90.000 eurokoa da eta eskaera egiteko epea maiatzaren 15etik ekainaren 30era bitartekoa izango da.
Gehiago irakurri...