euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Leonardo Egiazabal uruguaiarra eta Sabrina Otegui argentinarra, Diaspora 2 taldeko lehenengo EGAdunak

2008/07/02

Leonardo Egiazabal eta Sabrina Otegui Maizpide barnetegiko lehio batean (arg. EuskalKultura.com) Urtarrilean heldu ziren Euskal Herrira, HABEk sustatzen duen Euskara Munduan programaren baitan Lazkaoko Maizpiden euren euskara maila ahalik eta gehien hobetzeko asmoarekin. Helburuen artean EGA (Euskararen Gaitasun Agiria) lortzea zegoen, hasieran ametsa besterik ez izan arren. Gaur, sei hilabete pasa ondoren, ametsa bete dute bi euskara ikasle-irakasle hauek eta EGA lortuta etxerako bidean dira bertan ikasitakoa euskal etxeetan zabaltzeko asmoz. “Euskal Herritik kanpo, Diasporan, euskara ikastea nire ustez meritu handiko gauza da", dio Jon Urdangarin Maizpideko irakasleak. "Honelako ikasleak izatea gauza handia da guretzat".

Gehiago irakurri...


AEBetako Urrizaga familia arnegitarrak Nevadara bilduko ditu bere baitango hainbat ahaide uztailaren 17tik 19ra

2008/07/02

Arnegi-Ondarrolako Zeztaua-tik (biribilean) partitu ziren Ameriketara Urrizagatarrak (arg. EuskalKultura.com) Ipar Ameriketako Urrizaga --edo ahaideetako beste batzuk idazten dutenez, Urizaga-- arnegitar jatorriko familiak bilkura antolatu du heldu den uztailaren 17, 18 eta 19an Nevadako Reno aldean (AEB), XX. mende hastapenean herri baxenabartar horretako Ondarrola auzoko Zeztaua etxetik Estatu Batuetara pasatu ziren Pierre Urrizagaren eta bere anaia-arreben ondorengo euskal-amerikarren biltzaile.

Gehiago irakurri...


Kirmen Uribek poesia eta musika errezitaldia eskainiko du bihar Madrilgo CaixaForum aretoan

2008/07/02

Ezkerretik eskuinera, Kirmen Uribe, Rafa Rueda, Mikel Urdangarin eta Bingen Mendizabal Kirmen Uribe idazleak poesia errezitaldia eskainiko du bihar Madrilgo 'CaixaForum' zentroan, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal euskal musikariekin batera. Ondarroarra espainiar hiriburuan aritu zen otsailean, hain zuzen ere, gizarte eta kultur zentro berri horren inaugurazio ekitaldian parte hartzeko. Ekimenean hiru poema irakurri zituen, euskaraz eta gazteleraz, eta txalo zaparrada polita jaso zuen. Lau euskal artistek beste erakustaldi bat egingo dute hilaren 23an Bartzelonan (Katalunia).

Gehiago irakurri...


Bihar abiatuko da Donostiako Miramar jauregian Haur eta Gazte Literaturako IV. Iberiar Biltzarra

2008/07/02

Biltzarraren logoa Bihartik hasi eta larunbata bitartean Haur eta Gazte Literaturako IV. Iberiar Biltzarra egingo dute Donostiako Miramar jauregian. Biltzarrak 'Desberdin Irakurriz: Haur eta Gazte Liburua Kutura Aniztasunean' leloa darama eta bere helburua migrazio prozesuen ondorioz haur eta gazte liburuaren arloan sortzen ari diren beharren inguruan hausnarketa egitea da. Topaketan nazioarteko idazle, irakasle eta adituek hartuko dute parte, horien artean Juan Cruz Igerabide eta Patxi Zubizarreta euskal idazleak.

Gehiago irakurri...


Bide administratiboa eginda, Eusko Jaurlaritzak Misiones probintzia argentinarreko Posadas hiriburuko Euskal Etxea onartu du

2008/07/02

Misiones-eko (Argentina) Posadas hiriburuko Euskal Etxearen logoa Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak Misiones probintzia argentinarreko Posadas hiriburuko 'Asociacion Civil Centro Vasco Misiones' izeneko Euskal Etxea onartu zuen ofizialki atzoko bilkuran. Bertan Posadas-ko 'Euskal Jatorri' Euskal Etxea gisa ezagunagoa den erakunde onartu berriak duela hiru urte pasexe hasi zuen ibilbidea hiriburu misionistan. Bere kideak legeak Kanpoko Gizataldeetako partaideei onesten dizkien eskubide osoz jokatu ahal izango dute gaurko egunetik aurrera.

Gehiago irakurri...


Trikizio taldea Estatu Batuetako euskal etxeetan zehar bira prestatzen ari da urrirako

2008/07/01

Trikizio taldea kontzertu batean Trikizio taldeak marka duen euskal musika tradizional eta rockaren arteko fusioa eramango du aurtengo udazkenean AEBetara, euskal etxeetan egingo duten biraren bidez. Taldeak Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza lortu du horretarako eta urriaren 16tik 27ra egingo du bidaia. Momentuz Elko, Boise eta San Frantziskoko euskal etxeekin hitz egin dute, baina taldekideek gogoa agertu dute euskal elkarte gehiagotan kontzertuak antolatzeko. Taldeak harreman estua du Diasporarekin. Bartzelonako eta Suitzako euskal etxeetan kontzertuak eman ditu eta bere kideak arituak dira dagoeneko Estatu Batuetako zenbait euskal etxetan ere.

Gehiago irakurri...


Chivilcoyko Beti Aurrera EEak panpin erraldoi baten erretzearekin ospatu zuen San Juan Gaua

2008/07/01

Beti Aurrera Euskal Etxeko kideek 'San Juango Euskalduna' panpin erraldoia erre zuten (argazkia Chivilcoyko Euskal Etxea) Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxeak San Juan Gauaren magia ospatu eta neguko Solstizioari harrera (Ipar Hemisferioan udako Solstizioa da) egin zion. Plaza Nagusian hasi eta Guernica Plazan eta euskal elkartean amaitzen zen ibilaldi batekin hasiera eman zitzaion jardunaldiari. Bidean dantzariek euskal dantzak eskaini zituzten eta kamioneta batetik euskal musika zabaldu zuten hiritar guztiei ekitaldian parte hartzeko gonbidapena luzatuz. Euskal Etxeko aretoan zenbait ikuskizun antolatu ondoren, partaideek 'San Juango Euskalduna' --bertako euskal komunitateko lagunek egindako panpin erraldoia-- sutzarretan erre zuten.

Gehiago irakurri...


Euskal eta andaluziar kulturak nahasten dituen 'Ipar-Sur' aperitiboak irabazi zuen Mexikoko EEko lehen 'Pintxo Eguna'

2008/07/01

Trinidad de la Orden eta Mari Carmen Arrechea izan ziren lehen 'Pintxo Eguna' lehiaketako irabazleak (argazkia Mexikoko Euskal Etxea) Mexikoko Euskal Etxeak lehen 'Pintxo Eguna' ospatu zuen iragan larunbatean eta elkarteko kideek antolatutako lehiaketan Trinidad de la Ordenek eta Mari Carmen Arrecheak osatutako bikotea izan zen irabazle. 'Ipar-Sur' izeneko pintxoa aurkeztu zuten, euskal eta andaluziar kulturak nahasten zituen mokautxoa. Bigarren saria Arantxa eta Miguel Larregui anai-arrebek egindako 'Hogazita' pintxoak jaso zuen, eta hirugarren tokia Jorge Robles eta Luis Miguel Zugarramurdiren 'Fusion' pintxoarentzat izan zen.

Gehiago irakurri...


Argentinako 2008 Euskal Aste Nazionaleko Lehiaketen Arauak: Idazkuntza Lehiaketa (I)

2008/07/01

Argentinako 2008ko Euskal Aste Nazionala La Platan izango da, Buenos Aires probintziako hiriburuan alegia. Hona deitu berriak diren eta sariak bertan emango diren lehiaketetako oinarriak. Datak hurreratzen joan ahala, Euskal Asteari buruzko xehetasun gehiago nahi duenak La Platako Euzko Etxea-ren webgunea kontsulta dezake (www.centrovasco.com). Oinarriak bertatik bidali dizkiguten hizkuntzan eta moduan bildu ditugu hona.

Gehiago irakurri...


Bordelek euskal musika eta dantzarekin gozatu zuen Fête de la Musique jaiaren 5. edizioan

2008/06/30

Bildu taldeko kideek ikusleak ere dantzan jarri zituzten Bordeleko euskal komunitateak Fête de la Musique deritzon jaialdiaren bostgarren edizioan parte hartu zuen joan den ekainaren 21ean. Urtero legez jaia Euskal Etxetik gertu dagoen Eskualdunen Plazan egin zen eta euskal dantza eta musika ikuskizunak bildu zituen. Taulagainetik euskal etxeko Bestalariak abesbatza eta dantzari ttipien taldea, Pessaceko Bildu dantza taldea eta Peio Serbielle kantaria igaro ziren.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia