2008/07/08

Mexikoko VascosMexico foroaren itxiera atzo iragarri zuen bere koordinatzaile eta zuzendari den Jaione Arrieta Galarraga euskal-mexikarrak, arrazoi ekonomikoak medio. Iragarpena egin orduko kanpaina bat hasi zen Mexikoko euskal komunitatearen inguruan --Mexikon zein Euskal Herrian-- dirua biltzeko, bertako euskal komunitatearen lokarri eta biltzaile den foroak zabalik eta bere lan eskerga egiten jarrai dezan. VascosMexicok ez du batere laguntza ofizialik jasotzen eta 407 kide biltzen ditu, foroan, eta 1.460 erabiltzaile erregistratu webgunean. Kontu korrontea zabalik dago lagundu nahi duenarentzat.
Gehiago irakurri...
2008/07/07

Hilabete gutxi baino ez ditu, baina Kanbon sortua den Aitamatxi argitaletxeak kalean du jada bere lehen lana: 'Basky Surf Party' elaberria, Patxy Kennedy idazle nevadatar gaztearen lehen lana. Franck Sallaberry lapurtarrak gidatzen du argitaletxea eta urtean zehar argitaratzeko beste hiru lan dituzte prest: Idahoko egile batena, euskal argentinar idazle batena eta Miamin bizi den beste euskaldun batena. 'Euskal literaturan Atxaga bezalako ospe handiko idazleak daude, baina baita ezagutarazi nahi ditugun Diasporako egile gazte asko ere. Garrantzitsuena istorio onak aurkitzea da', azaldu dio Sallaberryk EuskalKultura.com-i. Lehen liburua --frantsesez-- salgai dago jada Iparraldeko liburudendetan eta sarean; eta datozen hilabeetan euskarara eta gaztelerara itzuliko dute.
Gehiago irakurri...
2008/07/07

Mexikoko Euskal Etxeak egun batzuk aurreratu zuen Iruñeko San Fermin jaiaren ospakizuna. Atzo eman zitzaion hasiera Nafarroako hiriburuan txupinazo tradizionalaren bidez, baina euskal-mexikar elkarteak Juan Jose Arrieta nafarrak eta bere laguntzaileek prestatutako bazkari batekin ospatu zuten festa larunbatean. Partaide gehienek arropa zuria eta zapi gorriarekin girotu zuten topaketa, eta besteak beste, zezen puzgarria eta txaranga bati esker, Sanferminak era atsegin eta alaian ospatu ahal izan zituzten.
Gehiago irakurri...
2008/07/07

Donostiako Euskararen Udal Patronatuak taberna, jatetxe zein edozein etxetako menuak eta kartak gaztelaniatik euskaratzeko tresna informatikoa sortu du. Gaur egun interneten dagoen era honetako lehen itzultzailea da hau eta nahiz eta ostalari eta merkatari euskaldunentzat sortua izan, edozeinek erabil dezakeela azaltzen dute sortzaileek. Guztira sistemak 1.057 termino biltzen ditu. Diasporako euskaldunek ere euren afari, bazkari, picnic eta euskal tabernetako menuak euskaratzeko erabiliko dute tresna hau, zalantzarik gabe.
Gehiago irakurri...
2008/07/04

Iruñeko San Fermin jaien hasierarako bi egun besterik falta ez direla, Diasporako euskal komunitate asko ere festaren azken xehetasunak prestatzen dabiltza. Igandean nafar hiriburuan bilduko diren milaka lagunek 'Gora San Fermin!' oihukatuko dute eta astebetez santuaren omenez egiten diren entzierro, kontzertu eta kaleko giro apartaz gozatu ahal izango dute. Euskal Herritik kanpo ere jaiak bizitzeko modua egongo da, internet bidez entzierroak ikusteko aukera baitago eta euskal etxeetako kideek gainera euren San Fermin jai, bazkari eta hainbat kasuetan 'entzierro' propioak ere antolatu dituzte. Ordu gutxi falta dira, badatoz Sanferminak!
Gehiago irakurri...
2008/07/04

Orain arte Venezuelako Euskadiko ordezkaria izan den Rafael Kutz donostiarrak bere gain hartuko du Kolonbia eta Venezuelako ordezkaritza elkartu berria, Koldo Atxutegi Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako aholkulariak EuskalKultura.com-i adierazi dionez. Funtzionamendu arrazoiak direla eta ordezkaritza berriak Bogotan izango du egoitza eta bi herrialdeetako euskal komunitateen eta Euskal Herriaren artean lotura lana egingo du. Era berean amerikar herrialdeetako enpresa eta kultur eta gizarte elkarteak euskal agintari eta gizarte eragileekin harremanetan jarriko ditu. Ordezkaritza 2009 hasierarako martxan egongo da.
Gehiago irakurri...
2008/07/04

Juan Carlos Ibarrola bazkideak eman zuen sorgin euskaldunei eta San Juan suari buruzko hitzaldiarekin hasi zituen Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxea gau magiko honen ospakizunak. Ekintzeekin jarraituz, joan den larunbat gauean, berrogei bat lagun elkartu ziren Sorgin Afarian. Urtero egiten den jai honetan ez zen girorik falta, mozorroak, dantzak, Akerraren irudiak eta denen artean egindako sutzarrari esker. María Elena Etcheverry, Cristina Cordara eta Mercedes Ariztegi jaiaren une nagusien protagonistak izan ziren.
Gehiago irakurri...
2008/07/03

Aurten ere Nevadako Elko herriko Euskal Etxeak kolore gorri, berde eta txuriak jantziko ditu Basque Festival jaialdiaren edizio berri batean murgilduz. Jaialdia bihar hasi eta igande bitartean luzatuko da eta AEBetako Mendebaldeko euskaldun eta bisitari asko ekarriko ditu Elkora. Aurten ez dute egingo herria famatu egin duen entzierroa, baina egitarauak hamaika proposamen interesgarri biltzen ditu. Honatx batzuk.
Gehiago irakurri...
2008/07/03

Argentinako Lapridan egoitza duen Arturo Campion Ikasketa Zentroak 'Guregandik' urtekariaren laugarren zenbakia aurkeztuko du bihar. Cesar Arrondo irakasleak aurkeztuko du ale berria, El Chaco probintziako Resistencia hirian egingo den ekitaldian. Hizlariak ale berriko artikuluei buruzko zehaztasunak emango ditu eta aurkezpena ondoren 'Gernika: La huella humana' dokumentala eskainiko da. Filme honek 1936ko apirilaren 26an Bizkaiko herriak pariatu zuen bonbardaketaren testigantzak jasotzen ditu.
Gehiago irakurri...
2008/07/03

Mundu osoko euskal etxe askok egin duten era berean, Cañuelaseko Denak Bat-eko kide eta lagunek San Juan Gaua festa ospatu zuten iragan larunbatean. Jaiak neguari harrera egiten dio Hego Hemisferioan (udari Ipar Hemisferioan) eta urteroko tradizioa jarraituz sorginez mozorrotutako gazteek desfile bat egin zuten hiriko kaleetan zehar. Gauean, partaideek panpin erraldoi bat erre zuten eta elkarteko dantzariek Euskal Herriko dantzak eta kantak eskaini zituzten sutzarraren inguruan.
Gehiago irakurri...