2008/07/14

Erdi zezen eta erdi goitibera, horrelakoxeak ziren Seattle-go euskaldunek joan den uztailaren 7an hiri estatubatuarreko kaleetara atera zituzten zezenak, San Ferminetako entzierroa egiteko. Carolin eta Joseba Jiménez, Harvest Vine eta Txori Bar euskal jatetxeen jabeak, izan ziren jaiaren antolatzaileak eta lagun asko bildu ziren euren deialdira zuri eta gorriz jantzita besta alai honetan parte hartzeko. Ekimenean Puget Sound Blood Center izeneko zentroarentzako dirua bildu zuten.
Gehiago irakurri...
2008/07/11

Iruñea San Ferminetako azken asteburua bizitzen ari den honetan, heltzen segitzen dute Diasporatik bertako euskaldunek jaiarekin bat egiteko antolatu dituzten ekitaldien oihartzunek. Sanferminak munduko jai ezagunenetakoak dira, hein handi batean entzierroen zirrara eta Hemingway-ren eleberriei esker, baina ezin ahaz daiteke munduan zehar sakabanatutako nafarrek egiten dieten propaganda ederra, urtero sasoi honetan zapi gorria jantzi eta emozioz beteriko jaiak antolatuz. Diasporako elkarteak horren lekuko, Australiatik Txileraino jaiarekin bat egin dutenak. Argentinan dago jaia egiten aitzindarietako bat, Buenos Aireseko Nafar Etxea.
Gehiago irakurri...
2008/07/11

Gernikako urriko azken asteleheneko azoka, Bilbo, Donostia, Lapurdiko kostaldea, eta baita Madril eta Bartzelona hiriak dira Anita Anacabek urrian gidatuko duen bidaian parte hartzen dutenek ezagutu ahal izango dituzten lekuetako batzuk. Bidaia Educational Tours agentzia estatubatuarrarekin batera antolatua da eta ikasle eta helduei eskaintzen zaien kultur esperientzia bikaina da. Bidaia urriaren 21etik 30era izango da , Salt Lake City (Utah) hiritik irtenda, baina nahi duenak bere kabuz egin dezake bidaia, taldearekin Madrilen bat eginez. Zenbat eta partaide gehiago prezioa merkeagoa izango da, baina horretarako izena emateko epea abuztuaren 31an itxiko da.
Gehiago irakurri...
2008/07/10

Akitania probintzian dagoen Berenx izeneko herria izango da datorren abuztuaren 18an Iparralde eta Frantziako genealogistek egingo duten bilkuraren egoitza. Hitzordu honetan, gainera, euskal Diasporako hainbat kide ere izango dira, urtetan internet bidez eginiko ikerketetan aurkitutako familiak eta sorterriak ezagutu nahian. Bilkura informazioa trukatu eta sarean ikerketak egiteko laguntza eskaini dieten ikerlariak ezagutzeko aukera aparta izango da. Genealogian interesa duen orori egiten diote parte hartzeko gonbitea antolatzaileek; izena emateko epea irekita dago.
Gehiago irakurri...
2008/07/10

Euskal Herrian eta Diasporan ere ospe handia duen Juan Mari Arzak sukaldariak jasoko du Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Kutxak ematen duten Euskal Herritar Unibertsalaren saria. Hamasei hautagairen artean donostiarra izan da bozkatuena, besteak beste, bere lanaren bidez Euskal Herriari buruzko irudi positiboa eskaintzen duelako atzerrian. Horrela, donostiarra Ainhoa Arteta soprano tolosarra, Pedro Migel Etxenike zientzilaria eta Bilboko Guggenheim Museoa bezalako saridunen zerrendan sartu da. Dononstiako jatetxea zuzentzeaz gain, Mexikoko Tezka jatetxeetan bere zigilua jarri eta aholkulari gisa dabilen sukaldariak datorren urriaren 7an jasoko du saria Gasteizen.
Gehiago irakurri...
2008/07/10

Mikel Alonso sukaldari irundarrak hamar urte daramatza Mexikoko hiriburuan bizitzen. Hasiera batean sei hilabeteko egonaldia zena hamar urtez luzatu du, lurralde azteka bere etxea bihurtuz. DFn 'Biko' izeneko euskal sukaldaritza garaikideko jatetxea ireki zuen Bruno Oteiza sukaldari donostiarrarekin batera. Lokala bertako Euskal Etxeko egoitzatik gertu dago eta ohiko bezero asko euskal elkarteko lagunak dira. Irekieraren lehen urteurrena ospatu baino lehen, 'Restaurant' aldizkari britainiarraren munduko 100 jatetxerik onenen zerrendan sartu dute, 89. postuan. Noticias de Gipuzkoa egunkariak sukaldari gaztea elkarrizketatu du, jarraian itzuli eta laburtzen dugun artikuluan.
Gehiago irakurri...
2008/07/09

Oregon estatuko Jordan Valley herriak museo berri bat du ekainaren 21az geroztik, Elorriaga familiaren ostatua izan zen etxean. Eraikina eta bertan erakusgai dauden tresna, objetu eta oroigarri gehienak John Elorriagaren dohaintza izan dira. Elorriaga House Museoa izenez ezaguna izango dena ION (Idaho, Oregon, Nevada) Heritage Museum erakundearen parte bihurtu da, bisitariei euskal-amerikar kultura eta bertan etxea egin zutenen bizimodua erakusteko asmoz. Inaugurazio ekitaldian Idaho, Nevada eta Oregon osoko lagun asko bildu ziren, euskal-amerikar komunitateari eginiko opari hau behar den moduan ospatzeko.
Gehiago irakurri...
2008/07/09

'Elaberrietan istorioak bizitzen dituzten historiako emakumeak' titulua daraman ziklo literarioa etzi hasiko da Tres Arroyoseko Hiru Erreka Euskal Etxean. Topaketak lau saio izango ditu eta bertan parte hartzen dutenek latinamerikar historiako garai latzetan garrantzia izan duten bost emakumeri buruz gehiago jakiteko aukera edukiko dute elaberrien bidez: Laura Esquivelen bere lanean jasotako 'Malinche'; Silvia Miguensen 'Manuela Saenz'; 'Camila O´Gorman' Marta Merkinen ikuspegitik eta Julia Alvarezek idatzitako 'Mirabal ahizpak'.
Gehiago irakurri...
2008/07/08

Saladilloko Euskal Etxeak bere lehenengo hamar urteak ospatuko ditu datozen asteotan. Argentinar hiri honetan euskal kultura sustatzen lan eskerga egin du elkarteak eta dagokion moduan ospatzeko asmoa dute bazkideek, bihartik hasita. Lehen ekitaldia euskal taberna bat izango da eta ondoren, uztailaren 23an, Mikel Ezkerro irakasleak 'Los vascos: pasado, presente y futuro' izenburudun mintzaldia eskainiko du. Azkenik, abuztuaren 17an egingo da ekitaldi nagusia, elkarteko kide eta lagunentzako bazkaria, Apeadero klubean.
Gehiago irakurri...
2008/07/08

Bi urteko prozesu luzea izan da, baina azkenean UNESCOk, Nazio Batuen Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Erakundeak, Gizateriaren Ondarea izendapena eman zien atzo Quebec-en Altxerri, Ekain eta Santimamiñe kobazuloei, Kantauri Isurialdean Paleolitoko Artea duten beste 12 haitzuloekin batera. Arantxa Arzamendi, Eusko Jaurlaritzako Ondare zuzendaria, Quebec-eko bilkuran izan da eta bertan aipatu duenez izendapen hau ‘oso onuragaria’ izango da euskal kobazuloentzat, ‘nazioarte mailako kultur eta turismo zirkuitoetan’ sartzeko aukera emango dielako.
Gehiago irakurri...