euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Firefox 3 nabigatzailearen euskarazko bertsioa doan dago sarean; eguneko deskarga kopuruan errekorra lortu dute

2008/07/20

Firefox 3-ren euskarazko bertsioa Mozilla Fundazioak Firefox 3 doaneko nabigatzaile ofiziala merkaturatu zuen iragan ekainaren 17an. Interneteko tresna berriak euskarazko bertsioa ere badakar eta sortzaileek munduko Guinness errekorra lortzeko asmoarekin sareratu zuten, egun bakarreko software deskarga gehien lortu nahi zutelarik. Arduradunen webgunean aipatzen denez, marka berria finkatu dute, 24 ordutan mundu osoan zehar zortzi milioi deskarga baino gehiago lortu ostean. Momentu honetako kopurua 31.715.000 ingurukoa da orora eta Estatu Batuetan deskargatu dira programa gehien. Espainiar estatuan (Hego Euskal Herria barne) 915.000 deskarga egon dira. Frantzian (Iparraldea barne), berriz, 1.100.000 ingurukoa da kopurua.

Gehiago irakurri...


Afari herrikoi batek ipiniko dio azkena Mar del Platako 'Denak Bat' Euskal Etxearen 65. urteurreneko Kultur Asteari

2008/07/19

Mar del Platako 'Denak Bat' Euskal Etxearen 65. urteurreneko afixa Urteurren afari herrikoi batek ipiniko dio gaur azkena Mar del Platan, aste osoan herri argentinar honetako 'Denak Bat' Euskal Etxearen 65. urtebetetzea ospatzeko antolatutako Kultur Asteari. 'Euskal-argentinar anaitasunezko Afari Handia' deitu duten oturuntzak Mar del Platako 'Beti Alai' Dantza Taldearen partaidetza bilduko du eta joan den astelehenean Moreno 3440 kaleko euskal egoitzan Euskal Herriari buruzko dokumental baten proiekzioarekin eta 'Teyu Cuare' trinketean abiatutako '65. Urteurren' pilota norgehiagoketarekin hasitako ospakizunen gailurra markatuko dute.

Gehiago irakurri...


Obanos herri nafarra erabat aldatuko da gaurtik aurrera, astebetez 'Obanosko Misterioa' antzeztearren

2008/07/19

Zaldunak plazan sartzen ari dira Misterioaren irudi ikusgarri honetan. Antzezpenak argiztapen diseinua berritu du aurten. Obanosko herri osoaren ahalegina da 'Obanosko Misterioa'rena. Aurten, Santa Feliziaren martirioa eta San Gilenen penitentzia gaur antzeztuko dute lehen aldikoz Obanosko (Nafarroa) herritarrek eta hilaren 26a arte egunero antzeztuko dute herriko 400 lagunek baino gehiagok. Javier del Cura zuzendari, Xabier Olza iruñarrak eginen du Gilenena eta Noemi Alcala obanostarra izango da Felicia. Gaur gaueko hamarretatik goiti ikusi eta sentitu ahal izango da Obanosen. Irene Arrizurietak sinatzen du artikulua Berrian.

Gehiago irakurri...


Zazpiak Bat Euskal Etxeak Renoko Basque Festival jaialdiaren 41. edizioa egingo du asteburu honetan

2008/07/18

Renoko Zazpiak Bat taldeko dantzari batzuk Renoko euskal komunitateak urteko jai handienetako batez gozatzeko aukera izango du asteburu honetan, herriko Euskal Jaialdia antolatu dutelako Zazpiak Bat Euskal Etxekoek. Jaiaren 41. edizioa da aurtengoa eta ohi bezala hitzordua Wingfield parkean izango da. Bertan egun osoan zehar euskal kultura, dantza eta musika erakustaldiak egingo dituzte eta gosea duenarentzat ez da euskal-amerikar kutixiarik faltako. Jaiari bukaera emateko Boiseko Amuma Says No taldeak kontzertua eskainiko du Santa Fe euskal jatetxean egingo den erromerian.

Gehiago irakurri...


Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeak bertako Maral taldearen itzulia ospatu zuen

2008/07/18

Maral taldea Arrecifeseko Euskal Etxean eskaini zuen kontzertuan Urtebetea zeraman Maral Taldeak agertokietara igo barik, eta zaleak biziki itxaroten zuten berriz taularatzeko kontzertua. Eguna, joan den uztailaren 8a izan zen, Arrecifeseko Euskal Etxean. Taldearen marka den estilo desberdinetako errepertorio zabala entzuteko hainbeste gogoa zuen Arrecifeseko jendeak emankizun batekin ez zela nahikoa izan eta biharamunean --uztailaren 9a, Independentzia argentinarraren eguna-- emankizun berri bat egin zuten Maralekoek. Bi emanaldien artean, berrehun bat ikusle elkartu ziren euskal etxearen tabernara Maralekin batera abestu eta dantza egitera.

Gehiago irakurri...


Carlos Casares-ko Eskola Teknikoak fresatzeko makina bat jaso du Eusko Jaurlaritzak emanik

2008/07/18

Carlos Casaresko Eskola Teknikoko ikasle batek Eusko Jaurlaritzak emandako fresatzeko makina probatu zuen (argazkia Cesar Arrondo) Emate ekitaldia joan den ostiralean izan zen. Komunitate euskal-argentinarra bitartekari, Eusko Jaurlaritzak fresatzeko makina bat --lan-pieza baten azaletik metala kentzeko askotariko ahoak erabiltzen dituen tresna-- eman dio Carlos Casares herri argentinarreko Eskola Teknikoari. Dohaintza ekitaldian bertako arduradunek, zentroko ikasleek zein irakasleek eta Carlos Casares-ko Euskalduna euskal etxeko ordezkariek hartu zuten parte. Cesar Arrondo ikertzaileak egin zituen, ikasleei laguntza handia emango dien lan-tresna garrantzitsu honen ekimena eskertzeko hitzak.

Gehiago irakurri...


Eraikin berri moderno eta aurreratua estreinatzen ari dira gaur Renoko Unibertsitateko Euskal Liburutegia eta Euskal Ikasketen Zentroa

2008/07/18

Gaurtik aurrera Euskal Ikasketen Zentroa eta Euskal Liburutegia baitaratuko dituen eraikina obrak amaitzeke zeudenean (arg. EuskalKultura.com) Iritsi da eguna eta gaur estreinatuko dute Nevada-Reno Unibertsitate (UNR) estatubatuarrean bertako Euskal Liburutegiaren eta Euskal Ikasketa Zentroaren egoitza berria, Unibertsitatearen Renoko kanpusean bertan baina 'Mathewson-IGT Knowledge Center' delako eraikin eraiki berri modernoaren baitan. UNR Unibertsitatean berrogeita bat urtetik gora eginak dituen euskal adarrak 'Getchell Library' delako liburutegi eta eraikinaren barnean izan dute orain artean bere egoitza. Ez dute telefono zenbakirik aldatuko baina egoitza fisikoa eraikitzen amaitu berria den eraikin moderno dotorea izango dute aurrerantzean Nevada-Renoko Euskal Liburutegiak eta Euskal Mintegiak. Publiko orokorrarentzat abuztuaren 11ean zabalduko da eraikina.

Gehiago irakurri...


Hiru urte bete dira gaur Magdalena Moujan Otaño, bertsolariaren biloba, Argentinako bere sorterrian hil zela

2008/07/17

Magdalena Moujan Otaño Hiru urte betetzen dira gaur Argentinan Magdalena Moujan Otaño hil zenetik. Pedro Mari Otaño bertsolari handiaren biloba zen Magdalena Moujan, idazlea, euskaltzalea eta lan arloan Matematikan doktore eta La Platako Unibertsitate Katolikoko irakasle izana. Oihartzuna lortu zuen euskal gaiko bere idazlan bat 'Gu ta gutarrak' (1968) izenekoa izan zen, euskal nortasunaren ingurukoa. Mar del Platako Euskal Etxeko kide eta 'Arturo Campion' Ikastetxeko kide izan zen, besteak beste. Jose Domingo Ormaetxeak lerro batzuk idatzi dizkio lagun izan zuenari, gaur bere heriotzaren hirugarren urteurrenean oroimenean atxikiz.

Gehiago irakurri...


Zuzendaritza berritu du Lapridako 'Lagunen Etxea' Euskal Etxe argentinarrak; Monica Azpiazuk darrai lehendakari

2008/07/17

Elkarteko Araudiak dioenari jarraiki, egin berriak ditu Zuzendaritza Batzordea berritzeko hauteskundeak Lapridako 'Lagunen Etxea' Euskal Etxe argentinarrak, aldaketa handirik gabe, lehendakaritzari dagokionez Monica Azpiazu buru duen taldeak segitzen baitu lanean, Yanina Salaberry lehendakariorde, Alicia Mendioroz idazkari eta Maria Ester Arrondo diruzain, beste zenbait hautetsiren artean.

Gehiago irakurri...


Europako euskal etxeak Bartzelonan bilduko dira datorren irailean, Nazioarteko Mus Txapelketaren bezperan

2008/07/17

Bilera bat Bartzelonako Euskal Etxean Iaz Parisen eginiko bileran adostu ziren helburuei jarraiki, Europako euskal etxeek bigarren bilkura bat egingo dute aurten. Bilkuraren egoitza Bartzelona izango da eta topaketan euskal elkarteen arteko harremanean sakondu eta ekimen amankomunak sustatzen saiatuko dira. Bilera irailaren 5etik 7ra izango da, Bartzelonan egingo den Munduko Mus Txapelketaran bezperan eta ez da giroa faltako, munduko euskal ordezkari asko bilduko baitira bertan. Maddi Oihenart kantariaren kontzertuarekin hasiko da bilkura.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia