euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Euskal Udazkena Bordelen': ostiralean abiatuko da Bordeleko Euskal Etxearen kultur jaialdia

2008/09/17

Bestalariak, euskal etxeko abesbatzak, jaialdian parte hartze nabarmena izango du (argazkia BordeleEE) Udazkenean euskal musikaren soinuak izango dira entzungai Bordelen, hango Euskaldunen Biltzarra euskal etxeak antolatu duen jaialdiari esker. Musikaz gain, literaturak, zineak eta euskal kulturak ere leku nabarmena izango dute jaiaren egitarauan. Bestalariak eta Kantuka koruen kontzertuak, Maddi Oihenart kantariaren emanaldia, mintzaldiak, erakusketak, 'Nomadak TX' dokumentala eta Bernardo Atxaga, Itxaro Borda eta Kepa Junkera musikariak eskainiko duten literatur gaua dira euskal etxearen proposamenak. Ostiralean hasi eta urrian 18a bitartean, Euskal Udazkena Bordelen.

Gehiago irakurri...


Maddi Oihenart kantari zuberotarrak bira bat egingo du Iparramerikatik urriaren 8tik 21era

2008/09/16

Pello Ramirez, Juantxo Zeberio, Maddi Oihenart eta Txema Garces Maddi Oihenart kantari zuberotarrak bira labur bat egingo du datorren hilean Iparrameriketatik. Urriaren 11n Vancouver-en, Kanadan; 12an Chino-n, Kalifornian; eta 19an San Frantzisko-n, Kalifornian, emango ditu kontzertuak Maddi Oihenartek bere musikari laguntzaileekin: Juantxo Zeberio (pianoa) eta Pello Ramirez (biolontxeloa). Ez da Oihenart Euskal Herritik kanpora irteten den lehen aldia, izan ere aurrez Belgikan eta Holandan izana baita Juan Mari Beltranekin. Duela bi aste Bartzelonan egin zuen emanaldian ere bertako Euskal Etxeko ikus-entzuleak liluratuta geratu ziren Zuberoako kantariaren ahotsarekin.

Gehiago irakurri...


Bartzelonako Merce jaiek kolore euskalduna izango dute, Euskal Etxeak prestatu duen egitarau zabalarekin

2008/09/16

Euskal Etxeak Merce 2008 jaietarako prestatu duen afitxa Galdu ezineko hitzordua bihurtu da jada eta aurten ere Bartzelonako Euskal Etxeak egitarau mardula prestatu du La Mercé jaietan, hiriko sainduaren jaietan, parte hartzeko. Ekitaldiak ostiralean hasiko dira eta asteburuan zehar luzatu. Tailerrak, kale antzerkia, bideo emanaldiak, pintxo dastaketak eta kontzertuak, hamaika kontzertu, dira Euskal Etxearen proposamenak: Cherry Boppers, Los Fulanos, DJ Mota, Kerobia, Root Diamonds, Trikizio, Dr. Calypso, Dijous Paella eta Oreka TX-ek osatzen dute kartela.

Gehiago irakurri...


Suitzako Euskal Etxeak Notes d'Equinoxe jaialdian parte hartuko du Eneritz eta Edurtzeta trikitilariekin

2008/09/16

Eneritz ta Edurtzeta trikitilariak Notes d'Equinoxe jaialdian ariko dira Aurtengoan ere Suitzako Euskal Etxeak euskal musika eta kultura eramango du Notes d'Equinoxe jaialdira. Bi urtetan behin egiten da jaialdi hau, Delemont hirian, eta herrialde desberdinetako musikari ugari biltzen dira bertara. Aurten hilaren 26tik 28ra izango da eta Euskal Etxeak Eneritz ta Edurtzeta trikitilariak eta Tolosako 'Aldaba Zahar' baserritar taldea gonbidatu ditu.

Gehiago irakurri...


Euskal Herriak irabazi du Bartzelonan jokatu den Munduko Euskal Gizataldeen Mus Txapelketa

2008/09/15

Sari banaketako irudi bat Iñaki Abendibar eta Antonio Vicentek osaturiko Euskal Herriko bikoteak irabazi du Munduko Euskal Gizataldeen Mus Txapelketa. Bartzelonan jokatu da irailaren 6tik 14ra eta Euskal Diasporako 12 bikotek hartu dute parte. Bigarren tokian AEB-tako Manuel Villanueva eta Tony Vitoria izan dira eta hirugarren lekuan Iñaki Intxausti eta Andres Fernandezek osatzen zuten Katalunyako bikotea. Oso giro jatorra eta ona bizi izan da txapelketak iraun dituen egunetan eta muslariekin etorritako laguntzaile eta ordezkariak Katalunia eta bertako kultura ezagutzeko hainbat ekitalditan hartu dute parte. Hurrengo urteko hitzordua Balmasedan izango da, Bizkaian, bertako Udala eta Turismo Sailaren ekimenez.

Gehiago irakurri...


Quebec-eko Euskaldunak elkarteak uda bukaerako jaia egin zuen, Argileak abesbatz lapurtarrarekin

2008/09/15

Giro bikaina izan zen Euskaldunak elkartearen uda bukaerako jaian (argazkiak Euskaldunak QuebecEE) Argileak abesbatzak Montreal hirian bukatu zuen Quebec-en abuztuan zehar egindako bira. Taldeak Quebec hiriaren sorkuntzaren 4. mendeurreneko ekitaldietan parte hartu zuen eta horren ostean etxera bueltatu aurretik Montrealen bertako euskal komunitateari egin zion bisita. 'Euskaldunak' elkarteak uda bukaerako jaiarekin egin zien harrera eta giro bikainaz gozatu zuten batzuk zein besteek.

Gehiago irakurri...


Harkaitz Cano idazle lasartearraren 'Beluna Jazz' elaberria errusierara itzuli dute

2008/09/15

'Beluna jazz' elaberriaren errusierazko edizioaren azala 'Jazz v Alyacke' edo 'Jazz-a Alaskan', izenburu horrekin argitaratu dute 'Beluna Jazz' elaberriaren errusierazko itzulpena. Liburu hau Harkaitz Cano lasartearraren lehen lanetako bat izan zen eta 1996ean argitaratu zen lehen aldiz, euskaraz, Susa argitaletxeak. Elaberriak Bob Ieregi izeneko tronpeta jole euskal amerikarraren istorioa kontatzen du. Parisen eta Amsterdameko jazz klubetan arrakastaz-arrakasta ibili ostean, Ieregui Alaska izeneko eroetxe batean ingresatzen dute. Han, zaindarien buruak Ieregi eta bere maitale Clarari traizio egiten dienean, hilketa baten planak abiak jarriko dira. San Petersburgoko Azbooka argitaletxeak plazaratu du liburua.

Gehiago irakurri...


'Chilozabal', Chiloe irlan egiten den Idiazabal ezagunaren estiloko gazta, arrakasta handia izaten ari da Txilen

2008/09/12

Chilozabal gazta Chiloe irlan ekoizten da ardi latxen esnearekin 'Chilozabal' Txilen dagoen latxa arrazako artalde bakarraren esnearekin egiten den gazta berezia da. Arantzazuko Artzain Eskolan ikasia den Rafael Maripan txiletarra da gazta honen ekoizlea. Arantzazuko esperientziak eta Idiazabal gaztaren arrakastak inspiratuta Txilen antzeko proiektua abian jartzea erabaki zuen eta erantzun bikaina izaten ari da. Egunotan Rafael Euskal Herrian da, Josune bere emazte arabarrarekin batera, artaldearen produkzioa gehitzeko moduak aztertu eta horrela eskari gero eta handiagoari erantzun ahal izateko. Chilozabal gazta Txileko jatetxe ezagunetan dasta daiteke, eta erosi, internet bidez ere eros leike.

Gehiago irakurri...


Bihar aurreneko aldiz ospatuko dute Puerto Madryn-en, Argentinan, 'Aralarko San Migel'-en jaia

2008/09/12

Maria Julia Ercoreca euskal etxearen sustatzaileetako bat da, duela zazpi urte Maiputik Puerto Madrynera bizitzera joan zenez geroztik (argazkian Maipuko dantza taldearekin) Lehendabiziko aldia izango da Puerto Madryn-en, Argentinako Patagonian, 'Aralarko San Migel' euskal jaia ospatzen dutela. Bihar bertan izango da, egitaraua hiru ekitaldik osatzen dutela, "Etorritakoengatik" lelopean. Lehenik, goizeko 10:30etan hiriko agintariei agurra egingo diete euskal komunitateko ordezkariek, suziri eta loreekin. 11etan, omenaldia egingo zaie hiriko lehen euskal herritarrei. Gauean euskal dantzak, musika, afari tipikoa eta kantuekin jai handi bat antolatu dute. Maria Julia Erkoreka antolatzaileak adierazi duenez, "jaia arrakastatsua izatea espero da, sarrerak segituan agortu baitziren".

Gehiago irakurri...


Zientziaren Ikerketarako Ikerbasque Fundazioak 40 lanpostu eskaintzen ditu goi-mailako ikerketak egiteko

2008/09/11

Ikerbasque-ren logoa Ikerbasquek, Zientziarako Euskal Fundazioak, 40 lanpostu eskaintzen ditu nazioarteko ikerketetan esperientzia duten ikerlarientzat. Alde batetik, 40 lanpostu horietatik 30 nazioartean dauden ikerlarientzat izango dira eta doktore-tesia 2004ko urtarrila baino lehen bukatu izana, egun euskal ikerketa zentro batean ez aritzea eta nazioartean esperientzia izatea baloratzen dira. Beste 10 lanpostuak esperientzia maila zabala duten ikerlari profesionalentzat izango dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak sortu zuen Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioa, Euskal Herriko ikerketa-gaitasuna sustatzeko.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia