2008/10/14

Hegoamerikan duela hiru bat aste sartu ziren Udaberrian eta Argentinako Chivilcoy hiriko 'Beti Aurrera' Euskal Etxeak harrera afari-ekitaldi berezi batez eman zion ongi etorria. Jendetza bildu zen eta parrila berriak estreinatzeko aukera izan zuten. Ekitaldi ostean dantzaldia etorri zen eta giro ederrean amaitu zen gaua. Handik egun gutxitara, arte erakusketa baten inguruan bildu ziren 'Beti Aurrera'-koak. Inguruko hainbat artistak euren lanak erakusteko aukera izan zuten, tartean euskal jatorrikoak. Ez ziren falta izan kantak, dantzak, pintxoak eta giroa.
Gehiago irakurri...
2008/10/13

Caracaseko lehenengo Euskal Zinemaldiak, 'Zine Vasco' jaialdiak, Euskal Herriko kultura eta gizartera lehioa irekiko du datorren azaroaren 3tik aurrera. Zinemaldiaren antolatzaileak, besteak beste, Caracaseko Euskal Etxea, Kimuak programa, Euskadiko Fimategia eta Caracaseko Cines Paseo Trasnocho Cultural, Cultura Chacao, Gran Cine eta bertako hainbat zuzendari eta zinema aditu izan dira. Emanaldietan filme, gai eta estilo ugari: Kimuakeko laburmetraiak, 'Kutsidazu Bidea Ixabel' edo 'Eutsi' filmeak, 'Rockall' dokumentala, eta Latinamerikan sortu baina euskal konexioa duten hainbat lan, adibidez Yulene Olaizola euskal mexikarraren 'Intimidades de Shakespeare y Víctor Hugo' eta Maiana Bidegain euskal uruguaiarraren 'Secretos de Lucha'.
Gehiago irakurri...
2008/10/13

Mikel Ezkerro hizlari ezaguna Chaco probintzia argentinarreko Resistencia hiribururaino iritsi da hilabete honetan, urriaren 4ean Chacoko Gizakiaren Museoan hitzaldia eskaini duelarik bertako Kotoiaren Lurra Euskal Etxeak gonbidaturik. Ezkerrok euskaldunei eta euren historia eta kulturari buruzko gainbegirada eskaini zien hitzaldira bertaratutakoei, Diaspora eta euskal argentinarrak ere aipaturik.
Gehiago irakurri...
2008/10/13

Iruñean jaio zen Itsaso Iribarren eta Bilbon ikasi zituen Arte Ederrak. Denborarekin 'performance'etan espezialdu eta gaur egun “13Días” antzerki taldearekin dabil Buenos Airesen, aldi berean dantza irakasle. Argentinara etorri baino lehen ezer gutxi zekien berak Diasporaz. Orain, berriz, aitortzen du “hemen jaiotako euskaldunen artean bizitzeko aukera izan dudalarik, nire sustraiak gehiago maitatzen” ikasi duela. "Hunkitu egin nau ikusteak hemengoek nola bizi duten beren euskalduntasuna eta zein garrantzitsua den eurentzat". Itsasok euskaraz eta erdaraz emango duen antzerki tailer bat hasiko du datorren astelehenean Buenos Airesen, Euskaltzaleak elkarteak antolaturik.
Gehiago irakurri...
2008/10/10

Andres Urdaneta (1508-1568) itsasgizon ordiziarraren jaiotzaren 500. urtemuga dela eta ekitaldi ugari izan dira Mexikon, Euskal Herrian, Perun eta Filipinetan, Urdanetaren itsas ibilbideko portuen herrialdeetan. Egun hauetan Ordiziako alkate Jose Migel Santamaria Mexikon da eta herenegun, urriak 8an (Urdanetak aurkitutako 'Itzulbidea' itsas ibilbidearen 443. urtemugaren egunean), Acapulco hiriko alkatearekin batera Ordizia eta Acapulcoren senidetzea izenpetu zuten. Urriaren zazpian hasi ziren Acapulcon Urdanetaren omenezko ekitaldiak eta gaur, urriaren 10ean, bukatuko dira.
Gehiago irakurri...
2008/10/10

Liburutegi Nazionala, Montevideon, euskal egoitza bilakatuko da datorren astearte, asteazken eta ostegunez, Euskal Immigrazio, Historia eta Kulturari eskainitako VII. Mintegia bere baitango José Pedro Varela Aretoan egingo baita. Hego Haizea Euskal Etxeak eratutako ekitaldi honek Eusko Ikaskuntza eta Liburutegi Nazionala dauzka partaide eta oro har euskaldunek eta jatorri horretako uruguaiarrek bertan egindako ekarpen eta emaitzak aztertuko ditu, zenbait aditu eta ikaslari Tarteko. Sarrera irekia eta kitorik du.
Gehiago irakurri...
2008/10/10

Amuma Says No taldeak bere lehen CDa atera berri du, 'Frontoitik kalera' izenburupean. Aurkezpen lan honetan Boiseko taldeak euren euskal estilo pertsonala erakusten duten zortzi kantu biltzen ditu. Taldea Boiseko euskal komunitateko aurpegi ezagunek osatzen dute: Dan Ansotegui (trikitixa), Sean Aucutt (panderoa), Jill Aldape (ahotsa), Spencer Basterretchea Martin (perkusioa), Dave Manion (gitarra) eta Erik Snodgrass (baxua). "Euskal rocka eta Ameriketako rock/pop/country-a nahasten ditugu, euskal folk pittin bat gehituz gure estilo berezia lortu arte", azaldu dio Basterrecheak EuskalKultura.com-i. Taldeak hamaika kontzertu eman ditu aurtengo udaran AEBetako Oesteko euskal festetan eta bihar Texasen izango dira, San Antonio International Accordion Festival jaialdian. Hurrengo geltokia, Euskal Herria? "Aukera sortzen bada, pozik joango ginake!", dio Basterrecheak.
Gehiago irakurri...
2008/10/09

Euskal kulturaren hainbat alderditan --historia, artea, geografia, etnografia...-- sakondu nahi dutenek aukera paregabea dute Asmoz fundazioak eskaintzen duen Euskal Ikasgaietako online ikastaroarekin. Unibertsitate aditu mailako graduondokoa da eta burutzen dutenek UPV-EHUk eta UNEDek ematen duten titulazioa jasoko dute. Asmozek kurtsoaren %100ko bekak eskaintzen ditu Diasporako kideentzat. Izena emateko epea azaroaren 7an ixten da, baina Asmozetik bekak eskuratu nahi dituztenek dokumentazioa urriaren 22a baino lehen bidali behar dutela gogora arazten dute.
Gehiago irakurri...
2008/10/09

Aralarko San Migelen omenez egindako lehendabiziko jai hau Puerto Madryn-eko euskal komunitate antolatu berriaren lehen arrakasta izan da, baina taldekoak gauza asko egiteko gogotsu datoz. Duela urte bete taldeko aintzindarietako batekin hitzegin zuen EuskalKulturak, María Julia Ercorecarekin. Jatorriz Maipú hirikoa da Ercoreca, baina berak zioen bezala, “Puerto Madryn-era heldu naizenetik, hemen bizi den euskal komunitatea antolatzeko gogo eta kemenez gainezka nabil”. Euskal etxe bat sortzea lan gogorra dela jakin arren, María Juliak 'gustuko lanak, aldaparik ez' atsotitza lelo gisa hartu eta oztopo guztiei aurre egitea erabaki zuen. Gaur egun, urtebete pasa eta gero, euren ahaleginaren fruitua begi bistan dago: laurehun bat pertsona –-tartean Maipu eta Necocheako taldeak-- izan ziren Puerto Madryn-eko lehenengo 'Aralarko San Migel' euskal jaian.
Gehiago irakurri...
2008/10/09

Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen www.hiru.com etengabeko ikaskuntza atariak euskara sarean ikasteko metodo berri bat aurkeztu du. Ikasten.net du izena eta bere ezaugarri nagusiak erabat doakoa dela eta gazteleraz zein inglesez jarraitu daitekeela dira. Munduko edozein herrialdetik egin daiteke ikastaroa, nahikoa baita internetera konektatutako ordenagailu bat izatea. Ikaskuntza bide berri hau probatu nahi dutenek webgunean izena eman baino ez dute egin behar eta sistemak berak gidatuko ditu lehen ikasgaitik azkeneraino.
Gehiago irakurri...