euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

90 urte bete ditu Buenos Airesen Michel Iriart-ek, "3 urte zituenetik Iparraldeko EEko eskilarak igotzen"

2010/03/08

Michel Iriart, Norma Rios eta beste historiko bat, Iparraldeko Euskal Etxeko lehendakari ohi Juan Etchegoin
Michel Iriart, Norma Rios eta beste historiko bat, Iparraldeko Euskal Etxeko lehendakari ohi Juan Etchegoin

PUBLIZITATEA

Michel Iriart, Buenos Airesen jaioa, izen bereko kazetari donibanegaraztarraren seme, instituzio oso bat da hiriburu argentinarreko 'Iparraldeko Euskal Etxe' edo 'Centro Vasco Frances' deitzen duten euskal elkartean baitan. Bertako historikoetakoa da, eta egin berriak ditu otsailaren 25ean 90 urte, guztiak edo asko behintzat Buenos Airesen Iparraldeko jendea bildu izan duen euskal etxeari lotua. Urtebetetzearen karietara bazkide eta lagun askoren zorionak jaso ditu. Horiek guztiak laburbilduz, egun euskal elkarte horretako idazkari den Norma Rios-ek idatzitako hitzak ekarri ditugu hona, Normal berak igorrita, jatorri baxenabartarreko gizon honen nondik norakoak azalduz.

Norma Rios/Buenos Aires, Argentina. Otsailaren 25a oso egun berezia izan zen Buenos Airesko gure 'Iparraldeko Euskal Etxea-Centro Vasco Francés': Michel Iriart gure lagun maiteak 90 urte betetzen zituen. Gazte bizitzea deliberatu zuen, eta hala egiten du eta agertzen da. Bere bizitasuna, berezkoa duen irria, beti ezpainetan, daukan izaera alagera... Gustua ematen du berarekin solasteak. Ez da unerik elkarrekin hizketan, poz ukitua sartzen ez duenik, pasadizo edo txisteren bat tarteko. Harrigarria da bizitzari erreparatzeko eta kaso egiteko duen gogoa, bizia positiboagoa bilakarazten diotena. Maite du gauzak kontatzea, esaterako 87 urte badaramatzala geure euskal etxeko eskilarak igotzen. Hamaika pasadizoren jabe da, bizitzari etekin trinkoa atera dion pertsona.

Donibane Garazitik gazterik etorri zen Michel Iriart kazetariaren seme, aita France Press-eko kazetari aritu zen eta oraindik denbora geratu zitzaion San Lorenzo de Almagroko lehenengo back izateko futbol amateurraren urte gailurretan. Euskal kultura landu zuen eta horri eskaini zion bere denbora Iparraldeko Euskal Etxeko idazkari gisa, Jean Pierre Passicot Etxeko lehendakari legendatsuaren egiazko esku eskuin bezala. Ezaguna da oso euskal gauza guztiei zien amodioa, Europa urrunetik Buenos Airesko portura immigrantez beteta zetozen untzietaraino hurbilduz eta eta kapitanei galdetuz herrikiderik ba al zetorren, eta baiezkoa izatekotan, berehala abegikor hartu eta laguntzen zuen Almagron, bere bazkide eta lagun on Simon Soroet-ek zeukan kantxa eta biltegitik eta bere San Lorenzo maitetik ez urrun, finkatutako donibandar honek.

Haren seme Michel Iriart Almagro auzoan jaio zen, Euskal Echea eta San Jose Ikastetxeetako ikasle izan zen. Oso gazte zelarik, bere menturazaletasunak eta arbasoen lurrarekiko maitasunak faxismoaren kontra burruka egitera bolondres aurkez zedin eragin zuten. Honela Argentina utzi, Saint Cyr-eko Akademia Militar Frantsesean sartu --Ingalaterran hain zuzen-- eta hortik tenienteorde aterako da, Tsad-eko Ganbeluzaleen Erregimentuan sartuz. Inbasiotik oso gutxira Normandian lehorreratu zen. 1944ko abuztuaren 24ean Parisen misio ezkutupean sartu eta askapenaren biharamunean itzuliko zen, tropen zati nagusienarekin.

Leclerc-ko II. Dibisio Blindatuaren IX. Konpainiako 30 gizonen buru, 1945eko maiatzaren 5ean eta dagoeneko teniente izanik Bertchlesgarden-era iritsi zen, Bavariako Alpeetan, frantses bandera 'Arranoaren Habian', Adolph Hitlerren udako egoitzan, haizearen menpean ipintzeko. Espedizio-indar frantsesekin Indotxinan ere ibili zen, kapitain gradua lortuz. Frantses Gobernuak Ohorezko Legioa eman dio. Itzuli zenean, kazetari izan zen, France Press agentziako zuzendariorde Buenos Airesen, agentziako buru Txilen eta Latinoamerikako eremu-arduradun.

Lehen aipatu dudan bezala, Iparraldeko Euskal Etxea (CVF), hiru urte zituela bertara sarrixo joaten hasi zen euskal etxea, bigarren etxe izan zuen, gaurdaino, egun ere Zuzendaritza Batzordeko kide baita. Gure elkarteko idazkari izan da eta baita lehendakari ere zenbait epealditan, bere emeia baliatuz Euskal Etxeari ekimena ematearren. Frantziako gerlari ohien elkarteko presidente ere izan da.

Ezagutzen dugun guztiok asko maite dugun gizona da Michel Iriart, Iparraldeko euskal komunitatearen barnean oso ezagutua eta maitatua. Gure euskal etxearen alma mater-a da eta beti, gure festa guztiak edertu egiten ditu hain hunkiturik kantatzen duen Boga boga kantatuz.

Ezagutzen dugunok eta berarekin uneak partekatzeko zori ona daukagunok, Zorionak! ozen bat opa diogu, eta Anitz urtez!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia