euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

90 urte bete ditu Alicia Echaniz-ek Argentinako Arrecifes-en; eta 100 Isla Mala, Uruguain, Aleja Biurrun-ek

2010/02/26

Maria Alicia Echanizek 90 urte bete zituen otsailaren 12an.
Maria Alicia Echanizek 90 urte bete zituen otsailaren 12an.

PUBLIZITATEA

Diasporan otsail honetan urteak bete dituzten bi emakumeri buruzko berriak heldu zaizkigu, urte kopuru aski biribilez, hala baitira zalantzarik gabe 90 urteak eta 100 urteak. Lerro hauen bitartez geure omenalditxoa eskaini nahi diegu. Gaur, euretako 'gazteaz' arituko gara, Maria Alicia Echaniz, Chacoko probintzia argentinarrean jaioa, baina gazterik Arrecifesi lotua eta on Lucio Echaniz Iturria nafar ospetsuaren alaba, bi urte besterik ez zituela aitak Arrecifesko 'Euskaldunak Denak Bat'eko kide egina. Aleja Biurrunek, berriz, 100 urte bete ditu. Abizenean daraman Biurrun herri nafarrean sortua, Aleja, Inazio Argiñarena Otxotorena bertsolariaren alarguna da eta Alberto Irigoyen idazke euskal uruguaitarrak idatzi zuen 'El requeté que gritó Gora Euskadi' eleberriko protagonista. Zorion bero-beroak biei. Lehenengo artikulu hau Maria Alicia Echanizi eskaini diogu.

Arrecifes, Argentina. Bizitza eta ibilbidea Arrecifesko eta Argentinako beste leku batzuetako euskal historiari lotua duen emakume honek bere aitari, Argentinara Etxalar herri nafarretik etorritako on Lucio Echaniz Iturria euskaltzale handi eta aktiboari zor dio bere euskal-argentinar izaera. Maria Alicia Echaniz Chaco probintzia argentinarrean jaio zen, baina 2 urte besterik ez zituela aitak Arrecifesko 'Euskaldunak Denak Bat' sortu eta bertako kide egin zuen, gaurdaino iristen den maitasunezko harreman bat sortuz, familiak inguratuta ospatu berri baititu Aliciak bere 90 urteak Arrecifesen, lagun eta familiakoek zorionak emanik, euren amatxi baita, euskal etxearen eta komunitatearen historia biziduna.

Arrecifesko 'Euskaldunak Denak Bat'ek bihar bertan, larunbata, ospatuko ditu egin berriak dituen 88 urteak. Aliciak 1922ko otsailaren 12an 2 urte bete berriak zituen bere aitak eta aitzindari taldetxo batek Arrecifesko euskal elkartea sortu zutenean, izentzat ere izen biltzaile hori ipinita, Euskaldunak Denak Bat.

Alicia, Buenos Aires probintziako herri honen euskal historian talde garrantzitsua izan zen Itxarkundia dantza taldeko lehenengo 'irule'etakoa izan zen bere aitak, urtetan zuzenduko zuen talde hori 1945ean sortu zuenean. Bi bat urtez aritu zen hor dantzari, gero beste euskaldun batekin, Juan O. Agotegarayrekin, ezkondu eta Buenos Aires hiriburura pasatuko baitzen bizitzera.

Maitasun lekukotasuna

Familiak eta lagunek inguratuta ospatu zuen Aliciak joan den otsailaren 14an (asteburuan), maiteminduen egunean beraz, bere urtebetetzea. Bere seme Juan Lucio Agotegaray Echaniz-i hitz batzuk eskatu dizkiogu bere amari buruz, data berezi hau EuskalKultura.com-eko irakurleekin parteka zezan. Hona Juan Lucioren lekukotasuna, euskarara ekarria:

Bere bizitza Jaungoikuan [sic, euskaraz] oinarritzen duen Maria Alicia Echaniz-ek Maitasunezko 90 urte bete zituen otsailaren 12an.

Chaco probintzian jaioa, bi urte zituela bere aitak, on Lucio de Echaniz-ek (Etxalarren, Nafarroan sortua) Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat-eko kide egin zuen. On Luciok berak sortu eta gidatuko zuen 'Itxarkundia' dantza taldeko lehenengo iruleetakoa izan zen, eta gaur egun bizitzan zehar erein zuen uztaz ari da zorionez gozatzen.

Begirunez begiratzen dio Euskal Erriari (sic) eta maite du sorleku izen zuen Argentina. Bakea gurtzen du eta gorroto dio indarkeriari. Igandero doa jaunartzera eta malkoetaraino emozionatzen da argentinar kirol selekzio batek irabazten duenean.

Bere izatearen barnean daraman sentimentua, bihotzekoa, hain da ulerkorra eta sakona, segitzen duela maitasun tantak eskaintzen begirada soilarekin, laztan, musu edo bakarrik hitzekin.

Hurkoaren sofrikario edo poza berea balitz bezala sentitzen duen gizaki bat da eta mirariak gertatzen direnean, otoitza tarteko, malkoz hunkitzen da.

Hauxe da nire Ama.

Mila esker Juan Luciori bere hitzengatik. Eta zorionak Aliciari eta bere uztari, maitasunez inguratzen dutenei, EuskalKultura.com-eko familia handia osatzen dugunon partez. Urte askoan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia