Burke, Virginia, AEB. DIPG garuneko tumore operaezinak eraman du urte t'erdian. Gaur asteazken goizaldean, bertako orduan 2:35ak zirela (Euskal Herriko 8:35ean) zendu da Estatu Batuetan, 9 urteak beste eta zortzi egunera, Francisco Fredrickson Lizarzaburu. Bere gurasoen besoetan hil da, familia lagun. Azkenean etsi behar izan du oso garun tumore mota erasokor eta operaezina den DIPG delakoaren aurrean. 2023ko maiatzean diasnostikatu zioten, eta bere bizitza eta inguruko guztiena aldatu zuen. Francisco hau bat zen, maitekorra, eta bere aitona Wilfredok duela egun batzuk esandakoa gogoan "bere aldetik guztiarekin borrokatu zen gerlari bat", "ilusioa egiten zion datorren Jaialdin Idahora joatea", gogoratzen zuen (eta aitonari elkarrekin joatea, diogu guk, hala dakigulako). Azkereraino mantendu baitzuen Franciscok interesa eta jakinmina inguruan zuen ororekiko, zaletasun berezi zituela espazioa, untziak eta historia.
Zazpi urterekin diagnostikatu zioten sigletako gaitz madarikatua. Operaezina. Eta laupabost eguneko aldearekin jakin zuen bere amak haurdun zegoela, bizkien haurdun. Eta egun lau urte dituen Mariana arrebari Mateo eta Gabriel emendatu zitzaizkion; urtebete egin dute, euren anaia zaharrenak 9 urte bete baino egun batzuk lehenago. Urte eta erdi honetan gorabeherak izan dira, momenturen batean ere buelta emango ziola pentsatzera ere heldu ziren, baina alferrik, diagnostikoak ez baitzuen tarterik uzten. Azken hilabete eta asteetan gainbehera nabaria izan da, eta azken bi asteetan, guztia konplikatu zen, hizketa eta komunikatzeko gaitasuna ere galduta, bere burua ezin adierazirik. Eta haurra zen, bere irriarekin naturaltasun sanoa, inuzentzia, jakinmina eta jolasteko, jakiteko, bizitzeko eta haurra izateko gogo galanta zeukana. Arduratsua zen, eta kuraiatsua, borrokalari eutsi baitio prozesu osoari, askotan berak animatuz eta natural eutsiz gertatzen zitzaionari, indarra emanez bere umorearekin bere ondoko guztiei, haiek sendo agertu nahirik bere aurrean bederen. Francisco argi bat bezala izan da, bere inguru osoa argitu duena, arrasto ezabaezina utziz.
[segituko du, minutu gutxi barru prest]