euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

9 de Julio-ko Etxe Maitea Euskal Etxeak Chivilcoyko dantzariak lagun ospatu zuen Kultur Aniztasunaren Eguna

2015/10/26

Aurreko ekitaldi baten 9 de Julioko Etxe Maitea euskal etxeak aurkeztutako standa
Aurreko ekitaldi baten 9 de Julioko Etxe Maitea euskal etxeak aurkeztutako standa

PUBLIZITATEA

9 de Julio herri argentinarrak Kultur Aniztasunaren Eguneko ospakizunaren baitan antolatu zuen Kolektibitateen 2. Topaketa, hiriko gizatalde italiar, japoniar, espainiar, irlandar eta euskalduna partaide. Euskal presentzia aberatsago egiteko, bi euskal elkartek hartu zuten parte ekitaldian: 9 de Julioko bertako Etxe Maiteak, eta anfitrioiek gonbidaturik, Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxeak. Izan ere, dantzari chivilcoytarrek euskal dantzen erritmoa jarri zioten festari. 

9 de Julio, Argentina. Bi zatitan banatu zen Buenos Aires probintziako 9 de Julio herriak antolatutako Kultur Aniztasunaren Eguna ospatzeko jaia. Alde batetik, Udaletxeko galerietan stand gastronomiko-kulturalak muntatu zituzten kolektibitateetako ordezkariek, euren tradizio, ohitura eta ikurren erakusgarri. Bestalde, Udaletxeko Areto Zurian, agertoki bat ipini zen eta bertan aurkeztu ziren musika, dantza eta antzerki ikuskizunak.

Euskal gizataldeari dagokionez, 9 de Julioko Etxe Maitea Euskal Etxeko lagunak arduratu ziren Kolektibitateen 2. Topaketa honetan Euskal Herria ordezkatzeaz. Erakundeko kide Maria Esther ‘La Vasca’ Beascocheak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “bertan ipini genuen gure euskal txokoan, ikurrinak, zahatoa, txapelak, mapak eta euskal kulturari buruzko liburuxkak jarri genituen ikusgai. Arantzazuko Ama Birjinaren irudia eta euskal ereserkiaren letra ere erakutsi genituen… zenbat eta informazio gehiago, orduan eta gai gehiago jendea interesatzeko. Gure euskal etxea txikia da eta oso gutxi ari gara lanean; ahal duguna baino ez dugu egiten”, adierazi digu Beascocheak.

Euskal kulturaren irudi osoagoa emateko, baina, Chivilcoyko Beti Aurrera euskal etxeko dantzariak gonbidatu zituen Etxe Maiteak. Talde chivilcoytarrak Euskal Herriko dantza ezagunenak eskaini zizkion 9 de Julioko publikoari.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia