Bakersfield, Kalifornia, AEB. Arlo eta ekinbide guztietan ari da izaten aurtengoa 'transizio' edo 'normalizazio' urtea, eta bokazio horrekin ari dira antolatzen berriro ere, azken bi urteetan Covid-19agatik etendako hainbat ekimen, horien artean NABOk urtero antolatu ohi duen 10-15 urte bitarteko euskal-amerikar haur eta gazteen Udaleku. Federazioak berak adierazi duenez, AEB osotik etorririk, 89 izango dira bihar ostirala Bakerfielden hasiko den 2022 Udalekuk bilduko dituen partaideak, hiriko Kern County Basque Club eta NABO bera antolatzaile.
Itzulera honetan, ohi baino zerbait laburragoa izango da Udalekuren edizioa, eta ohiko ia bi asteen ordez bihar ostirala hasi, haurren harrera-ekitaldiarekin, eta datorren asteko larunbateko, ekainaren 25eko, azken emanaldiarekin bukatuko da, KCBCen pilotaleku eta egoitza zabalean. Irakasleak bertakoak eta Euskal Herritik iritsitakoak izango dira eta irakatsi eta landuko diren gaiak, ohikoak Udalekun: euskal dantza, euskara, txistu, pilota, kultura, sukaldaritza...
Pandemia aurretik San Frantziskon egin zen azkeneko Udalekuko bideoa bertako irudiekin
Ohi legez, haurrak bertako euskal familien etxeetan egingo dute lo eta goizean goiz egunero abiatuko dira Euskal Etxera, bertan eskolak hartu eta astialdi ekintzak egiteko. Jakina denez, Udalekuren helburua, haurrei euskal kulturan oinarrizko formakuntza bat ematea da, askotan bizitza osoan iraungo duten eta herrialdeko beste euskal etxe eta komunitateetako haurren artean laguntxo berriak egiten dituzten bitartean.
Aurtengoan, Udalekuren amaiera markatzen duen azken emanaldia ekainaren 25ean egingo da, eta bertara familia guztiak eta euskaldunak oro daude gonbidatuta. Saioan zehar, partaideek Udalekun zehar ikasi dutena erakutsiko dute euren guraso eta familiakoen eta komunitatearen aurrean. Bertaratzeko asmoa baduzu, antolatzaileek eskatu dute janaria aldez aurretik erostea hemen. Afaria 17:30etan zerbitzatuko da eta emanaldia 19:00etan hasiko, giro ederreko arratsaldepasa iragarriz.
Mila esker haurrei, gurasoei, irakasleei, NABO eta Bakersfieldeko antolatzaileei eta hau guztia berriz ere ahalbideratu dutenei!