euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

800 bat kooperatibistaren aurrean aritu ziren euskal ordezkariak Santa Feko Kooperatiben I Kongresuan

2014/06/16

Santa Fe Probintziako Kooperatiben I Kongresua ekainaren 6an izan zen (argazkia Irekia)
Santa Fe Probintziako Kooperatiben I Kongresua ekainaren 6an izan zen (argazkia Irekia)

PUBLIZITATEA

Kooperatiben alorreko euskal ordezkaritza bat Argentinan bisitari. Santa Fe Probintziako Gobernuak gonbidaturik, euskal kooperatibismoaz hitz egin zuten Maria Ubarretxena Jaurlaritzako Gizarte Ekonomia zuzendariak eta Javier Goienetxea Konfekoop-Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko presidenteak Santa Fe Probintziako Kooperatiben I Kongresuan. Argentinara egindako bisitaren baitan, Probintziaren eta Jaurlaritzaren arteko hitzarmena sinatu zuten, hitzaldi bana eman zuten La Platan eta Buenos Airesen, eta Argentinako euskal gizataldearen ordezkariekin ere bildu ziren bisitari europarrak.

Santa Fe, Argentina. Euskadiren Argentina eta Mercosur-erako Ordezkaritzak antolatutako biran, partaidetza aipagarria izan dute Maria Ubarretxenak eta Javier Goienetxeak ekainaren 6an, Santa Feko Kooperatiben I Kongresuan. “Gobernuaren eta kooperatibismoaren arteko armonizazio publiko-pribatua” hitzaldia eskaini zuen jaurlaritzako Gizarte Ekonomia zuzendariak eta XXI. mendean kooperatibismoaren erronkaz bere ikuspuntua azaldu zuen Konfekoop-Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko presidenteak Argentina bertako kooperatibistek osatutako publiko ugariaren aurrean. Kongresuko programaren barruan COPRECI kooperatibaren eskualdeko zuzendari Danel Ayastuy-k ere hartu zuen parte euskal kooperatiben internalizazioa azalduz, kooperatiba jakin baten adibidea abiapuntu.

Jardunaldiei hasiera emateko, bestalde, Eusko Jaurlaritzaren eta Santa Fe Probintziako Gobernuaren ordezkariek lankidetzarako hitzarmen marko bat sinatu zuten, bi erakundeen arteko gizarte ekonomiaren esparruko harremanei eremu orokorra emateko asmoz.

Santa Feko Kooperatiben I Kongresua 2014 01

[Euskal ordezkariak Sunchalesko Kooperatiba Etxean (argazkia Irekia)]

Aldi berean, Santa Fe probintziatik atera gabe, Sunchales hiria bisitatu zuten euskal ordezkariek bertako SanCor Aseguruak eta SanCor Kooperatiba Batuak Mugatuak (esnekien produkzioan eta merkaturatzean espezializatua) kooperatibak ezagutze aldera. Bertan egonda Sunchalesko Kooperatiba Etxea bisitatu eta Raul Colombetti erakunde honen presidentearekin eta Samuel Delbon Sunchalesko Ekonomia Garapenerako eta Kooperatibismoaren Idazkariarekin bildu ziren. Gogora dezagun Sunchales Argentinako kooperatibismoaren hiriburua dela eta 2007tik Arrasaterekin senidetua dagoela.

Kongresu aurreko egunetan ere hitzorduak izan zituzten Ubarretxenak eta Goienetxeak Buenos Aires hirian eta baita Buenos Aires probintziako hiriburua den La Plata hirian ere. Batetik, ‘Euskal kooperatibismoaren esperientzia’ izenburupeko jardunaldietan parte hartu zuten La Platako Diputatuen Ganberan, Hernan Albizu senataria anfitrioi. Bestetik, Patricio Giffin INAES–Gizarte Ekonomia eta Elkartzerako Institutu Nazionaleko presidentearekin bildu ziren; Cooperar–Argentina Errepublikako Konfederazio Kooperatiban egindako bilera batean parte hartu zuten; eta INAES eta Cooperar-en arteko eginkizuna, “Usina de Medios” delako programa, ezagutzeko aukera izan zuten.

Bidaia laburra izan arren, Argentinako euskal kolektibitateko kideekin ere elkartzeko denbora izan zuten bisitariek. Buenos Airesko Laurak Bat, eta aurtengo Euskal Aste Nazionalaren egoitza izango den La Platako Euzko Etxea bisitatu zituzten Euskadiko ordezkariek.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia