euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"8 Herrialdeak Zuzenean" irratsaioak hamargarren urteurrena ospatuko du emankizun berezi batekin

2015/06/04

Rober Acheritogaray eta Benoit Etcheverry, 8 Herrialdeak Zuzenean irratsaioaren esatariak, gonbitatuekin 2014an (argazkiak 8HZ)
Rober Acheritogaray eta Benoit Etcheverry, 8 Herrialdeak Zuzenean irratsaioaren esatariak, gonbitatuekin 2014an (argazkiak 8HZ)

PUBLIZITATEA

Igandean Diasporako entzuleek hitzordua dute 8 Herrialdeak Zuzenean irratsaioak egingo duen emankizun bereziarekin. Saioak hamar urte bete ditu eta Benoit Etcheverryk eta Robert Acheritogarayk gidaturiko lantaldeak sorpresaz beteriko emanaldia prestatu dute: Begiz Begi taldearen kontzertua, zuzeneko konexioa Petalumako Piknikarekin eta Viedmako euskal etxearekin... Zuk ere zuzenean entzun eta parte har dezakuzu internet bidez!

Baiona, Lapurdi. Benoit Etcheverryk ederki gogoratzen du "8 Herrialdeak Zuzenean" irratsaioaren lehendabiziko emankizuna, atzo bertan izan balitz bezala, eta ez 2005ean. "Garai hartan joaten nintzen Gure Irratira, haiei galdetzera ea noiz egingo zuten Diasporarentzako irratsaio bat. Ia egunero joaten nintzen. Eta maiatzaren 24an esan zidaten: hor duzu mikro bat, eseri eta mintzatu!", gogoratu du.

Hasierako saio haietan Noel Elorga eta Nerea Pikabea izan zituen alboan. Egun, Robert Acheritogarayrekin batera aurkezten du saioa, baina makina bat lagun, gonbidatu eta kolaboratzaile pasa dira bertatik.

Lau eletan

Saioaren ezaugarri nagusietako bat lau hizkuntzatan egiten dela da: euskara, ingelesa, gaztelania eta frantsesa. "Hasieran astuna egiten zela esaten zuen jendeak, baina orain onartu dute. Inportantea da AEB, Argentina edo Frantziako entzuleengana heltzeko, eta horrela euskararik ez dakitenek pixka bat entzuteko aukera dute".

Entzuleen parte hartzea da saioaren oinarri eta arima, eta horretan pozik direla esan du Benoitek. "Jendeak e-mailak bidaltzen dizkigu, deitu egiten du San Frantziskotik, Argentinatik... Eta euskal etxeetatik kanpokoek ere jarraitzen gaituzte. Behin esaterako, Hollywoodeko euskal aktore abtek deitu zigun, Thomas Aranak. Bere istorioa kontatu zigun zuzenean, eta Gernika ez dela ahaztu behar esan zigun".

Petaluma eta Viedma

Igandeko emankizuna Baionako GLAIN elkarteen aretoan egingo da, ikusleekin, eta ohi bezala internet bidez entzun ahalko da Diasporan (www.euskalirratiak.info edo www.gureirratia.eu helbidetan). Saioa Euskal Herriko 20:00tan hasiko da. Ordu horretan AEBetan, San Frantziskoko Euskal Etxeak piknika egingo du Petaluman (han eguerdi partea izango da) eta saioa zuzenean jarraitu ahalko da pantaila erraldoi batean. Baionako estudioan Begiz Begi taldeak emanaldia eskainiko du, eta haien musika San Frantziskora eta mundu osora zabalduko da saioaren bidez.

Saioak Argentinako euskal etxe batekin ere zuzenean konektatuko du, Viedmako euskal etxearekin. bestalde, Kanaldude Iparraldeko telebista katearen webgunean (www.kanaldude.tv) ere streaming bidez zuzenean ikusi ahalko da irratsaioa. Bertan zuzenean parte hartu nahi baduzu deitu zuzenean edo bidali e-maila irratia@8probintziak.com helbidera eta zure mezua irakurriko dute.

[Saio hau Caroline Prime entzuleari eskainia izango da bereziki. Caroline Benoit Etcheverryren neskalaguna zen eta berriki hil da gaisotasun latz baten ostean. Azkeneko emankizunean zuzenean parte hartu zuen, ospitaletik deituz. Gure doluminak eta besarkada bero bat Benoit lagunari. Goian bego]

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia