euskal diaspora eta kultura
2010/04/29
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Gral. Villegastik Sergio Recartek mezu bat bidali zien bere euskal eta argentinar inguruari. “Euskal Herriaren bihotza hil zutenean” izeneko testuan, Recartek Gernikak pairatu zituen basakeriak eta horien ondorioak aipatzen ditu. Sergio Recarteren gogoetak Chacora heldu ziren, besteak beste. Bertako Kotoiaren Lurra euskal etxeko kideek Resistenciako Diario Norte egunkariari helarazi zioten Recarteren testua.
[Chacoko Kotoiaren Lurra Euskal Etxeak Sergio Recartek idatzitako artikulua argitaratu zuen bertako Diario Norte egunkarian]
Cesar Arrondo irakasleak ere bere iritzia konpartitu zuen euskal komunitatearekin. “Gernikako gure hildakoengatik” gutunaren bidez, Arrondok bonbardaketaren testuingurua eta eraginak aztertzen ditu. Santa Feko Gure Etxea Euskal Etxekoak dokumentu horretaz baliatu ziren data aldarrikatzeko. Afari bat partekatu zuten eta Gabriel Papini Jaureguiberryk Arrondoren hitzak irakurri zituen. Bere aldetik, Arrondo bera Magdalena herrira bidaiatu zen apirilaren 26an Gernikari buruzko hitzaldi bat ematera. Bertako Escuela Media 1 zenbakidunean sarraskiaz mintzatu zen ikasleekin.
[Santa Feko Gure Etxea Euskal Etxeko Gabriel Papini Jaureguiberryk Arrondoren hitzak irakurri zituen]
[Cesar Arrondok hitzaldia eman zuen Magdalenako Escuela Media 1 zenbakidunean]
Lapridatik, Maria Ester Arrondok ere bere hondar alea ipini zuen. Bere mezuan Gratien Adéma "Zaldubi"ren bertso ezagunak sartu zituen, “Agur Euskal Herriari”ren zati bat, hain zuzen.
San Miguelgo Askatasunaren Bidea erakundeak Gernikaz gain, Eibar, Elgeta eta Durangori buruzko informazioa jarri zuen bere web orrian. Eta Buenos Airesko Euskaltzaleak-ek bideo eta testu bat bidal zizkien ikasleei Bonbardaketaren inguruan hausnarketa egite aldera.
Rosario eta Arrecifes
Rosario eta Arrecifesko euskaldunak kalera atera ziren data gogoratzeko. Apirilaren 26an Zazpirak Bat-eko kideek Argentinako bandera eta Ikurriña altxatu zituzten Gernika Plazan eta lore sorta utzi zuten plazan dagoen euskal haritzan. Arrecifesen, ostera, Mitre Plazan gauzatu zen zeremonia. Euskaldunak Denak Bat-eko kideak Gernikako kimuaren ondoan “Gernikako Arbola” abestu eta Juan Lucio Agotegarayk hitz batzuk zuzendu zizkion bildutako jendeari: “1937ko apirilaren 26ean Hitlerren hegazkinek, Francoren aginduei jarraiki, Gernika bonbardatu zuen. Gernikatik milaka kilometrora, eraso horretan hil zirenei eta baita bizirik atera zirenei ere omenaldia egin nahi diegu”, esan zuen Agotegarayk.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus