euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

71 urte beteko bihar Valparaisoko Eusko Etxea bersortu zenetik; 99 bere elkarte aitzindaria abiatu zenetik

2014/05/12

Archibaldo Uriarte, Valparaisoko Eusko Etxeko lehendakaria; Iratxe de Madariaga, Txileko Ohorezko kontsula Euskal Herrian; eta Pedro Ayala, Eusko Etxeko batzordekidea (argazkiaEE)
Archibaldo Uriarte, Valparaisoko Eusko Etxeko lehendakaria; Iratxe de Madariaga, Txileko Ohorezko kontsula Euskal Herrian; eta Pedro Ayala, Eusko Etxeko batzordekidea (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Maiatzaren 13a da bihar eta Txilen, 5. Valparaisoko Eusko Etxeak 71 urte beteko ditu. Maiatz honetan, ordea, bigarren urtebetetzea ere badute 5. erregio txiletarreko euskaldunek, Valparaison bertan euskal elkarte aitzindari izan zen Elkarri Laguntzeko Euskal Txiletar Etxea (Centro Vasco Chileno de Socorros Mutuos) sortu zela 99 urte beteko baitira. Azken elkarte honen Mendeurrenaren urtebetera, hau guztia aipatzen du Rubila Araya Ariztia kazetariak segidako artikuluan, tartean bera kide den Eusko Etxearen planak eta hor, besteak beste, duela ia 75 urte bertako portura, Pablo Nerudak antolaturik iritsi zen Winnipeg untzian txileratu ziren euskaldunei buruzko ikerlan bat, Rubilak berak abiarazi behar duena.

Rubila Araya Ariztia/Valparaiso, Txile. Maiatz honetan Valparaisoko Eusko Etxea bere ber-sorreraren 71. urtebetetzea ari da ospatzen eta 99.a bere elkarte aitzindariarena, tartean proiektu berri eta itxaropentsu asko daudela.

Erakundearen bilakaera [Valparaisoko] portuan XX. mende hasieran egon zen aurreneko elkartze aldeko esperientziari lotzen bazaio --Elkarri Laguntzeko Euskal Txiletar Etxea (Centro Vasco Chileno de Socorros Mutuos) delako euskal etxeari alegia, 1915ean sortua berau--, abagune hau daukagu ondotik, pixkat geroagokoa, hamarkadetan zehar gaurdaino heldu zaigun elkarte txiletar hau ekarri diguna.

1943ko maiatzaren 13an izan zen, hau baita egungo Eusko Etxearen sorrera-agiriak erregistratutako data, aipatzen delarik euskal lagun batzuen elkarretaratze historikoa, basoerdien eta billarren goxotasuna lagun, geroztik gaurdaino Valparaisoko Eusko Etxearen lana argitu duten estatutuak erditzen (istorio osoa hemen).

Une hartatik 71 urtek aldentzen gaituzte, tarte zabal baina iheskorra non milaka pertsonak elkarri eragin dioten, ekimen andana sortu den, ehundaka une goxo agitu diren, saihestuezineko krisialdiak gertatu eta erronka berritzaileei bide eman zaien, horrek guztiak ahalbidetu duelarik Valparaisoko Eusko Etxeak egun segitzea, batere muzin egin gabe etorkizun emankor bati, halaxekoa baitu oraina ere.

Valparaisoko Eusko Etxea, egoitza Viña del Marren duela, zinez Txileko bere ingurukoei emana bizi da oro har, hurbiltzeko modu gisa eta euskal kultura bere bazkideen edota kolektibitatekoen artean hedatzetik haratago. Helburua, bertako biztanleari orain dela urte batzuk guraso eta aiton-amona immigranteei emandako harrera ona atzera eskertzea da, kultur ekintzak antolatzearen bidez, denbora ongi pasatu eta ekimena eta ongizatea sustatzearren.

Modu biltzailean jokatuz eta kulturgune gisa euskaldunak eta euren ondorengoak eta oro har parte hartu nahi duten guztiak integratuz , Eusko Etxeak, egun, publikoaren eta bertako prentsaren aldetik oso harrera ona lortu duten tailerrak antolatzen ditu, hala nola Mandala, Sukaldaritza, Gorputz kontzientzia, Ongizate sikologiko, Alkymia, Euskara eta Euskal dantza, ekarpena eginez horrekin Valparaisoalde osoko haur, etxeko andre, gazte eta helduei. Eusko Etxearen azken boladako jardunbidearen ezaugarri izan da elkartea komunitateari zabaltzeko ekimen profesional baliotsua, batzordekideek eta elkarteko lehendakari Archibaldo Uriarteren lan etengabe, engaiatu eta sustatzaileak sostengatua (ikus hemen).

Bide horretako asmo izan da baita ere bolondresak batzea, dirulaguntza deialdietara aurkeztea eta bertako erakundeekin koordinatzea elkartearen funtzionamendu eta aurrerabidea sendotzen segitzeko eta euskal etxea finkatzeko eskualdean euskal etxe eta kultur eragile gisa.

Bestalde, segitzen du Kepa Bilbao apezaren eskutik xede gogoangarriz aitabitxi babesten haren Juanita Fernandez eskolako musika taldeko haurrei, euskal dantza klaseak jasotzeko aukera emanez eta berehala txistu eta danbolin klaseak ere berriro ere hastekotan, eskolako programaz kanpoko eskaintza legez.

Eusko Etxeak xede hartu du baita ere berriro jendaurretzea, aurten uztailaren 27an egingo duen San Inazio Jaiaren baitan, 'Txilen topa daitezkeen leku-izen jatorriko 47 euskal deitura' (47 Apellidos Toponímicos Vascos Presentes en Chile) liburua, abizen hauek daramatzaten Txileko familien Euskadiko sustraiak ezagutarazi nahi dituen lana.

Aurtengo erronketako beste bat Winnipeg-eko immigranteei buruzko ikerlan bat abiaraztea izango da, duela ia 75 urte Frantziatik Valparaisoko portura bi mila errefuxiaturekin ailegatu zen zamauntziari buruzko atzera begirakoa eginez. Proiektuaren arduraduna 'Balentriak, zorionak eta herriminak. Euskaldunak XX. mendeko Valparaison' liburua (Arrojos, Dichas y Nostalgias. Vascos en Valparaíso del Siglo XX) idatzi zuen kazetaria izanik [alegia Rubila Araya Ariztia bera], ate joka datorkio dagoeneko lehenengo zatia, elkarrizketa bide-urratzaileena, bitartean laguntza ekonomiko bila ari direla hurrengo faseei ekiteko.

Honela segitzen du hegan urtero Valparaisoko Eusko Etxeak, ideia berriekin eta hauek gauzatzeko ahaleginean dabiltzan giza nahikeriekin, aurrerapen txikiena lorpen handi bilakatuz aiseegia ez den aurrera segi eta denboran gaindi mantentzearen zeregin etengabean.

-Valparaisoko Eusko Etxearen webgunea: www.euskoetxea.cl



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia