Tandil, Argentina. Ekintzaz eta emozioz betetako urtea izan da hau Gure Etxe tandildarrarentzat 70 urte bete baititu erakundeak, zazpi hamarkada Euskal Herriko kultura, ohiturak, hizkuntza eta nortasun-izaera zabaltzen. Ekintza ugari egin dituzte urtean zehar urtemuga berezi hau ospatzeko eta programa bereizia bukatuta, Gabonetako programari ere ekin zion elkarteak. Atzo bertan, Oier Plaza zuzendariaren Marijesiak 4:00 dokumentala proiektatu zuten euskal tandildarrek, komunitateari irekitako saio batean. Aurreko asteburuan, berriz, ‘La casita de colectividades’ delako gunearen inaugurazioan hartu zuten parte, baita ere ‘del Fuerte’ Antzokian egin zen Jaiotzan.
Abenduan zehar, beste jarduera batzuen egoitza ere izan zen Euskal Etxea: ikasleek-irakasleek ENE ospatu zuten ikasturte amaierarekin batera eta Surcanto musika taldeak kontzertu bat eskaini zuen.
70. urteurrena
Ospakizunak apirilean hasi baziren ere, urteurreneko aktibitate nagusiak azaroan izan ziren. Etxeko lehendakari ohien ohoretan, ‘Lehendakarien Horma' inauguratu zuen Euskal Etxeak. Euskal Mitologiari buruzko hitzaldi bat ere eskaini zen, hau Maria Valeria Aramburu eta Maria Abasolo arduradun. Urteurreneko meza Begoña Parrokian izan zen, dantzariak eta Gure Abestiak Abesbatza lagun; eta pintura eta Elkartearen historiarekin lotura duten argazki erakusketa jarri zen ikusgai Euskal Etxean.
Publikoari zuzendutako proposamenak ere prestatu ditu Gure Etxeak, tartean Mus Tailerra, Facundo Etchegaray eta Santiago Benavidez arduradun; Euskara Tailerra, Etxeko irakasleen eskutik; eta Abesbatza Tailerra, Martin Tumbarinok zuzendurik.
70. urteurrenari amaiera bikaina jartzeko, afari jendetsua egin zuen Elkarteak azaroaren 30ean Etxeko trinketean. Menu ederra partekatzeaz gain, euskal dantzaz eta zuzeneko musikaz gozatu ahal izan zuten gonbidatuek.