euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

66 bikote tarteko, Miguel Perez eta Agustin Oroz irabazle Gardnerville-ko mus txapelketan iragan larunbatean

2015/03/27

Ezkerretik eskumara, txapelketako irabazleak, bigarrenak eta hirugarren sailkatuak: Miguel Perez, Agustin Oroz, Manuel Villanueva, Tony Campos eta Kristina eta David Alfaro (argazkia Mendiko Euskaldun Kluba)
Ezkerretik eskumara, txapelketako irabazleak, bigarrenak eta hirugarren sailkatuak: Miguel Perez, Agustin Oroz, Manuel Villanueva, Tony Campos eta Kristina eta David Alfaro (argazkia Mendiko Euskaldun Kluba)

PUBLIZITATEA

Martxoa hilabete arraroa da eguraldiari dagokionean Nevadako Gardnerville-n. Elurra mara-mara zein eguzki epela izan daitezke zeruko jabe. Zorionez, bigarrenak eman zien ongi etorria, iragan larunbatean, musean jokatzera bertaratu zirenei. “Esperro bezala, arrakastatsua izan zen txapelketa”, esan dio Becky Sarratea Mendiko Euskal Klubako presidenteak EuskalKultura.com-i. “Eguraldiak lagundu zigun”, gehitu du. Miguel Perez eta Agustin Oroz izan ziren txapeldunak.

Gardnerville, AEB. Sailkatutako lehenengo hiru bikoteak arituko dira maiatzaren 30ean Idahoko Homedale-n NABOko mus finalean, hiriko ordezkari gisa. Euskal Etxe gehienek ordezkari bakarra badute ere, Gardnerville-koak hiru izan ohi ditu, “geurea oso txapelketa jendetsua baita”, adierazi du lehendakariak.

Larunbateko edizioa azken bost urteetako arrakastatsuena izan zen, diosku. “66 taldek hartu zuten parte. Jokalari gehien izan genuen urtean 75 bikote aritu ziren, orain urte batzuk. Baina azken bost urteetan ez gara 50 bikotetik igo”. Horren zergatia eguraldia dela uste du Sarrateak: “Jendeak ez du kotxea gidatu nahi elurra dabilenean”.

Zorionez, oskarbi zegoen zerua larunbatean eta 132 jokalari hurbildu ziren CVI kasinora. Goizeko 7:30ean hasi zen jendea izena ematen eta arratsaldeko 18:30erako bukatua zen azken partida. Jokalarietako batzuk hirikoak bertakoak baziren ere, bazeuden zortzi ordu luzez gidatu zutenak ere. “Pozgarria da jendea hain urrunetik etortzen ikustea, baina harrigarria ere. Ohorea da guretzat, edonola ere”, esan du Sarrateak. Hala ere, gehien bidaiatzen dutenak, seguru asko, Mark, Robert eta J.B. Etchemendy dira; bi urtean behin hartzen dute Arizonan hegaldia Mattin Etchemendyren ilobek, txapelketan aritzeko.

“Gero eta jokalari gazte gehiago ditugu, eta ederra da hori ere”, amaitzen du lehendakariak. “Denek maite dute txapelketa hau, jende guztia dago pozik hemen. Horregatik, uste dut, dator horrenbeste jende”.

Miguel Perez eta Agustin Oroz izan ziren txapeldunak, Manuel Villanueva eta Tony Campos txapeldunordeak eta hirugarren lotu ziren Kristina eta David Alfaro.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia