euskal diaspora eta kultura
2014/06/20
PUBLIZITATEA
Elko, Estatu Batuak. Suak markatutako Udaleku izango da aurtengoa, Franzoiak aipatu legez, programa barruan Donibane edo San Juan sua eta Agate Deuna ospatuko baitituzte. Izatez, Dibertsio Gaua deitu duten lehen gauean, haurrek eta monitoreek tradizio hauei eutsiko diete “su txiki bat eginaz”. Ohiko ospakizunak dira Europako Euskal Herrian, zahar eta gazteen bilgarri, urteko gaurik laburrena ospatzeko su erraldoiak eginez. Eta suak markatutako Udalekuak izango direla esateko beste arrazoia da antolatutako azken ekintza Txupinazoa izango dela. Bai, txupinazoa izango da azken ekintza. Baina ez Udalekuena, baizik eta egun berean hasiko diren Elkoko Euskal Jaiena.
Neskato gehiago izango dira mutiko baino Udalekuren aurtengo edizioan, “baina ez askoz gehiago”, Franzoiaren hitzetan. Haurren jatorria anitza izango da: Kalifornia, Nevada, Utah, Idaho eta Wyoming, nagusiki. Eta bi astez lotuko dira 20 harrera familiekin elkar bizituz. Antolatzaileak berak esana, “aurten ez dugu kanpoko inoren eskabiderik jaso”, alegia, ez dela, aurreko batzuetan gertatu izan den legez, Euskal Herritik heldutako umerik egongo.
Hala ere, hiru monitore euskal herritar izango dira: Jesus Larrea eta Eneko Muxika, dantza eta txistu irakasleak, hurrenez-hurren, Donostia eta Gasteiztik helduak; eta Eztitxu Hariñordoki baigorriarra Nafarroa Beheretik. Laguntzaile moduan arituko da Hariñordoki, aurtengo urtarriletik ekainera bitartean Bakersfielden (Kalifornia), bertan egoitza duen Kern Countyko Euskal Etxean euskara eskolak eman eta gero. Aipatu hiru hauekin batera, beste hamabi begirale eta hiru boluntario arituko dira lanean, haurrek euskal dantzak, txistua, euskara eta euskal kantak, pilota, euskal kultura eta musean olgetan ikasten duten bitartean, goza dezaten.
Programako ekintza gehienak Euskal Etxean bertan egingo dituzte, prestatu dituzten irteera pare bat salbu: Lamoille Canyonera, hiritik 45 minutura, natura eta mendiaren erdian egunpasa bat egitera; eta urre-mehatzetara egingo duten bisita, mundu mailan erreferentzia baita Elko arlo honetan. Aire zabaleko mehategia “ikusgarria da oso”, Franzoiaren esanetan. “Oso interesgarria izango da, gazte gehienak Elkotik kanpokoak izango direlako, eta beraz normalean sekula izan gabeak honelako leku batean”. Barrick Gold Mine eta Newmont Gold Mine enpresak lagun izango dituzte, umeek, mehatze batean dena “zein handia” den ikusi ahal izango duten irteera honetan. Izatez, bertan diharduten kamioien gurpilak pertsona heldu bat baino altuagoak dira, Franzoiak esana.
Zortzi urte joan dira ia Elkok azken Udalekuak antolatu zituenetik eta, Franzoiarentzat, pozgarria da bere hiriak berriz ere honen ardura hartu izana. “Udalekuak onak dira umeek ikus dezaten gainontzeko Euskal Etxeen lan egiteko modua”. Eta bukatze aldera esaten du: “Azken batean, honen guztiaren helburua da umeei hara (Euskal Herrira) joan eta eroso sentiaraziko dizkien erremintak ematea, bertatik bertara ezagutu dezaten hango errealitatea”.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus