euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

61. urteurrena ospatu duen Bolivarreko Nafar Etxeak Zuzendaritza Batzordea berrituko du maiatzean

2015/04/22

61. urterren afarian, Zuzendaritza Batzordeko kide batzuk urtebetetze tartaren inguruan (argazkia NE)
61. urterren afarian, Zuzendaritza Batzordeko kide batzuk urtebetetze tartaren inguruan (argazkia NE)

PUBLIZITATEA

130 bat lagun bildu ziren elkartearen urtebetetze jaira, etxeko abesbatzak eta dantza taldeak egunerako prestatutako ikuskizunaz gozatzeko. Orain, eta datorren hilabeteari begira, Zuzendaritza Batzordea berritzeko egingo duten Biltzarra ari dira prestatzen Bolivarreko Nafar Etxeko lagunak: “Garrantzitsua da jende berria eta gaztea erakartzea, erakundearen etorkizuna bermatzeko”, azaltzen dute instituziotik. 

Bolivar, Argentina. Betiko alaitasunez elkartu dira aurten ere Buenos Aires probintziako Bolivar hiriko nafarren ondorengoak euren erakundearen urteurrena ospatzeko. Jaiaren 61. edizioa apirilaren 11an izan zen –sorreraren eguna urtarrilaren 31an da, baina antolakuntza kontuengatik apirilean egiten da urtero– eta menu ederra eta etxeko abeslari eta dantzariek prestatutako emanaldia eskaini zizkieten anfitrioiek festak kide izan zituen 130 inguru gonbidatuei.

Afariaren baitan, etxeko lehendakariak, Mirta Morionesek, hitz batzuk zuzendu zizkion publikoari eta topa egitera eta sagardoa eta urtebetetze tarta partekatzera ere gonbidatu zituen bildutako lagunak. Ondoren, erromeria goizeko 4ak arte luzatu zen, DJ baten musikak girotuta.

Etorkizuna

Berri hauekin batera, maiatz amaieran Zuzendaritza Batzorde osoa berritzeko Biltzar Orokorra egingo dutela jakinarazi dio Mirta Morionesek EuskalKultura.com-i: “Gure asmoa da jende berria sartzea, eta berritzearekin batera instituzioaren ekintzen eskaintza handitzea. Horrela, jende gehiago etorriko da eta gero eta biziago egongo da gure etxea”.

Bitartean, eta etorkizunari begira, berritze lanak egiten ari dira egoitzan Nafarroako Gobernutik jasotako diru laguntza eta kideen kuotak baliatuta. Egoitzako aretoa egokitu eta erosoagoa izatea dute helburu. Horretaz gain, 2015eko Sanferminak antolatzen hasiak dira. “Jai nagusia uztailaren 11an izango da aurten; eta egun horretan etxeko nafar txorizoak jango ditugu, ohi dugun bezala. Meza eta kalejira eta egingo ditugu, baina programa osoa Batzordea berritu arte ezin dugu kaleratu, denon artean adostu nahi baitugu gure ospakizun garrantzitsuena nola izango den”, adierazi digu Morionesek. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia