euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

60tik gora txiki eta nerabe partaide izan dira Uruguaiko FIVUk antolatutako 2016ko 'Udaleku’ ekitaldian

2016/10/06

FIVUk antolaturik, Uruguaiko 2016ko ‘Udalekua’ irailaren 16tik 18ra egin zen
FIVUk antolaturik, Uruguaiko 2016ko ‘Udalekua’ irailaren 16tik 18ra egin zen

PUBLIZITATEA

Asteburu osoko topaketa antolatu zuen FIVU Uruguaiko Euskal Etxeen federazioak, Carmeloko Ibai Ondoko Etxea eta Montevideoko Euskaro eta Haize Hegoa euskal etxeak lagun. Hiru egunetan zehar, eta Euskal Herriko inauterien gaia abiapuntu hartuta, dantza eta euskara tailerrak, jolasak, suak eta beste hainbat ekintzekin gozatu zuten bildutako txiki eta gazteek.

Montevideo, Uruguai. Irailaren 16tik 18ra egin zen Uruguaiko 2016ko Udalekua, Canelones departamentuko La Tuna hondartzako ‘Villa Bautista’ kanpalekuan. 5 eta 17 urte arteko txiki eta nerabeei zuzendutako deialdiak 60 bat lagun pasexe bildu zituen, tartean Carmeloko Ibai Ondoko Etxekoak, Montevideoko Euskaro eta Haize Hegoa euskal etxekoak eta baita San Jose eta Montevideo hirietako euskara ikasleen seme-alaba eta bilobak ere.

FIVUtik azaldu digutenez, “aurtengo gaia Euskal Herriko inauteriak izan da eta jai horri buruzko –eta batez ere Lantzeko Inauterien inguruko– istorioak kontatu zizkigun aitona batek bisita egin zigun”. Ipuin kontalariarekin batera, Basajaun eta Gaueko pertsonaia mitologikoak ere azaldu ziren kanpinean.

“Euskara eta dantza tailerretan hartu genuen parte, gau jolasak egin genituen eta gure arteko loturak indartzeko hainbat aktibitate egin ditugu. Azken egunean sutondoan abestu eta dantza egin genuen. Oso esperientzia aberasgarria izan da txiki eta nerabeentzat eta baita helduontzat ere”, azpimarratzen du FIVUko lehendakari Enrique Poittevin Gilmet-ek. “Euskal kulturan barneratu ginen, giro ederrean, eta jarduera bukatuta,  hasiak gara dagoeneko hurrengoaz pentsatzen. Azken urteetan bezala, gure datorren ‘Udalekua’ ere irail aldera izango da, uda garaian oso zaila egiten baitzaigu. Alde batetik, lekua aurkitzeko oztopoak ditugulako; bestetik, uste dugulako oporrak familian pasatzeko direla, eta hori dela eta nahiago dugu urtearen beste momentu batean egin”, azaldu dio EuskalKultura.com-i FIVUko buruak.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia