euskal diaspora eta kultura
2011/10/03
PUBLIZITATEA
Pergamino, Argentina. Hamaika gonbite eta proposamen luzatu dizkio aurten euskal gizataldeak Pergaminoko komunitateari. Ohikoak eta baita gehiago ere. Udako Euskal Unibertsitateko irakasleek bi eguneko ikastaroa eskaini zuten bertan, dantzari ohien bilkura egin zen, eta Katalunia eta Euskal Herriaren arteko kasuak alderatuz hitzaldia eman zen, eta baita Picassoren 'Guernica' koadroari buruzko hitzaldia ere. Pasa den irailean eskaintza hori ez da urritu; izan ere, garrantzi handiko hiru hitzordu izan zituzten Pergaminoko herritarrek Lagun Onak-eko arduradunen esku.
Irakasle Formakuntzarako Institutuarekin batera, Gernikako bonbardaketari buruzko mintzaldia antolatu zuten euskal etxekoek. Hitzaldia, irailaren 16an izan zen, ostiralez, eta Cesar Arrondoren aurkezpena entzuteaz gain, gertakari honen dokumental bat ere ikusi ahal izan zuten Institutuko ikasleek. “Oso baliagarria izan da klasea gazteentzat, kontzeptu berriak aurkeztu zaizkielako eta, bestetik, bakearen aldeko mezua jaso dutelako”, azaldu diote euskal etxetik EuskalKultura.com-i.
[Gernikako Bonbardaketa izan da Irakasle Formakuntzarako Institutuan Cesar Arrondok emandako hitzaldiaren gaia (argazkiaEE)]
Musika eta kirola
Programari jarraituz eta herriko Carmen Parrokian, abesbatzen topaketa egin zen irailaren 17an. Tandilgo Gure Abestiak eta La Platako Kataluniako Etxeko koruek hartu zuten parte Pergaminoko Ahotsak taldeak antolatutako elkarretaratzean. Kontzertua amaituta, euskal etxeko egoitzan elkartu ziren kantariak eta erakundeko kideak afaria eta Euskal Herriko kanta tradizionalak partekatzeko.
[Tandilgo Gure Abestiak, La Platako Kataluniako Etxekoa eta Pergaminoko Ahotsak koruak aurkeztu ziren Carmen Parrokian (argazkiaEE)]
Ama Birjinaren omenez antolatzen da urtero Pergaminon Erdi Maratoia delako lasterketa eta Lagun Onak Euskal Etxeak eginkizun garrantzitsua du ekitaldi honen antolakuntzan, Maratoiaren baitan egiten den Integrazio Proba bultzatzen baitu.
Komunitate osoari eta batez ere ahalmen berezidun pertsonei zuzentzen zaien txapelketaren 9. edizioa izan da aurtengo eta irailaren 25ean gauzatu da. Lagun anitz bildu dira herriko Gral. San Martin Udal Parkera, eta beti bezala “Alaitasuna eta giro ederra gailendu da euskal etxea antolatzaile duen jai honetan”, adierazi dute Lagun Onak-eko kideek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus