Santiago, Txile. Euskara festalari ibili zen joan den asteazkenean, azaroaren 6an, Santiagoko Txileko Euskal Gizataldeak antolatutako ekitaldi batean, elkarteko euskara irakasle Christian Etxeberria koordinatzaile. Mintza Txokoa Las Condeseko Estadio Españolen egin zen eta etxeko ikasle eta bazkideak eta hiriko beste elkarte batzuetako euskaltzale batzuk bildu zituen, guztira, 60 bat lagun, jende kopuru polita honelako ekitaldien antolatzaileen esanetan.
Hastapenean, ogi denez, ongietorri agurrak eta aurkezpenak egin ziren eta ondoren, antolatzaileek mahai ezberdinetan banatu zituzten parte-hartzaileak, taldeka mintzatu eta jolastu ahal izateko euskaraz. Euskal Etxeko dantzariek, Euskadiko Lagunak taldean bilduta, animatzaile ibili ziren, eta euskara ikasleekin dantza egin zuten.
60 bat lagunek hartu zute parte Mintza Txokoan (argazkia Carlos Negrete)
Euskara ikasleek dantza egin zuten Euskadiko Lagunak taldeko dantzarien eskutik: Zazpi jauzi
Mintza Txokoaren bigarren edizioa zen honakoa eta erabat arrakastatsutzat jo zuten antolatzaileek. Txileko Euskal Gizataldeko lagunek esker beroak luzatu nahi dizkiete Euskadiren Txileko Ordezkaritzari, Euskal Etxera bertaratu ziren bazkide eta lagunei, Estadio Español-eko S&C departamentuari eta dantza taldeari ekitaldia posible egiteagatik.
Euskal Mitologia
Bestalde, esan dezagun euskal kulturan sakontzen jarraitzeko asmoarekin euskal mitologiari buruzko hitzaldia antolatu zuela urriaren 25ean Txileko Euskal Gizataldea Elkarteak. Diego Rojas-Berrios Etxeko bazkideak mito eta kondaira zaharrak kontatu zituen “era arin eta erakargarrian”. Hitzaldia girotzeko Euskadiko Lagunak taldeko dantzariak mitologiako pertsonaietaz mozorrotu ziren.
Dantzariak mitologiako pertsonaietaz mozorrotu ziren hitzaldia girotzeko