euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

55 mila lagun bildu zituen Olavarria hiriaren urteurren jaian Gure Etxe Maitea ere protagonista izan zen

2016/12/02

Euskal standa Olavarria hiriaren 149. urteurren jaialdian
Euskal standa Olavarria hiriaren 149. urteurren jaialdian

PUBLIZITATEA

149 urte bete ditu hiriak eta bertako erakunde garrantzitsuenek bat egin zuten jaia antolatu eta ospatzeko. Festa euskal izena duen Helios Eseverri parkean izan zen eta bertan muntatu zuen Euskal Etxeak bere sukaldaritza standa. Txikientzako 'Udaleku' eta Azul hiriko Gizataldeen Jaiaren berri ere helarazi digute Gure Etxe Maiteako lagunek.

Olavarria, Argentina. Mugimendu handiko egunak bizi izan ditu Gure Etxe Maitea Euskal Etxeak azken asteburu honetan. Izan ere, hiru aktibitateri heldu eta aurre eginbehar izan die eta hiruretan ondo baino hobeto ordezkatu du euskal elkarteak euskal gizataldea.

Joan den igandean. azaroaren 27an, beste hainbat erakunderekin batera, Olavarria hiriaren urteurrena ospatu zuen Euskal Etxeak 55 mila bisitari bildu zituen ekitaldi arrakastatsu batean partaide izanik. Jaia Helios Eseverri parkean izan zen eta bertan jarri zuen standa Euskal Etxeak, mokadu ederrak salduz eta bere aurrekontuari arras lagungarri izango zaizkion salmentak eginez. Etxeko lehendakari Marisu Mendizabalek EuskalKultura.com-i jakinarazi dionez, “lan handia egin genuen egun osoan baina merezi izan du. Jende ugarik bisitatu zuen standa eta prestatutako guztia ahitu zuten. 200 kilo patata prestatu eta saldu genituen! Tarta gozoak eta urdaiazpiko pintxoak ere eskaini genituen”.

Aipagarria da hiriaren urteurren eguna azaroaren 25a dela eta egun hartan El popular izeneko egunkariak Olavarriako euskal gizataldeari buruzko bi orriko artikulu bat argitaratu zuela, herriaren euskal izenari buruz ere jardunez. Artikulua, gaztelaniaz, hemen irakur daiteke.

'Udaleku' eta Azulgo Gizataldeen Jaia

Azaroaren azken asteburuan beste ekintza bi izan zituzten olavarriatarrek. 25 eta 26an urte amaierako 'Udaleku' moduko ekimena garatu zuten Euskal Etxeko egoitzan. Mendizabalek azaldu digunez, “urte osoan zehar dantza eta kultur tailerrean aritzen diren txikiek gaupasa egiten zuten Euskal Etxean. Julia Arouxet eta Ana G. Elortegui irakasleen eskutik, hainbat jarduera egin zituzten neska-mutilek: dantzak, jolasak, arte lanak eta euren otorduak prestatu zituzten”.

Oso lanpetuta ibili ziren Gure Etxe Maitea-ko txikiak baino ertainek ere izan zuten zeregina. Azul hiriko Kolektibitateen Festan dantzatu zuten neskek, Gure Txokoa-ko ‘Arima Gazte’ taldearekin batera. Jaialdian kultur eta gastronomia stand bat ere antolatu zuten euskal azuldarrek.

Javier Camenoren bisita

Azaroan ere, baina 16an, Javier Cameno kazetari gasteiztarrari harrera egin zioten Gure Etxe Maitea-ko kideek. “Cameno abesbatza zuzendaria ere bada eta Mar del Platan egin zen koruen topaketa batera etorri zen Argentinara. Hala ere, aita argentinarra duelarik, asko daki berak euskal immigrazioari buruz eta hori izan zen eskaini zigun hitzaldiaren gaia. Oso interesgarria izan zen”, adierazi digu Euskal Etxeko buruak.

Azaroan Euskal Aste Nazionalean ere hartu zuen parte Olavarriako ordezkaritza batek.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia