Mar del Plata, Argentina. Jarduera eta emozio handiko orduak bizi izan dira joan den asteburuan Mar del Platako Denak Bat-en, euskal etxea bi ekitaldi garrantzitsuren egoitza izan baita, batetik, euskal etxe argentinarretako musikarien biltoki, FEVAko musikarien urteko lehenengo bilkuran, Bahia Blancako Euskal Aste Nazionaleko euren partaidetza prestatzearren; eta horrez gain, 2024ko Dantzari Ohiaren Jaia egin du, bertako Beti Alai dantza taldeak 80 urte bete dituen edizio berezi honetan, FEVAko musikariak luxuzko partaide.
FEVAko Musikarien Bilkuran parte hartutako hogei jotzaileek bat egin zuten Dantzari Ohiaren jaiarekin, hiriko Beti Alai dantza taldearen 80 urtebetetzea euren doinuez edertuz
Programa ostiralean, ekainaren 21ean, hasi zen, Denak Bateko lehendakari Gustavo Elichiribehety eta FEVAko lehendakari Asier Iriberri, Argentinako hainbat euskal etxetatik FEVAko musikarien bilerara bertaratutako hogei kideen gosarira hurreratu eta ongi-etorria eman zietenean, otordua eurekin partekatuz. Bi buruzagien ongietorri hitzen ondoren, musikariek euren lanari ekin eta buru-belarri aritu ziren, larunbat gauean Dantzari Ohiaren eta Beti Alairen 80 urteen Jaiko euren partaidetza gauzatzearekin eguna bukatu arte.
FEVAko lehendakari Asier Iriberrik “Dantzari Ohiaren Jai zeharo arrakastatsua” azpimarratuko zuen. Euskal etxe askotako dantzari eta dantzari ohiek hartu zuten parte, eta azpimarra daitezke, adibidez, Necocheatik bertaratutako 20 dantzari ohien talde gotorra. 500 lagun pasexek izan zuten zuzeneko musikaz eta euskal plater tradizionalez gozatzeko aukera.
Plaka oroigarria
Areto nagusia eta pilotalekua jendez mukurru bete ziren, eta, dantza egiteko ez ezik, nostalgiarako tarteak ere izan ziren. Denak Bateko areto nagusian Beti Alairen 80. urteurreneko oroimenezko plaka bat jarri zuten, garai guztietako zuzendari, musikari eta dantzariak gogoan, eta bertatu ahal izan zuten dantzari zaharrenak, eta lehenengo zuzendari izan zen Isidro Vicente Galdurozen seme-alabak eta lehen dantza taldeko dantzarien ondorengoak gonbidatu zituzten ekitaldiko partaide aktibo izan zitezen.
Bildutako lekukotasunen artean, aski esanguratsu bat Denak Bateko egungo lehendakariarena izan zen. “Nire aita ezpatadantzako lehen taldeko, gero Beti Alai izango zeneko partaide izan zen, eta nire amak eta izeba batek handik gutxira osatutako lehen fandango taldea osatu zuten. Hara nola Beti Alaik ahalbidetu zuen biek elkar ezagutzea, eta beraz ni munduratzea eta gaur egun erakundeko buru izatea”, azaldu dio hunkituta Gustavo Elichiribehetyk EuskalKultura.eus-i.
FEVA Musikarien Topaketa Nazionala
Hona Dantzari Ohiaren Jaian eta Topaketan parte hartu zuten 20 musikarien zerrenda, eta bakoitza parte den erakundea:
- Juan Pablo Bilbao Valiela, Euskaldunak Denak Bat (Arrecifes)
- Maria del Pilar Alderete Roque, Buenos Airesko Nafar Etxea
- Fernando Zabalza, Gerora (Córdoba)
- Keila Marozzi, Gerora (Córdoba)
- María Pía Ambroggi, Gerora (Córdoba)
- Santiago Chamorro, Gerora (Córdoba)
- Mariana Branca, Euzko Etxea (La Plata)
- José María Gutiérrez, Laurak Bat (Buenos Aires)
- José Luis Franco, Euzko Alkartasuna (Macachin)
- Fabián Eduardo Maya, Anaitasuna (Maipú)
- Julian Robles, Anaitasuna (Maipú)
- Mercedes Ithurriague, Anaitasuna (Maipú)
- Martín Fernandez, Anaitasuna (Maipú)
- Juan Manuel Hiriart, Denak Bat (Mar del Plata)
- Aitor Hormaechea, Denak Bat (Mar del Plata)
- Nerea Balzola Aguilera, Denak Bat (Mar del Plata)
- Kattin Artola, Denak Bat (Mar del Plata)
- Abel G. Noseda, Euzko Etxea (Necochea)
- Martina Saa, Euzkal Etxea (San Nicolás)
- Luis Carricaburu, Euzko Etxea (Villa María)
Zorionak Mar del Plata eta Beti Alaiko lagunak!