euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

500 lagunetik gora Macachinen Gure Ametzaren 40 urteak ospatzen: musa, tenisa, afariak... eta dantza ugari

2023/10/09

Gure Ametza taldeko adin guztietako dantzariek 40 urtemuga ospatu dute Euzko Alkartasuna Euskal Etxean 600 gonbidatuekin batera
Gure Ametza taldeko adin guztietako dantzariek 40 urtemuga ospatu dute Euzko Alkartasuna Euskal Etxean 600 gonbidatuekin batera

PUBLIZITATEA

Macachín, La Pampa, Argentina. Azken asteburu hau gogoangarri eta parte-hartzailea izan da zalantzarik gabe macachindar guztientzat, eta zer esanik ez herriko Euzko Alkartasuna Euskal Etxeko kideentzat. Hiru eguneko egitarau trinkoa izan dute, gustu guztietarako jarduerekin, kirol arloan zein bozkarioz ospatzeari dagokionez: osagai izan dira tenisa, musa, dantza, afariak... eta bisitariak, bereziki auzoko Buenos Aires probintziako hainbat tokitatik etorririk. Zioa? Euskal etxeko dantza-talde Gure Ametzaren 40. urtemuga ospatzea.

Urtebeteko lanak bukatuta, ostiralean, urriaren 6an, Euzko Alkartasunaren tenis zelaia inauguratu zen. Hormigoi talotxatuzko araupeko kantxa da, harmailaduna eta berdegune berria ondoan. Ekitaldian, La Pampako Tenis Federazioko buru Bruno Garciak eta Euskal Etxeko erreferente Iñaki Unamunok moztu zuten zerrenda, Macachingo bizilagunak lekuko. Gure Ametza taldeko dantzariek euren dantzak eskaini zituzten eta, topa egin ondoren, Santa Rosako 4 jokalarik erakustaldi partida bat jokatu zuten.

 
Ezkerrean, 30 bikote muslarik jokatutako Aralarko San Migel Txapelketa. Eskuinean, Bruno Garcia eta Iñaki Unamuno tenis zelaiko zinten mozketan, Maite Fernandez Salaberry eta Ciro Demirjian aurreskulariak alboan

Ostiralean bertan hasi zen Aralarko San Migel Mus Txapelketa, urte amaierako klasikoa Macachinen. Igandera arte luzatu zen eta Mar del Plata, Junín, Laprida, La Plata, Cañuelas, Saladillo, Ayacucho eta Macachin bertako 30 bikote muslari lehiatu dira, 150.000 peso baino gehiago sariekin. La Platako José Machik eta Macachingo Graciano Amigok osatutako bikoteak geratu ziren txapeldun.

Ospakizun nagusia larunbatean heldu zen, adin guztietako dantzari macachindarren emanaldiarekin. Afariak 500 lagun baino gehiago elkartu zituen eta beste ehun bat bildu emedatu zitzaizkion ondoko erromeriai, goizaldera arte iraun duen dantzaldian. 80 bat dantzarik osatzen dute gaur egun Gure Ametza, lau talde partaide: txikien taldea, Antonella Veroli buru; ertainen taldea, Daniela González, Jimena Angulo eta Antonella Veroliren zuzendaritzapean; helduena, Jorgelina Chapartegui zuzendari eta orain gutxi osatutako emakume helduena, Daniela Gonzalezen ardurapean.

Zorionak Macachingo Gure Ametza! Aupa Macachin!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia