euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'50 urte Mr. Basque gisa': David Rio aditua Robert Laxaltek amerikar literaturan utzitako markaz jardungo da Renon

2007/10/04

Robert Laxalt  (1923-2001) eta David Rio, liburua prestatzeko egin zuten elkarrizketetako batean
Robert Laxalt (1923-2001) eta David Rio, liburua prestatzeko egin zuten elkarrizketetako batean

PUBLIZITATEA

Robert Laxalt Estatu Batuetan famatu egin zuen Sweet Promised Land liburuaren argitalpenaren 50 urteak betetzen diren honetan, Renoko Unibertsitatea hainbat ekitaldi egiten ari da euskalamerikar komunitatearen erreferentzia bihurtu zen idazlearen omenez. Horien artean Unibertsitateak David Rio EHUko literatura irakaslearen 'Robert Laxalt, la voz de los vascos en la literatura americana' liburuaren ingelesezko bertsioa argitaratu du. Rio, Renon da egunotan eta datorren asteartean Laxaltek amerikar literaturan utzitako arrastoari buruz mintzatuko da Unibertsitatean.
Nevada-Renoko Unibertsitateak (UNR) Robert Laxalt: The Voice of the Basques in American Literature liburua argitaratu berri du. David Riok gazteleraz idatzia, liburua hizkuntza horretan argitaratu zen lehendabizi (Pujol & Amado S.L.L., 2002). Oraingoan, Kristin Addisek itzuli du ingelesera eta David Riok berak aurkeztuko du datorren astean Nevada-Renoko Unibertsitatean. Liburuak, 'Robert Laxalt, AEBtako euskal Diasporaren idazle aintzindariaren bizitza eta ibilbide literarioa aztertzen ditu', laburbildu dio Riok EuskalKultura.com-i.

Liburua, datorren asteartean aurkeztuko du Riok berak Unibertsitatean, Robert Laxalt: Fifty Years as ‘Mr. Basque’ in U.S. Literature izenburua duen mintzaldi batekin (Robert Laxalt, 50 urte Mr. Basque bezala EABtako literaturan). Ekitaldia 14:00tan hasiko da, Getchell Liburutegiko Instruction Room aretoan. Bertan Rio Laxalten lanetan euskaldunek agertzen duten irudiaz mintzatuko da, batez ere aurten 50 urte bete dituen Sweet Promised Land liburua oinarri hartuta. Hurrengo ostegunean, hilaren 11an, Ríok beste solasaldi bat eskainiko du UNR-n oraingoan Unibertsitateko Ingeles Sailak antolatua.

Euskal erreferentzia AEBtako literaturan

'Laxalt euskal erreferentzia izan da iparamerikar literaturan', azaltzen du Riok. 1957an Sweet promised land lehen lana zuenaren argitalpenak arrakasta handia ekarri zion eta bere idazle bizitza markatu zuen. Liburuan Laxaltek bere aita Dominiquen bizitza kontatzen du: Nevadan urte askotan artzain bezala jardun duen euskal emigrante batek bere sorterria ikusi nahi du azken aldiz hil aurretik. 'Liburua gaurdaino etenik gabe argitaratzen jarraitu dute AEBtan. Bertako euskaldunak ezagutzera eman zituen. Eta euskaldunak ez ezik, Europako beste emigranteak ere Dominiquen bizipenekin asko identifikatu dira', baiesten du David Riok.

'Hala ere', jarraitzen du irakasleak, 'Sweet promised land-ek onerako eta txarrerako utzi zuen marka Laxaltengan. Irakurle eya editoreek euskal gaietaz idazteko eskatzen zioten'. Izan ere, bizitzan zehar idatzi zituen 17 liburuetatik 15ek euskal gaia dute. 'Aitarekin Euskal Herrira bidaia hura egin zuenetik bere euskal sustraekiko interes bizia izan zuen', aipatzen du Riok.

The Basque Hotel, aurki gazteleraz

Laxalten lanen artean David Riok Indart familiaren trilogia ere aipatzen du. The Basque Hotel liburuarekin hasten da trilogia eta 1989 Pulitzer sarirako izendapena jaso zuen idazle euskal-amerikarrak liburu honengatik. 'Laxalten Nevadako gaztaroa kontatzen du liburuak. Unibertsitatean nire ikasleei irakurrarazten diet eta, Sweet promised land-ek bezala, funtzionatu egiten du. Irakurlea oso identifikatua sentitzen den bizitzako aro batetaz ari da Laxalt'. Ríok berak berriki bukatu du liburu hau gaztelerara itzultzen eta hil honen bukaeran argitaratuko du Ttarttalo argitaletxeak The Basque Hotel. Nacido en América izenburuarekin.

David Río Ipar Amerikar Literatura irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Beste lanen artean, El proceso de la violencia en la narrativa de Robert Penn Warren (1995) liburuaren egilea da eta editorekide bezala Aztlán: ensayos sobre literatura chicana (2001), American Mirrors: (Self) Reflections and (Self) Distortions' (2005), eta 'Exploring the American Literary West: International Perspectives' (2006) eman ditu argitara. Egun amerikar mendebaldeko literatura ikertzen ari da eta Europa zein Amerikako aldizkarietan artikulu ugari idatzi izan ditu.


Lotura interesgarriak

Center for Basque Studies
http://basque.unr.edu

Sweet Promised Land-en 50. urteurrena UNRn
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko uztailaren 27an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia