euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

49 urte bete berria den Gral. Acha-ko Euzko Txokoa-k 50. urteurreneko jai handia du dagoeneko buruan

2014/02/27

Gral. Acha herriko Euzko Txokoa euskal etxearen egoitza (argazkiaEE)
Gral. Acha herriko Euzko Txokoa euskal etxearen egoitza (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Herriko kirolgune garrantzitsuenetako bat bihurturik, 49 urte bete ditu aste honetan La Pampa probintzia argentinarreko Gral. Acha-ko euskal etxeak. Urteurrenaren baitan, datorren urteko jai handia, 50. urtemugarena, antolatzeko gonbitea luzatu diote erakundeko agintariek komunitateari, festarako batzorde antolatzailea sortu nahian. Bitartean, 2014ko ekintzen egitaraua plazaratu du euskal etxeak, kirol eta kultur eskaintza barne. Horretaz gain, euskal etxea Txahalaren 42. Jaiaren egoitza izango da maiatzean.

General Acha, Argentina. Ikasturte hasierarekin batera, ziklo berriaren aktibitateen zerrenda kaleratu du ‘Rincon Vasco’ izenarekin ezagunagoa den Gral. Acha-ko Euzko Txokoa-k. Proposamenak komunitate osoari daude zuzenduta, haur eta nerabeei bereziki. Kirol anitz irakatsiko dira aurten ere euskal etxeko instalazioetan, tartean patinaje artistikoa, saski-baloia, esku-baloia eta gimnasia; disziplina hauetaz gain, kirol hastapen saioak eskainiko dira 3 eta 5 urte bitarteko umeentzat.

Honekin lotuta, aipatu behar da 2012an erakundeak egindako lanei esker, urte osoan zehar garatu ahal izango direla igeriketa ikastaroak Euzko Etxea-ko igerileku klimatizatuan.

Pilota eta euskal dantzak

Euskal kirolei dagokienez, pilotak ere badu leku garrantzitsu bat instituzioaren ekintzen artean. Izan ere, pilotari talde polit batek jokatzen du euskal etxeko trinketean eta euren esku daude pilota eskolak -astearteetan eta ostegunetan, eguerdiko ordu 1:45tik ordu 2:45etara- eta barruko txapelketen antolaketa. Azken lehiaketa joan den asteburuan izan zen eta txapeldunak, Daniel Fernandez eta Fabio Garcia, lehenengo postuan, eta Banano Alcalde eta Marcelo Ziaurriz, bigarrenean.

Etxeko dantza taldea sortze aldera, euskal dantza eskolak ere ematen dira Euzko Txokoan. Aurtengo lehenengo klasea martxoaren 8an izango, goizeko 9:30etatik 10:30etara eta larunbatero burutuko dira, ordutegi horretan. Gonbitea edade guztietako dantzariei dago zuzenduta.  

Bukatzeko, eta 2014ari begira, lan handia izango dute Gral. Acha-ko euskal gizataldeko lagunek euskal etxearen eta herriaren mugak gaindituko dituzten bi jai prestatzeko. Alde batetik, Txahalaren Jai probintziala antolatuko dute aurten ere euren egoitza. Festa herrikoi honen 42. edizioa maiatzean izango da. Beste alde batetik, eta 49. urtebetetzearekin batera, 50. urteurreneko jaia antolatzen hasteko deialdia luzatu die euskal etxeak lagun eta kide guztiei. Informazio gehiago jasotzeko edota ideiak proposatzeko, Euzko Txokoa Facebook-en dago Centro Vasco Euzko Txokoa izenpean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia