Buenos Aires, Argentina. Joan den ostegunetik maiatzaren 12ra arte, Buenos Airesko 49. Nazioarteko Liburu Azoka egiten ari da Sociedad Rural elkartearen egoitzan. Ia hiru astetan zehar, milioi bat irakurle baino gehiagok eta argitaletxeen sektoreko hamabi mila profesionaletik gora bisitatuko dute. Berrogei herrialdetako mila eta bostehun erakusketari izango dira bertan. Eta urtero bezala, euskal kultura bertan izango da, Juan de Garay Euskal Argentinar Fundazioaren eskutik eta baita Lauburu Edizioak medio ere. Euren liburu eta argitalpenak Pabiloi Horiko 2123 eta 1401 standetan, hurrenez hurren, erakutsi eta eskainiko dituzte.
Maiatzaren 6an, asteartea, "Mamia, mujeres que han transformado la gastronomía vasca" liburua aurkeztuko da Azokan, Itziar Aguirre chef rosariotarraren eskutik
Juan de Garay Fundazioak bere standean aurkeztuko ditu dituen argitalpen berriak, eta bertan sinatuko dituzte aleak euren idazleek. Dokumentalak proiektatuko dira eta Eusko Jaurlaritzak kontsultarako bidalitako interes orokorreko argitalpenak ere erakutsiko dituzte. Horrez gain, Euskadiren Ordezkaritza antolaketan lankide, maiatzaren 6an, asteartea, 17:30ean, Adolfo Bioy Casares aretoan, "Mamia, mujeres que han transformado la gastronomía vasca" liburua aurkeztuko dute. Mantala Basque Gastronomy-k garatutako proiektua da, Basque Culinary Center-ek eta Hazi Fundazioak sustatua. Gastronomiaren esparru desberdinetako diziplinatan jardun duten 50 emakumeren ahotsak biltzen dituen liburua da, sukaldariak, ikertzaileak, mahastizainak, dibulgatzaileak, abeltzainak, buztingileak, sagardogileak, enpresaburuak edo nekazariak tartean. Aurkezpena Itziar Aguirre sukaldari rosariotarrak egingo du, obrak omentzen dituen 50 emakumeetako bat berau.
Asel Luzarragaren obra berria
Bere aldetik, Ediciones Lauburu inprimategitik atera berria den nobedade batekin heldu da Azokaren 49. ediziora, “El encanto del disfraz”, bere Hirusta Bildumaren baitan, Asel Luzarraga bilbotarrak gaztelaniara itzuli duen bere bosgarren eleberria. Euskarazko izenburu originala "Mozorroaren xarma" du (Erein 2007). Argitaletxearen gainerako tituluekin batera, salgai dago jada Pabiloi Horiako 1401 standean, 17.000 pesotan..
La Ruralen egiten ari den Buenos Aireseko 49. Nazioarteko Liburu Azoka astelehenetik ostiralera bisitatu daiteke, 14etatik 22etara; larunbat, igande, eta maiatzaren 1 eta 2ko jai egunetan, 13etatik 22etara. Azokako programa