Llavallol, Argentina. FEVA antolatzaile duen ekitaldia joan den larunbatean, irailaren 21ean --udaberriko lehenengo egunean-- egin zen Euskal Echea Eskolako instalazioetan. Deialdiak ohi duen arrakasta lortu zuen eta Euskal Echea eskoletako ikasleez gaien, partaide izan zituen Arrecifes, Cañuelas, Chacabuco, Chascomus, Jose C. Paz, La Plata, Buenos Aires (Laurak Bat), Lomas de Zamora, Maipu, Olavarria, Pergamino, Rosario, Tandil eta Villa Maria hirietako euskal etxeetako 450 bat txiki eta heldu.
Eguraldia lagun, mota askotako ekintzetan hartu zuten parte kolektibitateko ordezkari txikienek, tartean herri-kirolak, jolasak, pilota paleta, dantza eta ohiko ‘Gora Behera’ koreografia arrakastatsua. Bildutako euskal etxeetako txikiek ‘Udaberria’ (sic) izeneko muralak egin eta trukatu zituzten eta eguerdian bazkaria partekatu zuten. Urtero finkatutako egitarauari jarraituz, gainera, euskal kolore eta irudiak zituzten kometak aireratu zituzten.
Haur partaideekin batera, aipatu beharrekoa da begirale eta antolatzaile helduen partaidetza, bistan denez ezinbestekoa Topaketa behar bezala egin eta gauzatu ahal izateko. Izan ere, FEVAk esker beroak luzatu nahi dizkie jolasetako koordinatzaile eta taldeen begiraleei, sukaldariei eta Euskal Echea Eskolako langileei. Pilota Elkarte Metropolitarraren laguntza ere azpimarratu nahi du, jende askoren ahaleginari esker lortzen baitu urtero arrakasta ekitaldiak. Topaketako argazki gehiago, hemen.