Trenque Lauquen, Argentina. Garai batean izandako asistentzia maila berreskuratuz eta alaitasun giro ezinhobean, Argentinako Urdaiazpikoaren Festaren XIV. edizioa arrakastatsu burutu da Trenque Lauquenen. Euskal Sustraiak Euskal Etxeak antolatuta, ekitaldia urriaren 19ko larunbat gauean egin zen, ohiko Barrio Alegre Klubaren egoitzan. Menu bikainaz gain, euskal dantzaz, zozketez, dantzaldi herrikoiaz eta dibertsioaz gozatu zuten bertaratutakoek. Bertan izan ziren, lehenengoz, Trenque Lauquengo intendente Francisco Recoulat eta Gobernuko idazkari Martín Ignacio Borrazas, baita inguruk herrietako lagunak ere, tartean 30 de Agosto, Pellegrini, Tres Lomas, Salliqueló, Pehuajó, Juan José Paso, Rivadavia eta Fortín Olavarríakoak.
Ekitaldiak aurrenekoz izan du Francisco Recoulat intendentea partaide, eta udal gobernuko idazkari Martin Ignacio Borrazas, eta pandemia aurreko tamaina berreskuratu du
Euskal etxe batek antolatutako afari baterako, 400 mahaikide ez da batere kopuru makala, eta, bistan da, Euskal Sustraiak-eko lagunentzat zifra hori berriro lortzea berri pozgarria da zinez. Ohikoa izan zena, 2009an lehen aldiz ospatu zenetik pandemiak eragindako etenaldira arte, ez zen gehiago horrela, eta susperraldiak denbora behar izan du. «Guretzat erronka bat zen, eta horregatik poza handia izan da. Azken edizioetan 300 mahaikide baino ez ziren bertaratzen. Aurten urrunago joan gara, 400 lagunentzat antolatu dugu, arrakastatsua izan da eta gau zoragarria pasa dugu”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i Euskal Sustraiak-eko lehendakari Susana Echaidek.
Txalo ederrak piztu zituzten Euskal Sustraiak-eko sei neska dantzari gazteek
Barrio Alegre Club-eko aretoa jendez mukuru bete zen Urdaiazpikoaren Festako egunean
Pamela González aritu zen beste behin ere ekitaldian esatari eta hiriko merkatariek emandako sarien zozketen irabazleak iragartzea egokitu zitzaion. Sari preziatuenak bi bidaia izan ziren. Sari nagusia, Mar del Platarako joan-etorriko bidaia, 4 eguneko egonaldia barne, eta bigarrena, ostera Merlo herrira (San Luis), 3 eguneko egonaldiarekin. Afariariko menua ohikoa izan zen. Sarrerarako, fianbre taula. Ondoren, errekia entsaladarekin, eta postrerako, izozkia eta opila. Abril Velazcoren eskutik, 6 neska dantzarik osatutako bertako taldeak Sorgin dantza eta Arku dantza taularatu eta txalo zaparrada jaso zuen. Ikuskizunak ‘Kuky Band’-en emanaldiarekin jarraitu zuen, dantzaldia girotzen. Zalantzarik ez Urdaiazpikoaren Jaia hitzordu garrantzitsua bihurtuta dagoela, ez bakarrik Trenque Lauquengo euskal komunitatearentzat, hiriko eta inguruko herrietako bizilagunentzat ere baizik.