euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

400 pertsona partaide Chinon Udaleku 2009ko azken emanaldian, AEBetako Mus Txapelketa Nazionalarekin batera

2009/07/20

Chinoko 2009ko Udalekuko talde-argazkia (erresoluzio altuagoan ipini dugu, nahi duenak jaitsi ahal izan dezan)
Chinoko 2009ko Udalekuko talde-argazkia (erresoluzio altuagoan ipini dugu, nahi duenak jaitsi ahal izan dezan)

PUBLIZITATEA

Uztailaren 11ean, larunbatez, amaitua da Kaliforniako Chinon, bertako Euskal Etxeak antolatua, Udalekuren 2009ko edizioa. Urtero eta 10-15 urte arteko bere gaztetxoentzat eratutako ekimena da Udaleku eta aurtengoan 101 gaztetxo bildu ditu. Irakasleen artean, FEVAko bi ordezkari ere izan dira --Miren Arozarena eta Gabi Mendia-- bertako esperientzia Argentinan aplikarria izan zitekeelakoan. Udalekuko azken emanaldiak 400 bat jende bildu zituen, AEBetako Museko Txapelketarekin batera egin baitzen. Museko txapeldun, Winnemuccako Nekane Gabika eta Ana M. Smith; bigarren, Jean Flesher eta John Cendagorta, Salt Lake City-koak. Winnemuccatarrak izango dira AEBetako ordezkari abuztu-irailean Balmasedan jokatuko den Munduko Mus txapelketan.

Chino, Kalifornia, AEB. Aurtengoan Chinoko Euskal Etxeak hartua zuen bere gain NABOren izenean Udaleku antolatzea. 10-15 urte arteko haurrentzat prestatutako ekimena den honetara 101 haur eta gaztetxo etorri dira, azken urteotako puntetakoa, San Frantziskoko eta Boiseko aurreko edizioren batekin batera. Gaztetxo eta irakasle edo negiraleen artean, bistan denez, ia guztiak estatubatuarrak ziren, baina bildu dira aurten baita ere Euskal Herriko batzuk --gehienbat irakasle eta laguntzaileen artean-- eta Argentinatik gonbidatuta etorritakoak ere.

Taldeka antolatuta, klaseak, garbiketa lanak-eta, olgeta eta dibertimenduzko ekintzak partekatu dituzte. Besteak beste, euskara landu dute eskola zein jokoen bidez, dantzak ikasi dituzte, gutxienez pare bat pieza berri ikasi dituzte txistuan, asko lehenengo aldiz sartu dira sukalde batean eta zerbait prestatu dute, pilotan aritu dira, euskal kultura tradizionala ere landu dute, eta ororen buru, ongi pasatu eta laguntxoekin ibili dira hondartzan, berdegunetan, igerilekuan, Disneyland-en, bolatokian eta udako beste zenbait gauza dibertigarri egiten.

Despedidako malkoak

Azken larunbatean, berriz, Udalekuko azken emanaldiarekin batera, ia hamalau egunez elkarrekin  itsatsita ibilitakoek elkarri agur esan behar izan diote, eta horrek malko gazi-gozoak sortarazi ditu, despedidek dakarren tristeziarekin, baina aldi berean bi astez gogor lan egin eta dibertitu ondoren, etxeratzeko gogoz baita ere, gorputzak sentitzen baitu Udalekuko martxa.

Antolatzaileen izenean, John Ysursak eskerrak eman nahi dizkie haur eta gaztetxoei eta euren guraso eta arduradunei; baita ere haurrak euren etxeetan euki dituzten Chinoko Euskal Etxeko familia guztiei; Maite Maisterrena, Jeanette Duhart, Sandra Gamboa eta Jenny Ysursari; Euskal Etxetik eta Euskal Etxetik kanpo lagundu duten guztiei; eta instruktoreei. Mila esker guztiei. Datorren urtean Nevadako Renon egingo da Udaleku, bertako Zazpiak Bat Basque Club-ek antolatuta.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia