euskal diaspora eta kultura
2009/11/02
PUBLIZITATEA
Trenque Lauquen, Argentina. Joan den urriaren 17an eta bertako Barrio Alegre Klubean ospatu zuten Urdaiazpiko Lehenengo Jaia Euskal Sustraiak-eko kideek. 'Euskal Herriaren nortasuna islatzen duen ikur bat aukeratu nahi genuen eta horrekin lotuta jai erraldoi bat antolatu', laburtu zuten jaialdiaren arduradunek. 'Eta dudarik gabe --erantsi dute-- janari onak zerikusi handia du Euskal Herriko kulturarekin. Horregatik Urdaiazpiko Jaia egitea erabaki genuen'. Eta dudarik gabe, Euskal Sustraiak Euskal Etxekoek asmatu zuten proposamenarekin laurehun bat lagunek baietz erantzun baitzioten gonbiteari.
Bertako Crespo familiak egindako mota askotako hestebeteek, kalitate handiko urdaiazpikoek, enpanadek eta pastelek osatu zuten afariko menua. Ardorik ere ez zen falta izan eta zahatoa mahaiz mahai ibili zen, gonbidatuek euren iaiotasuna erakuts zezaten. Euskal etxeko dantza taldeak ere bere ikuskizuna eskaini zion bildutako jendeari: Arin Arin eta San Petrike dantzekin alaitu zuten gaueko giroa. Alabaina dantzariak ez ziren dantza egin zuten bakarrak. Afal ondoren gonbidatu guztiak atera ziren pistara herriko musika talde baten erritmoarekin dantza egitera. Gaueko hamabiak pasa eta gero, hau da, igandearen hasierarekin batera, ama eguna ospatzen hasi zen eta ama guztiei oparitxo bat eman zitzaien.
Urte bukaerari begira eta datorren urteko Urdaiazpiko Jaia
Urdaiazpikoaren lehenengo jaiaren arrakastaz gozatzen ari dira oraindik Euskal Sustraiak-eko arduradunak. Eta nahiz eta amaitu berria den, dagoeneko hurrengoaren antolaketan murgiltzeko gogo handia dute. 'Oso arrakastatsua izan da jaia eta komunitatearen erantzuna ezin hobea', adierazi dute. 'Hori dela eta denborarik galdu gabe datorren urterako hitzorduaren data jarri dugu: 2010reko 16an izango da. Gure asmoa denboraren poderioz jai tradizional bihurtzea da'.
Datozen hilabeteetan, Euskal Sustraiak Euskal Etxeak jarraituko du agendan dauzkan ekintza guztiak gauzatzen. Kultura Azpibatzordea jadanik prestatzen ari da azaroan egingo duen taberna. Abenduan, berriz, urte amaierako afari batean bilduko dira euskal etxeko kide guztiak eta 23an, bigarren urtez jarraian, Olentzerok gozokiak banatuko ditu umeen artean herriko kaleetan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus