euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Laurehun bat lagunek hartu zuten parte Mar del Platan, 'Aralarko Mikel Deuna'ren omenean eginiko ekintzetan

2011/10/31

Mar del Platako Beti Alai Taldeko dantzariak San Migelen omenezko jaian (argazkiaEE)
Mar del Platako Beti Alai Taldeko dantzariak San Migelen omenezko jaian (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Urteroko ohitura bati jarraituz, Mar del Platako Denak Bat euskal etxeko kideek egitarau oparo batekin ospatu dute aurten ere 'Aralarko Mikel Deuna'. Komunitate osoari begirako ekitaldiak irailaren 21etik urriaren 1a arte gauzatu ziren, gehienak euskal etxearen egoitzan. Ekitaldiak bururatzeko, erakundeko dantzariek, txiki, ertain eta helduek, kalitate handiko ikuskizuna eskaini zieten gonbidatuei, urriaren 1ean gauzatu zen azken taskan.

Mar del Plata, Argentina. Aktibitate handiko egunak bizi izan zituen Mar del Platako euskal komunitateak iraileko azken astean. Izan ere, erakundeko arlo guztietako kideek euren trebeziak eta euskal kulturarekiko zaletasuna erakusteko aukera izan zuten hamar egunez luzatu zen Euskal Herriaren zein euskal etxearen patroiaren omenean egindako ospakizunetan.

Eskaintza zabala luzatu zion euskal etxeak herriko komunitateari. Ekitaldien baitan Pilota txapelketak jokatu ziren etxeko “Teyu Cuare” izeneko trinketean. Horretaz gain, 'Euskal gizataldeko emakumeen laguntza Guda Zibileko errefuxiatuei' delako hitzaldia garatu zuen Mauro Vitullo adituak euskal etxeko “Jose Ariztimuño” liburutegian. Txikiek ere ospatu zuten euskal etxearen patroiaren eguna Llavallolera bidaiatuz eta Umeen Topaketan parte hartuz. Kartak gustukoak dituztenak ez ziren jaietatik kanpo geratu. Eurei begira antolatu ziren Mus tailerra eta Mus eta Kanasta txapelketak.

Dudarik gabe, jenderik gehien bildu zuen hitzordua urriaren 1ekoa --  larunbatekoa --  izan zen. Ekitaldietako azken elkarretaratzean laurehun bat lagun bildu ziren euskal etxeko sukaldariek prestatutako menuaz gozatzeko. “Janaria ez zen izan, baina, gaueko atsegin bakarra”, azaldu diote antolatzaileek EuskalKultura.com-i. “Beti Alai taldeak primerako dantzak oparitu zizkigun publikokooi. Adin guztietako neska-mutilak pasatu ziren tauletatik. Aspalditik ez genituen hainbeste gazte biltzen jai batean”, adierazi dute Denak Bat-eko kideek.

Gaua bukatu aurretik eta bildutako jendetzaren aurrean astean zehar egin ziren txapelketen sariak ere banatu ziren.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia