euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

40 irakasle bildu dira Rosarioko neguko barnetegira, 2003-2007ko 'Argentinan Euskaraz' zikloko azkena

2007/07/21

Kinku Zinkunegi (HABE) saio bat zuzentzen La Plata hirian egindako aurreko barnetegian
Kinku Zinkunegi (HABE) saio bat zuzentzen La Plata hirian egindako aurreko barnetegian

PUBLIZITATEA

Gaur bertan hasi da Rosarion FEVAk urtero Argentinako neguan antolatzen duen barnetegia. 'Argentinan Euskaraz' programaren baitan sortu zen euskal etxeetan euskara klaseak ematen dituzten irakasleekin barnetegia egiteko ideia eta halaxe egin dute azken lau urtekoan. 'Barnetegiaren arrakastak bertan parte hartzen dutenen gogo bizia du oinarri', azaltzen du Jose Frantzisko 'Kinku' Zinkunegi HABEko teknikari eta programaren koordinatzaile denak. 'Talde hauen sorkuntza erronka izan zen guretzat 2003an; orain, esperientzia beste herrialdetan abian jartzea pentsatzen ari gara'.
Gaurtik hasi eta datorren larunbata bitartean 40 bat euskara irakasle arituko dira Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxean FEVAren neguko barnetegian parte hartzen. Barnetegi modu hau FEVAK eta HABEk bultzatzen duten 'Argentinan Euskaraz' programaren barruan egiten da eta 2003an hasi zen, aldez aurretik sekula egin gabeko esperientzia berria bezala.

Programa honen bidez irakasle-ikasleak internet bidezko trebakuntza ikastaro bat egiten hasi ziren, astero tutore arduradunak bidaltzen zieten materialari jarraiki. Ikasitakoaren osagarri, urtean bitan --urtarrilean eta uztailean-- Euskal Herritik heldutako irakasleek astebeteko esklolak ematen zizkieten euskal etxeetako euskara irakasleei. Lau urteko lan gogorraren buruan, programa hasi zuen talde hark emaitza ezinhobeak lortu ditu, azaldu diote programako iturriek BasqueHeritage.com-i.

Jarraipena izango du

'Hau ziklo baten bukaera da, baina ekimenak jarraipena izango du, Bilboko IV,. Mundu Biltzarrean azaldu genuen bezala', adierazi du Zinkunegik. HABEko teknikariaren hitzetan, egunotan egiten ari diren ikastaroa bereziki trinkoa izango da. 'Alde batetik aurreko barnetegietan bezala euskara landuko dugu, batez ere ahozko arloan; baina bestetik, ziklo baten bukaera denez, ikasle bakoitzak lau urteotan ze maila erdietsi duen aztertuko dugu.'

Barnetegiko arduradunek,--Zinkunegik, Iraia Saez de Biteri irakasle bizkaitarrak eta Gabriela Mendia, FEVAko euskara teknikariak-- irakasle-ikasleentzako propio prestaturiko materiala aurkeztuko dute. Gainera astean zehar tailerra egingo dute, irakasle-ikasleek klasean erabiltzeko tresna eta estrategiak berengana ditzaten. Oraingoan, espazio birtualen dinamizazioa izango da tailerraren ardatza.


Lotura interesgarriak

Zazpirak Bat Euskal Etxea, Rosario
www.zazpirakbat.com

FEVAren webgunea
www.fevaonline.org.ar

HABEren webgunea
www.habe.org


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia