euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'36 ordu Donostian': The New York Times egunkariak gipuzkoar hiriburuaz gozatzeko ibilbidea poposatzen du

2007/11/20

Aloña Berri tabernako barra, pintxoz gainezka (argazkia NYT)
Aloña Berri tabernako barra, pintxoz gainezka (argazkia NYT)

PUBLIZITATEA

Nola etekinik handiena atera Donostiarako bidaia bati, egun t'erdi baino ez duzunean? The New York Times egunkari estatubatuarrak Easo Ederra bisitatu nahi duten bere irakurleei gako eta pista sorta bat eskaini die joan den igandean argitaratu duen artikuluan. Dena 36 ordutan. Donostia 'munduan Michelin izar gehien biltzen dituen lekua' dela argitzen du egunkariak, baina 'jateaz aparte ere egiteko asko dago bertan'. Jarraian artikuluaren laburbilpena.
Ibilbidea ostiral arratsaldean hasten da, demagun, bostak aldera, dio Etxeorratzen Hiriko egunkariak. Donostiako hiru hondartzak ezagutu eta paisaiaz gozatzeko aukera paregabea izan daiteke ordu hau. Hori eginik, ilundu ostean, bederatziak aldera, egunkariak 'gastronomia molekularra' deitzen duena dastatzeko ordua iragartzen du: Mugaritz jatetxean, Andoni Luis Aduriz sukaldariaren gidaritzapean txangurroa nitrogeno likidoarekin bezalako proposamenek bisitaria liluratuko dute. Gauerdian, berriz, koktela har dezake Alde Zaharreko tabernaren batean, edo soziedade gastronomikoren batean sartzen saia daiteke.

Larunbat goiza tenore aproposa izan daiteke erosketak egiteko. Bretxako merkatua bisita dezake kanpotarrak, euskal gastronomiaren oinarri diren produktuak ezagutzearren. Ondoren, arropa eta moda erosketak, Loreak Mendian edota Noventa Grados bezalako denda orijinal eta modernoetan.

Donostia bizikletan

Eguerdian Juan Mari Arzak 'euskal sukaldaritza modernoaren aitaren' jatetxeari bisita egin behar zaio, egunkariaren aburuz. 130 eurogatik 12 plater izan ditzakeen menu gogoangarria dastatu ahal izango du bisitariak. Arratsaldean bizikleta alokatzea, Donostiako ikuspegi ezkutuak aurkitzeko modua izan daiteke; eta gauez, Michelin izarrez hornitutako jatetxeak, Alde Zaharreko pintxo tabernengatik aldatzea da The New York Timesen proposamena.

Igande goizean La Perlako Talasoterapian gorputzeko nekeak kentzeko aukera ederra izango da eta azkenik, egunkariak Chillidaren Haizearen Orraziaren ondoan dagoen Branka jatetxean bazkaltzea proposatzen du.

[Merezi du NYT-eko webgunean bertan ikustea Denis Doyle argazkilariak Donostian eginiko hamar argazkiak, hemen]


Lotura interesgarriak

Artikulua eta aipatutako tokien helbideak
The New York Times-en


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia