Iruñea-Pamplona. Axel O´Mill Tubau Buenos Airesen jaiotako zinema zuzendari eta ekoizlea da, jatorri irlandar, eskoziar eta italiarrekoa. Italian eta Bartzelonan bizi ondoren, ia 20 urte dira Nafarroan bizi dela. Txikitan, Patagoniako bere aitonak “Eskorgako Euskalduna”ren istorioak kontatzen zizkion, eta horregatik harritu zen hemen ezaguna ez zela konturatu zenean. Horrela ekin zion Guillermo Larreguiren (Arrotxapea, 1885-Puerto Iguazú, 1964) bizitzari, balioei eta balentriei buruzko film bat egiteko proiektuari.
Hiru urteko ikerketaren ondoren, amaitu du Eskorgako Euskalduna protagonista izango duen fikziozko filmerako gidoia, errealismo magiko kutsuduna, eta hirugarren orrazkeran doa. Baina haren ibilbidea osatu beharrak proiektua bikoiztera bultzatu du, eta erabaki du, filmaren aurretik, dokumentala egitea Guillermo Larreguiz, eta horretarako lehenengo Argentinara bidaiatzea, kamera lagun, Eskorgako Euskalduna ezagutu zuen jendearekin harremandu eta lokazioak ikuskatzera.
Grabaketa 2023an Argentinan
Datorren urtean grabatuko den abentura honetan, Julian Iantzi gehitu zaio bazkide, Iantzi ere Diasporako euskalduna, Kalifornian jaioa eta ondotik Euskal Herriratua, bere kasuan. O´Mill gogotsu dago Larreguiren istorioa jendaurretzeko proiektuarekin. “Istorio sineskaitza da”, aitortu dio Euskalkultura.eus-i, “kalkulua egin genuen, eta 20.000 km egin zituen espartinak oinetan. Zalantzarik gabe, historiako euskaldunik epikoena da”, diosku.
Monumentua Eskorgako Euskaldunari Patagoniako Piedrabuenan, Hegoalde Argentinarra EEa 2007an bisitari
Bi obra plastiko Larreguiren ohoretan Puerto Iguazún, hiriko alkateak 2017an inauguratuak
Zuzendaria guztiz harritu da Argentinan topatu duen euskaldunen sarearekin eta harremanetan jarri den euskal etxeak ematen ari zaizkion laguntzarekin. Euskal Etxeen artean badago, egon ere, Guillermo Larreguiren izena daraman EE bat, Chacabucon. O'Mil-i funtsezkoa izan zaio lanerako Txema Urrutiaren “El vasco de la carretilla” liburua, eta orain irrikan dago Larreguiren istorioaz idatzi zuten bi emakume argentinar ezagutzeko, María Esther Rolón eta Patricia Halvorsen.
Nafarroan bizi den zinemagileak nahiko luke Larreguik Argentinan daukan ezagutza eta errekonozimendua bere jaioterrian ere izatea. Amets egiten du egunen batean, Eskorgako Euskaldunak plaka edo monumentu bat izatea jaio zen lekuan, Iruñeko Arrotxapea auzoan.