Chacabuco, Argentina. Argentinan 'zubi' luzexka daukate datorren asteburu hau —lau egunekoa, asteartean Banderaren Eguna izanik, askok astelehena ere jai hartuko baitute— eta datorren astelehean, hain zuzen, ekainaren 19an, Chacabucoko Guillermo Larregui Euskal Etxeak bere 34. urteurrena ospatzeko afari eta ekitaldia gauzatuko du bere egoitza zabalean. Euskal Etxeko kide eta lagunak 21:30etan elkartuko dira dantzariek girotuko duten afaria partekatzeko eta urte berriagatik topa egiteko aukera izango dute.
Afariaren menuak pintxoak eta tripakiak bizkaitar erara bilduko ditu, plater alternatibo gisa kaneloiak, postre izoztua eta edariak ere barne. Dantza alorrean, Veronica Guarnalousseren eskutik, duela egun gutxi hiriburuko Maiatzeko Etorbidean, 'Buenos Airesek Euskal Herria Ospagai' (BAEHO) 2023ko agertoki nagusiko ikuskizuna inauguratu zuen bertako Alaia taldearen erakustaldia taularatuko dute. Dantzari txikiak ere aurkeztuko dira, eta ohiko euskal souvenir zozketak egingo dira.
Irailean bidaia Euskal Herrira
Baina pozik egoteko beste arrazoi bat bederen badute Guillermo Larreguko lagunek, aurtengo irailaren 28tik urriaren 14ra Euskal Herria bisitatuko baitu bazkide talde batek eta osatu baitute dagoeneko joango direnen zerrenda. Urte hauetan Euskal Etxeak Euskal Herrira antolatutako seigarren bidaia honetan 21 kidek hartuko dute parte, tartean Zuzendaritza Batzordeko lauk, esan nahi baita Juan Cruz Zubeldia lehendakariak, Pablo Pavesa diruzainak, Cristina Jaca idazkariak eta Heber Rodríguez batzordekideak.
Zorionak Chacabucoko lagunok!