euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

33 urteren ondoren, Euskal Aste Nazionala Tandilgo Gure Etxera itzuliko da, prestakizunak aurrera abiada onean

2025/02/17

Gure Etxeak 2025ko Euskal Aste Nazionalera gonbidatzeko egindako irudi berri bat. Elkartearen 75. urteurreneko agurra
Gure Etxeak 2025ko Euskal Aste Nazionalera gonbidatzeko egindako irudi berri bat. Elkartearen 75. urteurreneko agurra

PUBLIZITATEA

Tandil, Argentina. Otsailean, Argentina eta Hego Konoko euskal etxe gehienetan gertatzen den bezalaxe, Tandilgoa bere ohiko jarduerak antolatzen hasia da. Laster, dantzari taldeek, danborradako kideek eta abesbatzak entseguei ekingo diete, frontoiaren soinua berriro entzungo da, euskara eskolak hasiko dira eta Gure Etxearen bizitza eguneroko erritmoari helduko zaio. Hala ere, aurtengoa desberdina izango da. Iazko azaroan, 75. urtemugaren ospakizunei amaiera bikaina emateko, eta Bahía Blancan Argentinako euskal komunitatearen topaketa handiena amaitu eta ordu gutxira, Gure Etxeak iragarri zuen 2025eko Euskal Aste Nazionalaren anfitrioi izango dela.

Tandilgo Euskal Etxeak 1992an antolatu zuen azkenekoz Euskal Aste Nazionala. Ordutik 33 urte luze igaro dira, eta jakin badakite halako ekitaldi bat antolatzea ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula. "Erronka handia da guretzat. Ez daukagu beste euskal etxeek izan dezaketen entrenamendua, maizago antolatzen dutelako, baina gogo handia daukagu. Gure onena emango dugu mundu guztia pozik egon dadin, eta prestakizunetan aurrera ari gara", adierazi dio Gure Etxeko lehendakari Graciela Confalonieri-k EuskalKultura.eus-i. Horren erakusle topaketak laster jasoko duen udal intereseko deklarazioa. Izan ere, iaztik udal agintariekin bilerak egiten ari dira, eta dagoeneko babes osoa adierazi diote entitateari.

Dantzariak Iparraldetik eta gipuzkoar herri kirolariak

Megaekitaldia 2025eko urriaren 27tik azaroaren 2ra arte luzatuko bada ere, inaugurazioa igandean, urriaren 26an egingo da. Ohi denez, astearen lehen egunetan kultur eta kirol jarduerak egingo dira —pilota erakustaldia, mus txapelketa, arte erakustaldia eta literatur jarduerak, besteak beste— eta, asteburu aldera, bilera instituzionalak, kontzertuak, erromeriak, gaualdi artistikoa eta, igandean, agur bazkaria. Sorpresak espero dira, eta baita Euskal Herriko bisitarien partaidetza ere, besteak beste, Iparraldeko dantza konpainia batena eta baliteke baita herri kirol talde gipuzkoar batena ere.



Komentarioak

  • Euskal Aste Nazionala Tandilen

    Direla 33 urte hor izan nintzen. Tandilen ospatu zen Euskal Astean. Izugarri pasatu nuen.

    Sonia (Durango), 2025/02/18 23:28

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia