Tokio, Japonia. Martxoaren 1ean, larunbata, egingo da Tokyoko Euskal Etxearen Txokoan hiriburu japoniarreko euskal elkarteak antolatutako I. Tortilla Txapelketa. Lokalaren edukierak, izen-emateak 32 lagunetan zeudela ixtera behartu du. Ez zuten pensatzen hainbeste apuntatuko zirenik. Euren artean hamazortzik eman dute izena lehiaketan parte hartzeko eta gainerakoak, ‘ikusle’ izango dira, baina tortillak dastatzeko aukerarekin. EEko lehendakari Gari Ortigosak EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, “Txapelketako epaileak bertaratutako lagunak berak izango dira. Papertxo bat emango diegu eta tortilla onena zein den idazteko eskatu, eta horrela aukeratuko ditugu hiru irabazleak. Saria txakolin botila bana izango da”, jakinarazi du EuskalKultura.eus-ekin solaskide.
Tortilla Txapelketa erakundearen aurtengo lehen ekitaldi handia da eta "espero genuena baino askoz ere erantzun arrakastatsuagoa izan du". Ondorioz "Txokoaren tamaina gogoan, eten egin bear izan dugu izenematea". “Esan dezagun, bestalde, Txapelketako leihakideetako batzuk Euskal Etxeko kideak direla dagoeneko; beste batzuk, ordea, oraindik ez, eta pozik gaude hori baitzen aktibitatearen helburuetako bat, orain arte kidetu ez den jendea erakartzea, bazkide kopurua gutxinaka handitu dadin”, adierazi digu Japonian 10 urte daramatzan plentziarrak.
2025eko egitaraua
Lehiaketak izan duen arrakasta ikusita, errepikatzeko asmoa izango lukete Japoniako Euskal Etxeko lagunek, "baina hurrengoan Tortilla Txapelketa izan ordez, Pintxo Txapelketa izanik, adibidez". Elkartekideak hizkuntzarekin lotura duten zenbait ekintza ere ari dira prestatzen, Euskararen Eguna ospatzeaz gain, abenduan. Euskara ardatz izango duten ekintza hauen artean, bat egin nahi dute Euskaraldiarekin, zerbait berezia gauzatuz.
“Japoniarrentzako euskara, eta euskal kulturari buruzko klaseak ere eman nahi ditugu. Momentuz ez dugu egoitza propiorik –Euskal Etxearen Txokoa, berez, leku pribatua da, bazkide batena eta ezin dugu erabili edozein momentutan– eta horrek ez da lagungarri; baina ahaleginetan ari gara. Euskal Herriari buruzko hitzaldiak, esaterako, hemengo kultur zentroetan emateko ideia daukagu. Ea lokalarena ateratzen den. Urtearen bigarren seihilekoan nahi genuke hasi programa gauzatzen”, bukatzen du Euskal Etxeko lehendakariak.