Donostia-San Sebastián. Euskal Herria, Islandia, AEB eta Ingalaterrako nazioarteko adituak bilduko dira igande honetatik aurrera Reykjaviken, euskaldun eta islandesen arteko kultur eta merkataritza hartu-eman aberatsak aztertzeko.
Aberatsa izan da trukea azken 400 urteetan, nahiz eta hasi, era kaxkarrean hasi zen. 1615eko irailean ekaitz batek euskal baleazaleen zenbait ontzi hondoratu zituen Islandiako kostaldean eta bizirik atera ziren marinelak, gipuzkoarrak gehienak, Holvamik herrian gelditu behar izan zuten hainbat hilabetez. Denborarekin liskarrak hasi ziren euren eta bertako agintarien artean, eta azkenean, herriko "sheriffak" euskaldunak akatzeko agindu zuen. Herritarrak, nonbait, ez ziren horrekin ados egon eta, urte horretan bertan, Jón Gudmunsson izeneko batek gertatutakoaren kronika idatzi zuen, gizon errugabeak hil zituztela salatuz.
Elkartruke aberatsa
Halarik ere, hurrengo mendeetan bi herrialdeen arteko harremana oso aberatsa izan zen: euskaldun asko izan zen Islandian, eta merkataritza zein kultur arloan elkartrukea oso aberatsa izan zen. Horrela erakusten dute Islandian eginiko indusketek, ikerketa historikoek eta harrezkero aurkitu diren lau euskara-islandiera pidgin hiztegiek (pigdin euskara eta islandesa nahastuz sorturiko hizkuntza da).
Nazioarteko mintegiak gertakari hori eta ondorengo elkartrukea aztertuko ditu, eta euskaldun eta isladiarren arteko adiskidetze ekitaldi sinboliko bat ere egingo du. Hasiera ekitaldia kontzertu bat izango da, igande honetan bertan, Oreka TX eta islandiako hainbat musikarirekin. MIntegiaren saioak astelehen eta asteartean egingo dira, Reykjavikeko Liburutegi Nazionalean.
Adiskidetzea Hólmavik-en
Ondoren, asteazkenean, mintegiko partaideak Hólmavik herrira joango dira, baleazaleen hilketa gertatu zen lekura. Han adiskidatze sinbolikoa egingo dute euskaldun haien ondorengo batek eta hilketan parte hartu zuten islandiarren ondorengo batek. Euskaldun haien ordezkari izango dira ere Martin Garitano, Gipuzkoako Aldun Nagusia, eta Ikerne Badiola, Gipuzkoako Kultura diputatua; islandesen ordezkari nagusia, aldiz, Islandiako Kultura Ministroa, Illugi Gunnarson, izango da.
Mintegiaren antolatzaileak honakoak dira: Etxepare Euskal Institutua, Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies (AEB), Santa Barbara-California Unibertsitateko Barandiaran Chair for Basque Studies Katedra (AEB), eta Islandia Euskal Herria Laguntasun Elkartea.
MIntegian parte hartuko duten adituen artean honakoak dira: Bill Douglas eta Xabier Irujo (Renoko Unibertsitatea), Einar G. Pétursson, Torfi Tulinius eta Helgi Þorláksson (Islandiako Unibertsitatea), Álvaro Aragon eta Mari Jose Olaziregi (Euskal Herriko Unibertsitatea-Etxepare Institutua), Viola Miglio (Kaliforniako Unibertsitatea) eta Michael M. Barkham (Cambrigdeko Unibertsitatea).