Buenos Aires, Argentina. HABE, Euskadiren Argentina-Mercosur-erako Ordezkaritza eta FEVA babesle, Argentinan Euskaraz programaren 25. urteurrena ospatzeko ekintzak urte hasieran abiatu ziren. Aktibitate sorta nagusiari, ordea, azaroaren 16an ekin zitzaion ‘Euskara Argentinan. Euskararen pausoen atzetik’ erakusketaren inaugurazioarekin, eta abenduaren 3ra arte luzatuko dira, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta egingo den hizkuntzei buruzko mahai-inguruarekin.
Programa oparo honen baitan, garrantzi handiko hiru ekintza egin dira asteburuan, hiruretan Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak, eta FEVAko eta FIVUko mandatariak lagun.
Hitzaldiak eta liburu aurkezpena
Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak “Euskarak azken 30 urteotan izan duen bilakaera soziala: kasu paradigmatikoa” izenburuko hitzaldia eskaini zuen joan den ostegunean, azaroaren 26an, La Platan, eta biharamunean Buenos Airesen, horretarako propio etorrita .
Buenos Airesen izandako hitzaldia, Euskal Echea eskolako berritu berria den zeremonia aretoan izan zen eta lagun ugari bildu zituen, tartean Sara Pagola Euskadiren Argentina-Mercosur-erako ordezkaria; Kinku Zinkunegi HABEko teknikaria; Joseba Lozano, jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria; Hugo Andiazabal eta Arantza Anitua, FEVAko lehendakaria eta lehendakariordea; eta Enrique Poittevin FIVUko lehendakaria.
Hitzaldia bukatuta,‘Euskara Argentinan; nortasuna eta sentimendua’ liburua aurkeztu zuen bere egilea den Magdalena Mignaburuk. Gogora dezagun liburua bi zatitan dagoela antolatuta: euskararen egoera Argentinan, irakasleak trebatzeko Argentinan Euskaraz programa hasi baino lehen eta programa martxan jarri zenetik gaur egun arte. Argitalpena euskaraz eta gaztelaniaz egina da eta argazkiak ere biltzen ditu.
Jaialdia
Azaroaren 28an, bestetik, festa kalean izan zen, Buenos Airesko Euskaltzaleak-en egoitzaren aurrean hain zuzen. Eguraldia lagun, 300 bat lagun bildu ziren urtebetetze jaian parte hartzeko. Ospakizuna eguerdiko ordu 1ak aldera hasi zen txupinazoarekin eta aukera paregabea izan zen garai guztietako eta euskal etxe askotako ikasle eta irakasleak berriro elkartzeko. Izan ere, Buenos Aires hiriko mugak ondo baino hobeto gainditu zituen deialdiak eta Arrecifes, Bahia Blanca, Chascomus, Gral. Rodriguez, Jose C. Paz, La Plata, Laprida, Mar del Plata, Necochea, Rio Cuarto, Rosario, San Miguel, San Nicolas, Tandil, Villa Maria eta Pergamino hirietako euskararen lagunak bertaratu ziren hiriburura ospatzera.
Eguerdian gonbidatu bereziei –euskara ikasle eta irakasleei– San Nicolaseko Euskal Etxea-ko sukaldariek prestatutako paella hartzera gonbidatu zitzaien eta Festari amaiera emateko, urtebetetzeko pastela partekatu zuten bildutako guztiek. Arratsaldean zehar, musika, dantzak, abestiak, jolasak eta giro ederra gailendu ziren Bernado de Irigoyen kalean. Sariak ere egon ziren, 'Eusketxak' izeneko bideo lehiaketako irabazleentzat. Lehenengo saria, Tandilgo Gure Etxearentzat izan zen (bideoa, hemen); lehenengo aipamena, Euskaltzaleak-entzat (bideoa hemen) eta bigarren aipamena, Chascomuseko Zingirako Euskaldunak-entzat (bideoa hemen).