30. urteurrena beteko du bihar Salt Lake-n hasiko den 'Living Traditions' jaiak, euskaldunak partaide eta bidelagun
2015/05/14
Utah Basque Clubeko hiru belaunaldi: Pilar Sangroniz Shortsleeve, Antonia Sangroniz, Mary Gaztambide, Marc Gaztambide eta Cirbie Sangroniz Lee
PUBLIZITATEA
AEBetako Utah estatuko hiriburu den Salt Lake Cityn asteburu berezia biziko dute datorren hau, hiriko egutegian urtero hitzordu garantzitsu den Living Traditions jaialdi edo azoka jendetsu eta biziak 30 urte beteko baititu, eta bete eta ospatu ere antolatzaileek bertan hasietatik partaide eta bidelagun izan dituzten euskaldunak eta Utah Basque Club euskal etxea nabarmenduz bete eta ospatuko baitute urteurrena. Ikus bideoa.
Salt Lake City, AEB. Urtero, hiriko egutegian eta baita bertan egoitza duen Utah Basque Club-en egutegian ere gorriz markatutako datak dira Living Traditions azoka edo jaiarenak. Asteburu honetan --maiatzaren 15, 16 eta 17ko edizioan-- 30 urte kandelak itzaliko dituen ekimenak hasieratik izan ditu euskaldunak partaide, euren Utah-ko Triskalariak dantza taldearekin eta elkartea osatzen duten euskal familiak eta belaunaldiak lagun eta laguntzaile, dantzari, musikari eta janari prestatzaile (ez edari alkoholdun zerbitzari hau Utah baita, Mormoien eragina kari alkoholarekin harreman berezi eta murriztailea duen estatua)..
Urtebetetzea dela eta antolatzaileek berek bideo bat grabatu eta elkarrizketa grabatu dute Utah Basque Club-eko bost kiderekin, hiru belaunaldi euskal-utahtar. Polita eta esanguratsua iruditu zaigu. Bertan agertzen diren euskal etxeko kide guztiak Estatu Batuetan jaiotakoak dira: erdian, Mary Gaztambide, 80 urtekoa, Utah Basque Club sortu zuen belaunaldikoa, euskal etxeko lehendakari izana urte askotan eta oraintsu arte, eta NABOko lehendakari ohia eta egungo lehendakariordea. Bere ondoan, Pilar Sangroniz Shortsleeve (txistularia) eta Marc Gaztambide (dantzari eta euskal sukaldaria), egun 50 urtetik 60ra dauzkan belaunaldiko ordezkariak; eta Antonia Sangroniz Lee eta Cirbie Sangroniz Lee gazteak, egun 20tik 30 urte artean dauzkan belaunaldiko kideak.
Oroitzapen berezia Mary Gaztambiderentzat
Hona euren bideoa. Aukera baliatzen dugu zorionak emateko urtebetetzeagatik eta besarkada bero-bero bat bidaltzeko guztiei baina bereziki bideoa grabatu zenean irudietan agertzen den bezain ongi zegoen Mary Gaztambideri, eta egun osasun egoera larri kolpatua ikusi duen lagun euskal-amerikar aktibo eta baliosari, eta berarekin Utah-ko euskal familiari, zeozer badira Utah Basque Club-eko partaideak hori baitira: familia handi bat. Besarkada beroa!