euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

30 urteko ohiturari jarraiki, Madrileko Euskal Etxeak San Juan Gaua suaren gaineko salto eta guzti ospatu zuen

2007/07/04

Euskal Etxeko kide gazte bat suaren gainetik jauzi egiteko prest (argazkia Pablo Beltrán de Heredia)
Euskal Etxeko kide gazte bat suaren gainetik jauzi egiteko prest (argazkia Pablo Beltrán de Heredia)

PUBLIZITATEA

Madrileko Euskal Etxea kurtso bukaera zalapartatsu eta alaia bizitzen ari da, San Juan gauaren ospakizuna eta euskara taldeek antolatu dituzten antzerkia direla medio. Joan den ekainaren 24an ospatu zuen euskal etxe madrildarrak San Juan Gaua, urtero legez afaria eginez Madrileko Casa de Campo-n. Hitzordu garrantzitsua da hau Madrileko euskaldunentzat, azken 30 urteetan bederen. Ospakizunean musika, dantza eta ezinbesteko San Juan suaz gozatu ahal izan zuten bertaratu zirenek eta gauerdi aldera ausartu zirenek suaren gainetik salto egiteko aukera izan zuten, sasoi berrirako gurariak eskatuz, Rosa Ramírez kazetari eta bazkideak azaltzen duenez.
Euskal Etxeko bazkide eta lagun talde mardula bildu zen joan den ekainaren 24an Madrileko Casa de Campo-n, elkarteko San Juan afaria egiteko. Afari hau azken 30 urtetan bete den ohitura da, bertako lehendakariorde Pablo Beltrán de Herediak adierazi duenez. 'Hasieran Casa de Campo-ko Gipuzkoa Pabilioian egiten zen, Euskal Etxeari utzi ziotelako aretoa. Ondoren 'Currito' santurtziarraren jatetxean egiten hasi ginen eta azken hamarkadan Carlos Nuereren Gipuzkoa Jatetxean egiten dugu', azaldu du.

[Goiko irudietan San Juan Gaueko zenbait une. Ezker eskubi eta goitik behera: haurrak suaren inguruan; nagusi talde bat suaren gaineko saltuak 'entsaiatzen'; musika taldea jardunean; eta bertan bildu zirenen bazkide eta lagunak (argazkiak Pablo Beltrán de Heredia)]

Afariak elkarteko kide eta lagun dexente bildu zituen eta euskal jakiez osaturiko afaria dastatu ahal izan zuten denek. Menuaren protagonista marmitako aparta izan zen. Ospakizunean musikarik eta dantzarik ez zen falta izan, Mikel Castrillo txistularia, Jose Ramón Arrigain panderojolea eta Aitor Koteronek zuzentzen duen dantza taldearen eskutik.

Euskara ikasleen 'Txanogorritxu'

Bukatu berria den ekainean Euskal Etxean egindako beste ekitaldi bat 'Txanogorritxu' antzerkilana izan da. Euskal Etxeko hirugaren mailako euskara ikasleek egin zuten eta elkarteko txikiak izan ziren ikusle. Antzezpena giro ezinhobean garatu zen, Ane Bastida irakaslearen gidaritzapean. 'Haurrak asko dibertitu ziren ipuin klasiko honekin, eta batzuk beldurtu ere!, batez ere otsoak amona jan zuen unean', azaltzen du Rosa Ramírezek. Zuzendaritza Batzordeko Euskara arduradunak eskerrak eman zizkien ikasle eta irakasleari eta 'Euskal Etxean euskararen inguruko ekitaldiak gero eta sarriago ikusteko' guraria egin zuen. [Ezkerrreko irudian bi euskara ikasle 'Txanogorritxu' antzesten (argazkiak Joaquín Ortiz)]

Eta txikiek, 'Kilo-Marraskilo'

Nagusien ereduari jarraituz, txikiak ere taulagainera igo ziren, Euskaltegi-Txikiaren kurtso bukaera ekitaldian. Eurek aurkeztu zuten antzezlanak 'Kilo-Marraskilo' dauka izenburu eta Lur Kabiketa eta Zuriñe Fernándezek moldatua da. Haurrek beraiek egindako mozorro eta jantzi koloretsuak erabili zituzten. Antzezlana 'giro jator eta euskaldunean' egin zuten, Rosa Ramírezek aipatzen duenez. Ekitaldi honekin kurtsoari bukaera eman zioten, hurrengo urtean 'are gogo eta ilusio handiagoarekin hasteko prest'.

[Goiko irudian 'Kilo-Marraskilo' antzezlaneko irudi bat, Lur Kabiketa irakaslea taulagainean haurrei laguntzen (argazkia Joaquín Ortíz)]


Lotura interesgarriak

Madrileko Euskal Etxea
www.euskaletxea-madrid.com

Lauaxetari omenaldia Madrileko Euskal Etxean
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko ekainaren 23an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia