euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

30 bat txirrindulari bildu zituen San Frantziskon EEak antolatutako 'Txirrindulari Bike Club Ride'k

2014/06/11

San Frantziskoko txirrindulari taldeko kideak, ahalegina egin eta gero nekatuta baina pozik (argazkia SFBCC)
San Frantziskoko txirrindulari taldeko kideak, ahalegina egin eta gero nekatuta baina pozik (argazkia SFBCC)

PUBLIZITATEA

'Txirrindulari Bike Club Ride'ren azken edizioa larunbatean egin zuten San Frantziskon. Bertako Euskal Etxeko Txirrindulari Klubak antolatuta, 27 lagunek, adin guztietako emakume eta gizonek, pedalei eragin zieten Jack Londonen hiriko errepideetan gora. “Giroa ederra” izan zela azpimarratu du partaide izan zen Philippe Acheritogarayk, EuskalKultura.com-ekin hizketan. “Ederki ibili dira guztiak eta lagun talde berri batzuk sortu dira ere”, gehitu du Leon Sorhondo, ibilbideak prestatzen aritutako kideak.

San Frantzisko, Estatu Batuak. Bi ibilbide zituzten aukeran pirripitalariek: Bide Luzea, 44 miliako luzera zuena (71 kilometro inguru) eta Bide Txikia, 30 miliakoa (48 km). Hiru ordu t'erdi inguru behar izan zituzten aurreneko bidea aukeratu zuten hamaika ausartek. G

ainontzeko hamaseiek, hiru ordu baino zertxobait gutxiagoan amaitu zuten beraien etapa. Edozelan ere, talde biek izan zuten hainbat kotxeren laguntza “gurpilak aldatu edota jatekoa eta edatekoa eskainiz”, Leonen hitzetan. “Norabideekin ere lagundu ziguten, bai eta animatuz, indartsuago aritu gintezen”.

San Francisco BCC Bike Ride 2014

[Gogotsu aritu ziren San Frantzisko euskal txirrindulariak! (argazkia SFBCC)]

Paisaia ederrak eta trafiko gutxi

Goiztiarrenak egunsentiko 7:30erako bazeuden Chalet Basque jatetxean, San Rafael inguruan. Bertan egingo zuten ere karrera-ondoko bazkaria. Ordubete beranduago, 8:30ean, hogeita zazpiak zeuden errepidean. “Hotz pixka bat egiten zuen hasieran, baina hori gauza ona da bizikletan aritzeko, gainera trafiko gutxi zegoen”, azaltzen du Leonek. “Ederrak ziren paisaiak; Lucas Valley Road, Nicassio eta Sir Francis Drake aldean ibili ginen, San Rafael iparraldean”.

Partaideak Roger Minhondoren Chalet Basquera bildu ziren esfortzu fisikoaren ostean, otordu on batez gozatzeko. Minhondok lekua eskaini zien, baina parte hartzaile bakoitzak zerbait ekarri zuen bere etxetik, edatekoa edo jatekoa zela.

San Francisco BCC Bike Ride 2014 2

[Txangoa amaitu eta gero Chalet Basque jatetxera bildu ziren txirrindulariak bazkaltzera (argazkia SFBCC)]

'Xabi Saria' Jack Uhalderi

Lagun giroan beti ere, 'Xabi Saria' eman zioten Jack Uhalderi. Acheritogaray-ren berbetan, sari hau “dibertigarria den zerbait egiten duenari ematen diogu”. Kasu honetan, Uhaldek karrerako beste bi kideren kontra jo zuen, gerora, lurrera jausteko. Istripua ez zen batere larria izan eta gogo onez jaso zuen golardoa Uhaldek. 

Azpimarratzekoa da Xabier Berruetari esker sortu zutela sari hau; izatez, lasterketaren bigarren edizioan biziketa apurtu zitzaion baztandar jatorriko Berrueta kaliforniarrari eta, etxerako bidean, kotxean bizikleta ondo ez lotzearren San Frantzizkoko Badiatik behera jausi zitzaion, Acheritogaray-k gogoratu duen legez.

Hurrengo irteera urrian

Urrirako dabiltza prestatzen aurtengo bigarren ibilbidea, sei hileroko kontua baita 2009an sortutako ekimen hau. Hurrengo horretan, baina, San Frantzisko hegoaldetik ibiliko dira, Woodside inguruan, 280 autobidetik hurbil.

“Kirol arrakastatsua da txirrindularitza Kalifornia iparraldean,” bukatzen du Philippek. “Horrez gain, interesgarria da, bestalde, ekintza honekin euskal kontuetan hain murgilduta ez dagoen jendea ere Klubera erakartzen baitugu”.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia